Eusko Jaurlaritza

Goi mailako elikagaiak

Eusko Label bereizgarria duten produktu guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzi, eraldatu edota prestatuta daude, eta kalitate bermea dute.

Eusko Label
Eusko Label sor-markako produktuak. EUSKO LABEL
2025eko urriaren 15a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Label marka kalitatearen bermea da. Haren adierazpide grafikoa K ikurra da, eta, horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ekoitzi, eraldatu edota prestatutako nekazaritzako elikagaiak identifikatu eta bereizi egiten dira, horien kalitatea, maila edo berezitasuna batezbestekoa baino handiagoa bada, betiere. Horrela, Eusko Labela duten produktu guztiek, freskoek nahiz prestatuek, kalitatearen irizpidea dute merkatuan egoteko oinarrizko eta ezinbesteko arrazoi.

Eusko Label sor-markaren helburu nagusiak hauek dira: kontsumitzaileari kalitate handia bermatzea, produktuen jatorria eta egiazkotasuna segurtasun osoz ezagutzeko aukera ematea, ekoizleen lana defendatzea eta kalitatezko ekoizpena sustatzea.

Eusko Labela duten produktu guztiek arautegi tekniko bat bete behar dute, eta kontrolak izaten dituzte horiek behar bezala betetzen direla ziurtatzeko. Hazi fundazioa da ziurtagiriak ematen dituen eragilea.

Eusko Label produktuak

Huek dira Eusko Label sor-markaren babespean merkatuan aurki daitezkeen produktuak:

Euskal barazkiak. Freskoak eta zaporetsuak. Eusko Labela duten letxugak beti fresko iristen dira saltokietara, ekoizten eta kontsumitzen diren tokien arteko gertutasunari esker. Nekazariek ingurumena errespetatuz ekoizten dituzte. Barazkien barnean, eta sasoia denean, Eusko Label zerba bikainak ere aurki daitezke.

Euskal tomatea. Euskal landa-ingurunean ekoitzia, betiko tomatearen usaina, kolorea eta zaporea ditu.

Gernikako piperra. Gozo-gozoak, finak. Luzera txikikoa, txorten estua eta luzea eta kolore berdea izateagatik ezagutzen da.

Ibarrako piparrak. Azal fin eta mami samurrekoak. Kolore hori-berdexka eta zapore leuna dira hain berezi egiten dituzten ezaugarriak.

Arabako patata. Ingurumena guztiz errespetatuz erein, hazi eta bildu ondoren, patatarik onenak hautatzen dira.

Euskal lekaleak. Eusko Labela duten babarrunak eta txitxirioak ekoizteko, ingurumena errespetatzen duten laborantza teknikak erabiltzen dira. Euskal lekaleen artean hauek dira ezagunenak: Tolosako babarruna, Arabako babarrun nabarra, Arabako babarrun arrozina eta Arabako txitxirioak.

Euskal Gatza. Lurruntze prozesu bati esker erauzten den gatz honek purutasun eta kalitate handia du.

Arabako aleak. Euskal Ogia zigilua duen ogiaren lehengaiak dira. EAEko okin profesionalek egindako ogia da, eraldaketa pauso naturalak errespetatuz eta hartzidura-denbora luzearekin.

Oliba-olio birjina estra. EAEn ekoiztu, landu eta ontziratzen da. Haren jatorria Arroniz barietateko olibak dira. Horiek heltze-punturik onenean biltzen dira, olioak berezko ezaugarriak eta ezaugarri sentsorialak manten ditzan.

Eztia. Ezti gordinak dira, pasteurizazio prozedurarik gabekoak. Ondorioz, beren ezaugarri biologiko eta nutritibo guzti-guztiak mantentzen dituzte.

Hegaluzea eta hegalaburra. Kalitate goreneko arrainak. Banan-banan harrapatuta daude, sarerik gabe, arrantza-tresna tradizionalekin.

Berdela. Scomber scombrus espeziekoa da, arrantza-tresna tradizionalekin harrapatua.

Antxoa. Freskoa eta kalitate handienekoa. Metodo tradizionalen bidez arrantzatua.

Euskal Okela eta Baserriko Haragia. Samurra, osasuntsua, zaporetsua eta naturala.

Euskal esne bildotsa. Garaiko jaki paregabea. EAEko latxa, karrantza eta haien arteko nahasketen arrazakoa da.

Baserriko txerria. Eusko Labela duen baserriko txerriaren okela osasun berme handiko produktua da, EAEn hazi, hil eta zatikatutako abereetatik datorrena. Hazkuntza aire zabalean eta kontrol zorrotzarekin egiten da.

Euskal baserriko oilaskoa. Jatorriz lumaje gorria eta hanka horiak dituzte. Belardian libre hazita, elikadura naturala dute, zerealetan oinarritua.

Euskal baserriko arrautza. Baserritarrek ongizate handieneko baldintzetan, garapen orekatuan eta aire zabaleko hazkuntza-sistemarekin hazitako oiloek jarritakoak dira.

Eusko Label esneaz egindako gaztak. Fraisoro, Otzara, Saroi, Latxa Urdina, Txuria eta Auntzai izeneko gaztak Eusko Label egiaztagiria duen behi, ardi eta ahuntz esneaz eginak dira, eta baserrietako antzinako gaztagintza berreskuratu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.