Gaur egun ere nekez topatuko dugu armairuan gordeta patatarik ez duen sukalde bat. Erabilera anitzekoa, osasuntsua eta unibertsala, tuberkulu honek mendeak daramatza belaunaldiz belaunaldi familia osoak elikatzen. Horregatik, oraindik ere toki garrantzitsu bat dauka gure eguneroko dietan. Araban, gainera, patata ez da elikagai huts bat, haren nortasunaren eta kulturaren parte ere bada, eta, batez ere, lurraldeko nekazaritzaren etorkizunaren aldeko apustua.
Eta Arabako patataz ari bagara, ezinbestekoa da Udapa aipatzea. Izan ere, Udapa kooperatiba Eusko Label zigilua duen Arabako patataren ekoizle eta ontziratzaile nagusia da. Hiru hamarkada baino gehiago daramatza nekazariekin batera lanean lehen sektorea sendotuz, eta datozen urteetan ere hazkunde erritmo biziari eustea espero du, nekazaritza elikagaien arloko hainbat jardueratan dibertsifikatzeari esker. Barietate eta formatu berrien bidez patataren kontsumoa sustatzen jarraitu ez ezik, eta patata egosia protagonista duten produktu berritzaileak merkaturatzeaz gain, orain hazitarako patataren ekoizpena ere bultzatu nahi du Araban. Eta, azken hilabete hauetan martxan jarri dituen neurriei esker, bere xedea betetzetik hurbilago dago.

Kanpaina honetan, eskarmentu handiko bazkide batzuek erretiroa hartu duten arren, kooperatibak laborantza propioko 350 hektarea mantentzea lortu du, ekoizle gazteekin batera lanean hasi baita. Udaparen eskutik, orotara, zazpi nekazari hasi dira patataren ekoizpenean: horietako bi bere familiako ustiategiaren buru jarri dira, eta lau 30 urtetik beherakoak dira.
Horiek horrela, kooperatiba arabarrak kanpaina honetarako zuen helburu nagusietako bat gauzatzea lortu du, eta handitu egin du hazitarako patata ekoizteko erabilitako eremua. Izan ere, urte batetik bestera, 50 hektarea baino gutxiago zirenak 60 baino gehiago dira orain; eta espero dute 2027rako 200 hektarea baino gehiago izatea ekoizpenerako.

Hazi ziurtatuaren alde egin duen apustua irmo mantentzeko, Udapak 10 milioi euroko inbertsioa egingo du datozen hilabeteetan punta-puntako instalazio berriak eraikitzeko. Instalazio horietan, hazitarako patata sailkatu, kontserbatu eta ontziratuko da, labore mota honetarako eskatzen diren kalitate estandarrik handienak betetzen direla bermatuz. Proiektu honek duen berrikuntza mailagatik erreferente bilakatuko da, eta atzerrian ekoitziriko haziarekiko egun dugun mendekotasuna txikiagotzen lagunduko du.

Edurne nagusi
Udapak urteak daramatza Neiker ikerketa zentroarekin batera hainbat proiektutan lanean. Lankidetza horren ondorioz, besteak beste, klima aldaketara edota lurzoruaren baldintza berrietara hobeto egokitzen diren bi patata barietate berri sortu dira. Lehenengoak Beltza du izena, eta haren azalak eta haragiak duen purpura kolore biziagatik nabarmentzen da. Gainera, osasunerako onuragarriak diren antioxidatzaile ugari ditu, eta Eguberrietako kanpainara begira merkaturatu ohi da.
Bigarren motak Edurne du izena, eta etorkizunean monalisa barietateari lekua kentzeko sortu da. Edurnek hori koloreko azal fina dauka, eta, egosteko eta frijitzeko balio duenez, etxean kontsumitzeko paregabea da. Horregatik, Udapan pare bat urte daramatzate mota honetako hazia ekoizten, datozen kanpainetan Edurne patata Eusko Label zigilupean ontziratu ahal izateko.
Eusko Label zigilupean ontziratzen diren beste patata batzuk Udapa fácil markakoak dira. Patata hauek zurituta, era desberdinetan moztuak, lurrunetan egosirik eta hutsean ontziratuta aurkezten dira, inolako kontserbagarririk edo alergenorik gaineratu gabe. Modu horretan, patata oinarri duten errezetak era azkar, erraz eta gozoan presta daitezke benetako zapore edota testurari uko egin gabe.
Egun lau erreferentzia merkaturatzen ditu ohiko supermerkatu handietako fruta eta barazki guneko hotz kameretan: arrautzopila egiteko patatak, jakiak eta pintxoak egiteko patatak, jakien osagarri moduan jartzeko patatak, eta entsalada bat egiteko azenario eta ilarrekin batera datozen patata kuboak.
Horrela, produktu berriak merkaturatuz edota proiektu berritzaileak martxan jarriz, datozen urteetan nekazaritzako elikagaien sektorean enpresa lider gisa duen lekua mantentzen saiatuko da Udapa, lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialarekiko duen konpromisoa sendotuz.