Herri bat elkar hartuta, antolatuta, datozen 11 egunetan Euskal Herri osoan egingo den ariketa sozialari erantzuteko. Halaxe aurkezten da Azpeitia (Gipuzkoa). Prest dago Euskaraldirako. Finkatuak dituzte euren neurriko helburuak. Kezkatuta daude lehen hainbeste erdara entzuten ez zen guneetan orain gero eta gehiago entzuten delako; hala ere, arnasgunea da Azpeitia. Hargatik, hitanoari eusteko erronka ezarri diote euren buruari. Udaleko baliabideak erabiliko dituzte Euskaraldiari erantzuteko, eta hainbat eragilek udalarekin azken asteetan egindako lan emankor baten emaitza da datozen egunetarako atondu dutena. Aitor Larrañaga euskara zinegotziak, Aitziber Besga Euskaraldiko herri batzordeko dinamizatzaileak eta Patxi Saez Beloki euskara teknikariak eman dituzte azalpenak.
Erakunde gisa eman du izena udalak Euskaraldian, helburu batekin: lan harremanetan hika bultzatzeko konpromisoarekin, eta batez ere noka. «Toka baino askoz gutxiago egiten da», Saezen esanetan. Lan harremanetan ez ezik, politikariekin komunikatzean ere hizkuntza ohitura horiek aldatzen ahaleginduko dira Euskaraldian. «Udal barruan %100 egiten da euskaraz, baina batez ere noka bultzatzea dugu helburu». Era berean, herritarrak ere horretara bultzatu nahi dituzte. Lanpasak jarriko dituzte udal eraikinetan, Hire etxean hago leloarekin, ikusgarritasuna emateko.
«Udalean euskaraz egiten da. Batez ere noka bultzatzea dugu helburu»
PATXI SAEZ BELOKIEuskara teknikaria
Larrañagak berretsi du euskaraz komunikatzen direla. Haren ustez, hitanoa berreskuratze aldera, baliteke Euskaraldiak proposatzen duen ariketa sozialaren bidez «batez ere nokaren erabilera areagotzea»; izan ere, toka maiz erabiltzen delakoan dago. Ariketa horretan hasita daude, eta espero dute 11 egun horietan hartutako hizkuntza ohiturek irautea Euskaraldiaren ondoren ere, hein batean.
«Denaren premia»
Udalak behar diren baliabide guztiak jarri ditu Euskaraldirako, «denaren beharra ikusten da eta gure hizkuntzaren egoera kontuan hartuta», Larrañagaren esanetan.
Euskaraldia bazetorrela iragartzearekin batera antolatu ziren Azpeitian, datozen egunei erantzuteko, baina hilabeteetako lana izan da honaino ekarri dituena. Josi dituzte aliantzak ikastetxeekin, herritarrekin, euskaltegiekin, entitateekin, merkatariekin eta ostalariekin, besteak beste.
«Hika taldeetan jabetu dira oso ondo egiten dutela; ohitura falta da»
AITZIBER BESGAHerri batzordeko dinamizatzailea
Euskararen erabilera altua bada ere, zer egin zitekeen gogoetatu zuten herri batzordean. Ondorioztatu zuten hitanoaren egoera kaskarra zela, are gehiago nokarena, eta Euskaraldiak aukera ematen zuela indarra hor jartzeko, hainbat arlotan landuta.
Batetik, euskaltegien bidez euskaldun berriengana nola iritsi aztertu zuten. Udalarekin daukaten elkarlanari esker zerbitzu onak dauzkate, Elkarrekin programari esker, besteak beste. Baina Euskaraldia baliatu nahi dute jauzi bat ematen laguntzeko. Horregatik, haiekin irteera bat prestatu dute herrian, kasurako, euskaraz egin ahal izateko eta haien harreman sarea zabaltzeko aukera izan dezaten. Ekinaldi horretarako deia herritar guztiei irekia da.
Bestetik, udal barruan bezalaxe, tokaren erabilera handia da herrian; nokaren erabilera, berriz, oso apala. Horregatik, talde bat sortu dute, konfiantza giroan hikaz aritzeko. Saio batzuk egin dituzte, taldeka, beharren arabera antolatuta, teoria eta praktika nahasiz. Besgaren esanetan, saioetan honetaz ohartu dira: «Oso ondo egiten dute, baina ohitura falta dute. Saio hauen bidez zera nahi dugu, batetik, ez dakienarentzako tresnak ematea, gerturatzeko; eta, bestetik, dakienari hitz egiteko lasaitasuna ematea».
DBHko irakasleekin, berriz, bestelako lan esparru bat ireki dute. Ikasturtea amaitzear den azken egun horietarako, hikaz aritzeko proposamena ondu nahi dute, materiala egon badago eta. Aurten Euskaraldiaren aitzakian hasi, baina gerora iraungo duen dinamika izatea nahi lukete.
Hika familian
Transmisioa da beste kezka iturri bat. Horregatik jarri dute Hika familia egitasmoa martxan. Euskaraldian 16 urtetik gorakoek hartzen dute parte, baina aurten xaxatzaile figura ere sortu da gazteenentzat, eta hori ere baliatuko dute. Eskuorri batzuk prestatu dituzte familientzat, eta zera eskatzen dute, gurasoek eta seme-alabek beraien artean adostea hikaz aritzeko formulak; «helburua da transmisio hori bermatzea».
«Behar ziren baliabideak jarri dira, denaren beharra ikusten da eta»
AITOR LARRAÑAGAEuskara zinegotzia
Euskaraldiko egitaraua ere horretara bideratuta egongo da. Antzezlan bat ekarriko dute, Zopa. Hikaz da lana. Xoxote eguna ere bada Euskaraldiaren azken egunean, eta mendi igoera bateratu bat egin asmo dute.
Hika otarrea izeneko egitasmoa ere egingo dute. Euskaraldian izena eman duten dendek saltzen dituzten produktuekin osatuko dute otarrea. Gero, establezimendura sartzen diren bezeroek txapa jantzita izanez gero eta hikaz eginez gero, txartela emango zaie zozketan parte hartzeko. Kalean hitanoaren erabilera bultzatzea da xedea.
Domusa Teknik mendi lasterketa ere Euskaraldian egokitzen da. Gero eta sona handiagoa hartzen ari da. Herri libre bat dinamikarekin batera egindako egitasmoan, ikurrina ateratzeko deia ere egingo dute egun horretan. Gainera, nazioarteko lasterketen zerrendan sartu dute lasterketa hori. Hori dela eta, lasterketaren amaieran parte hartzaileei ematen zaien poltsan eskuorri bat sartu nahi dute, euskarazko oinarrizko hitz batzuekin, berriro ere Euskal Herrira etorriz gero erabil ditzaten.
Hamabi laguneko talde eragile bat ari da hori guztia antolatzen, eta asteetako lanaren emaitzak ondu du Azpeitiko Euskaraldia. Hiru ikastetxetako ordezkariak, komunikazioa lantzeko hiru gazte eta norbanako herritarrek osatu dute talde eragile hori. Lantalde horrez gain, sare bat ere badago laguntzeko, ezaguna baitute kolektiboaren indarra.