San Nikolas Ikastola

Getxo euskararen, iraunkortasunaren eta familien parte hartzearen aldeko 'Txonbo'-a prestatzen

Ibilaldiaren 46. aldia hartzeko prestatzen ari da Getxo. Euskararen aldeko jaia 'Txonbo' lelopean ospatuko da maiatzaren 26an. Algortako San Nikolas Ikastola da antolatzailea.

Ibilaldia
Aurtengo Ibilaldiaren aurkezpena. SAN NIKOLAS IKASTOLA
2024ko maiatzaren 15a
05:25
Entzun

Ibilaldia Bizkaiko ikastolen jaia maiatzaren 26an izango da Getxon. Antolakuntzak, Algortako San Nikolas Ikastolaren eskutik, musikaz, kulturaz, aldarrikapenez, iraunkortasunez eta familien partaidetzaz beteriko eguna izango dela agintzen duen jai egitaraua lantzen hasi da.

2024ko Ibilaldirako aukeratutako Txonbo leloak euskararen indarra eta bizitasuna sinbolizatu nahi ditu, etengabe berritzen ari den eta bizitzaren arlo guztietan presente dagoen hizkuntza. Jaiak euskara maite duten pertsona guztientzako topagunea izan nahi du, hau da, euskara komunitatean ospatu eta gozatzeko gunea, ingurumenaren zaintzaren eta familien parte hartze aktiboaren garrantzia ahaztu gabe.

San Nikolas Ikastolak antolatutako Ibilaldia

Algortako San Nikolas ikastola da Getxoko ikastola bakarra eta 2024ko Ibilaldia antolatzeko arduraduna. Ikastola 1963an sortu zen, eta familiek hezkuntza proiektuan duten parte hartze aktiboaren adibide bat da. Familia kooperatibistak izan dira ikastolaren bultzatzaileak, ikastolaren ibilbide osoan, eta funtzionamenduan funtsezko zutabe dira gaur egun oraindik ere.

San Nikolas Ikastolaren historiari buruz hitz egiteko, 1960ko hamarkadara egin behar da jauzi. Getxon bertan ere, 1963. urtean, Bilboko lehenengo ikastola klandestinoaren ideia harturik, bederatzi familiak ekimen hori ausardiaz berea egin zuten, eta San Nikolas Irakaskuntza Zentroa eratu zuten ikastola izena bera ezkutatu beharragatik, ikasgela zein andereño bakarrarekin —Begoña Abaitua— eta hamabi ikasle zituelarik.

Hurrengo urteetan, ikasle kopuruak gora egin zuen, eta, 1968. urterako, San Nikolas Ikastolan zortzi ikasgela zeuden eta berrehun ikasle aritzen ziren. Bide horretan, ezinbesteko izan dituzte proiektuan inplikatutako guraso eta irakasleak; batez ere, urte horietako egoera sozioekonomikoa kontuan izanik. Ikasleek euskaraz ikasi arren, gaztelaniaz egin behar izaten zituzten azterketak Getxoko Udal Eskolan.

1970-1971ko ikasturtean, ikastolak 338 ikasle zituela, San Nikolas Irakaskuntza Zentro Kooperatiba eratu eta ofizialki erregistratu zen. Kooperatiba horrek finkatu zuen lehen helburua une horretan ikastolak zituen kokapen fisiko desberdinen arazoa konpontzen saiatzea izan zen: ume, irakasle eta familiak sakabanatuta zeudelako, proiektua bakarra izan arren. Arazo hori konpontzeko, lur orube batzuk erosi ziren Algortako Hezetasuna auzoan.

1973an, ikastola sortu eta hamar urte geroago, 500 ikasle aritzen ziren, eta hasieran amestutako erakundea etorkizuneko errealitate bihurtu zen.

Ikastola, beste herrietan gertatu ohi den bezala, ez da izan irakaskuntza ikastetxe soil bat udalerrian, beti izan da inguruko euskararen aldeko lanaren erreferente nagusia (gau-eskola, AEKren hasiera, bertso eskola, Olentzero eta Santa Agedaren hasierak, abesbatza euskaldunak…).

1993. urtean San Nikolas Ikastolak Euskal Herriko Ikastolen Elkartean mantentzea erabaki zuen.

San Nikolas ikastola
San Nikolas ikastola

Gaur egun, hiru lerro ditu ikastolak 1-16 urte bitartean, eta Getxon Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hiru etapa osorik euskaraz D ereduan eskaintzen duen ikastetxe bakarra da.

Bi eraikinek osatzen dute gaur egungo San Nikolas Ikastolaren azpiegitura. Ikastolak duen espazio beharra ikusita eta berrikuntza pedagogiko eta eraberritze arkitektoniko integralaren proiektuan oinarrituz, Haur Hezkuntzarako eraikin berria altxatzea aurreikusita dago hurrengo urteetan.

2023-2024ko ikasturtean 1.100 ikasletik gora, 700 familia aktibo eta 140 langile inguruk osatzen dute San Nikolas Ikastola kooperatiba elkartea. Udalerrian kooperatiba gisa eratutako ikastola bakarra da gaur egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.