Aiztondo ibarreko ikastetxe publikoek babestutako edukia
Aiztondo ibarreko ikastetxe publikoak

Herritarrekin eta herriarentzat

Aiztondo ibarreko ikastetxe publikoek haurra jartzen dute erdigunean, eta bidelagun bihurtzen dira. Hezkuntza proiektu motibagarrien bidez, etorkizunerako tresnak emango dizkiete, naturarekiko harreman zuzenean jorratzen diren ikas proiektuen bidez.

Aiztondo ibarreko ikastetxe publikoak
Ingurune pribilegiatuetan daude kokatuta ikastetxeak, naturarekin harreman zuzenean. AIZTONDO IBARREKO IKASTETXE PUBLIKOAK
2024ko otsailaren 5a
05:20
Entzun

Ikas komunitatea zentzurik zabalenean osatzen dute Gipuzkoako Aiztondo ibarreko zortzi ikastetxeek. Villabona-Amasako Fleming herri eskolan, Zizurkilgo Pedro Maria Otaño eta San Millan herri eskoletan, Asteasuko Pello Errota herri eskolan, Adunako herri eskolan, Alkizako herri eskolan eta Larraulgo herri eskolan Lehen Hezkuntzako ikasketak egin ondoren, ikasleak Villabona-Amasako Erniobea BHI ikastetxean elkartzen dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiteko. Herri eragileekin hartu-eman zuzenean, guraso elkarteekin eskuz eskuko lanean, eskola sarrera egingo duten haurren bidelagun bihurtzen dira herri eskola horiek. Etorkizunerako zumeak emango dizkiete, haurra erdigunean jarriz eta haren autonomia errespetatuz.

Goiz txokoa eskaintzen dute haur eskola guztiek, guraso elkarteekin batera antolatutako zerbitzuan. Sarrera ordua ere malgua da. Horrek ematen die eskola sarrera erosoago baterako bidea. Hor hasiko dira hezkuntza komunitatera murgiltzen 2 urteko haurrak, helduagoek eskutik helduta. Hori baita herri eskola txikien bereizgarri behinetako bat: adin aniztasuna. Adin nagusiagokoak txikiak eskutik eramanez murgiltzen dira hezkuntzan, elkar elikatuz eta aberastuz.

Ingurune zaindu, eroso eta motibagarri batean egiten dute bidea. Tailerren bidez edo proiektuka egituratzen dute profesionalek eguneroko jarduna, haurrei autonomia emanez, eta garapenean bidelagun izanez. Betiere, ikasle kritiko eta jantziak heztea helburu.

Ingurune pribilegiatuetan daude kokatuta ikastetxeak, naturarekin harreman zuzenean. Baso eskola proiektuan txertatuta daude, eta ohikoak dira inguruko baso eta naturaguneetara irteerak, behar bezalako materialekin hornituta, naturarekiko errespetua txertatuz abiapuntutik. Baratze proiektuak ere lantzen dituzte, adinean adineko beharretara egokituz.

Guztiek eskaintzen dute jangela zerbitzua. Alkizan, Adunan, Larraulen eta Zizurkilgo San Millan eskolan herriko ostatuan bazkaltzen dute, ikastetxeek eurek jorratutako menuak eskaintzen dituzte, haurren parte hartzea ere sustatuz.

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zikloak iragan ostean, Erniobea ikastetxean jarraituko dute ikasketa zikloa. Modu erabat koordinatuan egiten da aldaketa hori, herri ikastetxeek proposatutako taldekatzeak errespetatuz, eta ikasleen zuzeneko jarraipena eginez. Erniobera iritsita ere, ez da herrietako haria eteten.

Erniobean ikas ordutegi jarraitua dute astelehenetik ostiralera. Jangela zerbitzua ere eskaintzen dute, eta astean hirutan arratsaldeko arreta dago, askotariko eskaintza oparoarekin: matematika, idazkuntza, irakurketa, ulermena, ingelesa, musika…gazte asko elkartzen dira horien bueltan.

Garraio zerbitzua doan eskaintzen du Hezkuntza Sailak, hala behar den tokietara iristeko.

Komunitatea ardatz

Hori guztia zentzu komunitario zabal batekin lantzen da. Eskolaz kanpoko jarduna antolatzeko oso parte inportantea dira guraso elkarteak, eta esku hartze handia daukate. Komunitatea osatzen dute, eskolan urtean zehar egiten diren hainbat jarduera haien parte hartzearekin egiten baita: talo janak, inauteriak, zein tokian tokiko efemerideak, jaiak eta gertaerak gurasoen parte hartze zuzenarekin egin ohi dira. Horren lekuko izango da aurten eskola txikien festa ekainean, Adunan. Ikas komunitatea buru-belarri eta ilusioz ari da eguna prestatzen.

Herri eskolak euskaldunak dira, eta dibertsitatea aberastasun gisa bizi dute. Atzerritik etorritako haurrak edo jatorri atzerritarreko gurasoen seme-alabak herrietan integratzeko euskara bide ezin hobea da, eta hala euskalduntzen dira guztiak, behar diren baliabideak jarrita.

Aiztondo ibarreko eskola bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina guztiak barnean biltzen dituen ezaugarri bat badute: ez dira bertan goxo geratu zaleak, beti berritzen ari diren profesionalez osatutako lantaldeek osatzen dute hezkuntza komunitatea. Elkarren artean saretuta daude, eta elkarrekin partekatzen dituzte lantzen dituzten proiektuak, betiere Aiztondo ibarreko eskola publikoetara iristen diren haurren ongizate emozionala erdigunean jarrita, etorkizunerako tresnak emango dizkien hezkuntza proiektu motibagarriak jorratuz.

Eskola publikoa, doakoa eta euskalduna; haurra erdigunean jarrita, sustraiak sendo izateko bidelagun izango dira herri ikastetxeak, etorkizuneko ametsak egia bihur ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.