Eusko Jaurlaritza

Hegaluze ederra dastatzeko aukera

Kanpaina honetan arrantzatutako kalitate handiko hegaluzea eskura daiteke arrandegietan, otordu gozoak egiteko.

HEGALUZEAREN ARRANTZA
Hegaluzea lehorreratzen, Getariako portuan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2025eko urriaren 15a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hegaluze garaian gaude oraindik. Arrandegietan, kanpaina honetan arrantzatutako hegaluze bikaina eskura daiteke, Eusko Label sor-markako kalitate handiko hegaluzea, otordu ederrak egiteko.

2025. urterako Espainiako Estatuko hegaluze arrantzaren kuotaren barruan (26.000 tona), irailaren 23ra arte, euskal flotak 9.500 tona arrantzatu ditu, eta euskal arrain-lonjetan lehen salmentako batez besteko prezioa 3,9 euro izan da kiloko.

Lehorreratzeei dagokienez, kontuan izan behar da euskal flotak beste erkidego batzuetako portuetan lehorreratzen duela bere harrapaketen parte bat, eta gure portuetan ere beste jatorri batzuetako ontzien harrapaketak deskargatzen direla.

Guztira, 8.400 tona hegaluze lehorreratu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan. Gipuzkoako portuei dagokienez, Getarian 2.560 tona lehorreratu dira, kiloa 3,92 euro dela batez beste; Hondarribian 1.910 tona, kiloa 3,76 euro dela batez beste; eta Pasaian 225 tona, kiloa 3,52 euro dela batez beste.

Bizkaiko portuetan, berriz, Ondarroan 2.785 tona lehorreratu dira, eta kiloa 3,12 euroan saldu da batez beste; Bermeon, berriz, 920 tona, kiloa 3,44 euroan batez beste.

Kalitatearen bermea

Eusko Label zigilua duen hegaluzea kalitate handiko arraina da, banan-banan arrantzatzen baitute, arrantza modu tradizionalen bidez: kanabera —beita biziarekin— eta xaxian. Metodook, arrantzaren kalitatea hobetu ez ezik, arrantza egiteko lekuetako iraunkortasuna bermatu ere egiten dute, eta itsas baliabideak gordetzen.

Eusko Label markako arraina zein den jakiteko, segurtasun zigilu bat darama buztanean, ezin bortxatuzkoa, Eusko Labelaren zigilua eta beste datu batzuk daramatzana; adibidez, kontrol zenbakia. Zenbaki horren eta Euskolabel.hazi.eus webgunearen bitartez, gainera, honako hau jakin daiteke: espeziea zein den, itsasontziaren izena zein den, non porturatu den, noiz porturatu den, eta zein den kofradiaren izena, arrantza eremua eta arrantza mota.

Antxoa eta berdela

Antxoaren kosterari dagokionez, irailaren 23ra arte euskal flotak 7.720 tona harrapatu ditu orotara, eta lehen salmentaren batez besteko prezioa 2 euro izan da kiloko.

Berdelaren kosterari dagokionez, irailaren 23ra arte lehen salmentako noten erregistroak 4.740 tonako berdel salmentak kontabilizatu ditu euskal arrantzontziak kontuan izanda —kiloa 2 euroan saldu da batez beste—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.