Harrobia ikastola

Harrobia ikastolak euskarazko talentua esportatzen du

Talentuaren eta euskararen artean egon daitekeen ustezko desorekaren aurrean, Bilboko Harrobia ikastolak argi erakusten du ezagutzaren transferentziaren bitartez talentua kudeatu daitekeela.

Harrobia ikastola
Hiru ikasle, Harrobia ikastolan. ANDER MENDIA
2025eko maiatzaren 4a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken asteetan ika-mika sortu du hedabideetan eta sare sozialetan talentua erakartzeko euskara traba bat delako adierazpenak; Kutxabankeko lehendakariaren hitzek hautsak harrotu dituzte euskaltzaleen artean. Argi dago herrialde bat garatuen artean egongo bada, talentu hori partekatu beharko duela, astrofisikan zein aeronautikan, hala gaixotasun infekziosoen ikerketa lanetan nola pertsona nagusien zaintza lanetan, talentua askotarikoa baita.

Urtero-urtero milaka ikasle talentudunak ibiltzen dira munduan zehar batera eta bestera gauza berriak ikasten, baina baita doazen toki haietan beren ezagupenak partekatzen ere. Ezagutzaren transferentzia esaten zaio horri.

Irati Maltara joan zen, pozaren pozez, euskaraz ikasitako Marketin eta Publizitateko zikloa amaitu berri, hango enpresa batean praktikak egitera. Agentziak dituen bezeroen publizitatea eta iragarkiak hasieratik sortzen eta argitaratzen ditu. Ioritzek Bilbo eta Lisboa arteko bidaiari ekin zion orain dela pare bat hilabete. Tirolina, kayak eta arbolazain begirale lanetan dihardu bertako enpresa batean.

Biek ikasi zuten Harrobia ikastolan, euskaraz, jakina; horiekin batera beste zortzi ikasle bidali ditu Harrobia ikastolak Europan zehar. Denetarik dago kirol sektorean, marketin arloan, 3D animazioen eta errealitate birtualean. Helmugak ere askotarikoak dira: Malta, Danimarka, Norvegia, Portugal, Italia edo Irlanda. Gehienetan ingelesez arituko dira, baina ikasprozesu osoa euskaraz egin dute, eta, gaur egun, gai dira ingurune eleaniztunetan jarduteko, baita euskaraz ere.

Ane Maltako eskola batean ari da aktibitate fisikoko eskolak ematen, ingelesez; oso eroso dago, nahiz eta, haren esanetan, bertako ingelesa oso itxia den. Irati, berriz, Irlanda hegoaldeko Cork hirian dago, hango estudio batean grabazioak eta postprodukzioa egiten eta eszenatoki birtualak sortzen 3D teknologiarekin. Danimarkan, adibidez, Harrobia ikastolako bi ikasle ari dira praktikak egiten errealitate birtualeko enpresa batean, eta erizaintza ikasten duten ikasleak trebatu behar dituzte simulagailu baten bitartez, gaixo psikiatrikoei arreta nola eman beharko litzaiekeen ikas dezaten.

Mikele Italiako Padua hirian egiten den maratoia antolatzen dabil. Ibai, Illan eta Aner Norvegiako Trondheim hiriko unibertsitatean daude praktikak egiten, bertako errealitate birtualeko laborategian. Unibertsitateak garatzen dituen proiektuetan alderdi artistikoaz arduratzen dira, bertako zentroan ez baitute 3D grafikoko ikasketarik; bidenabar, hemengo ikasleak programatzaile lanetan trebatzen dira, aurora borealaz disfrutatzeaz batera.

Ziklo guztiak euskaraz

Harrobia Bilbon dagoen Lanbide Heziketako ikastola bat da, ziklo guztiak euskaraz eskaintzen dituena; bertan Oinarrizko Lanbide Heziketa, erdi mailako zikloak eta goi mailako zikloak ematen dira honako arlo hauetan: Marketina eta Publizitatea, 3D animazioak, Bideojokoak eta Errealitate Birtuala, Kirola eta Informatika Sistemak. Orain arte Confebask Euskal Enpresaren Konfederakuntzarekin elkarlanean ziharduten, ikasleak kanpoko enpresetara praktikak egitera bidaltzeko.

Orain urrats bat gehiago egin dute, eta beren kasa ere bidaltzen dituzte ikasleak atzerrira prestakuntza duala egitera. Hala, 2024-2025eko ikasturtean hamar ikasle bidali dituzte kanpora, talentua esportatzeko eta ezagutza inportatzeko asmotan.

Langile kualifikatuak eta talentudunak askotarikoak izan daitezke, eta ezagutzaren transmisioa oinarri-oinarrizkoa da herrialdeen garapenerako; baina Erasmus esperientziarekin lortutako talentuak ez die bermatzen, alabaina, hemen lana aurkituko dutenik, eta aurkituta ere, bizimodu eroso bat izatea ez dute samurra izango, etxebizitzaren prezioa nola dagoen ikusita.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.