Historiaurrea gizakia sortu zenetik idatzizko lehen agiriak jaso arteko historiaren aroa da, K.a. 4000. urtera arte, gutxi gorabehera. Historiaurrean, mundua guztiz desberdina zen. Arbasoak klima hotzean bizi ziren, haitzuloetan eta kanpamentuetan, eta ehiza zuten bizibide nagusia. Bisonteak, mamutak, elur-oreinak, otsoak, lehoiak eta hartzak gizakiekin bizi ziren.
HAB-Historiaurreko Bailara jada desagertuta dagoen unibertso liluragarri hura ezagutzeko gonbidapena da. Deban (Gipuzkoa) dagoen aire zabaleko museoa da, Debako Udalaren ekimenez sortua, historiaurrea ezagutu eta sentitzeko aukera eskaintzen duena, ibilaldi interesgarri eta eder bat eginez.
Erraz egiteko paseo bat da, 3,5 kilometrokoa. Debako portutik abiatu eta Sasiolako begiratokian amaitzen da. Ibilbidean zehar, arkeologia eta paleontologia piezen erreplikak daude, garai hartako eguneroko eszenen irudiak eta informazio xehea, bailarako ikonografian inspiratutako 50 euskarritan bilduak. Aire libreko museo horretan murgilduz gero, urtaro bakoitzean esperientzia berri eta zoragarri bat bizi daiteke.

Deba emakumea
Debako hondartzatik haraneko haitzuloetara doan bidean, bost eremu eta bost paisaia ezberdin daude:
•Abiapuntua: Ibilbidea Debako portuan hasten da, Deba protagonistaren aurpegia erakusten duen olana ikusgarri batekin. Duela 20.000 urte inguru haietan bizi izan zen emakume gazte eta indartsua da Deba. Abiapuntuan daude ibilbidearen mapa bat eta ondare guztiaren balioa hobeto ulertzeko gakoak.
•Itsasoa: Zati honek Debako itsas pasealekua zeharkatzen du, duela 20.000 urte, azken glaziazioan, kostaldea itsasoan hamar bat kilometro barrurago zegoela erakusteko. Deba emakumea eta bere taldea kostaldeko estepa horretan ibiltzen ziren kostaldeko kanpamenduetara iristeko eta itsasoko baliabideak aprobetxatzeko.
•Estuarioa: Debako estuarioa azken 10.000 urteetan sortu da. Egurrezko hiru begiratokiei esker, bisitariak hauxe ikasiko du: geologoek antzinako itsas mailaren aldaketak nola berreraikitzen dituzten, estuario hau nola sortu zen, eta, azkenik, historiaurrean arbasoek nola arrantzatzen zuten eta baliabideak nola erabiltzen zituzten.
•Zubia: Deba eta bere familia talde nomada bat zen. Historiaurreko bailarako biztanleak Pirinioetako Kantauri unibertsoko beste haranetako taldeekin erlazionatzen ziren, silexa bezalako elementu baliotsuak eta lanabesen fabrikazioa edo labar-artea bezalako ezagutzak trukatzeko. Zubia zeharkatuz bailararen barrualdera joan daiteke.
•Harana: Ibilbideko zatirik luzeena da. Deba eta bere taldea erraz mugitzen ziren haraneko haitzuloetan. Inguru horietan ehizatu eta bizi ziren. Hainbat gune eta begiratokiren bidez, elkarrekin bizi ziren animalien aniztasuna, ehizaren eta armen sekretuak eta mundu arriskutsu batean bizirauteko arbasoek erabiltzen zituzten tresnak ezagut daitezke.
Funtsezko lekua
HAB-Historiaurreko Bailara funtsezko leku bat da historiaurrearen berri jakiteko. Euskal Kostaldeko Geoparkea ezaguna da nazioartean kostaldeko lerroan agertzen den flysch arroka sedimentario sekuentziagatik. Milioika urteko liburua da, Lurraren historiaren zati garrantzitsu bat ulertzeko aukera ematen duena. Hala ere, geoparkearen barruko mendiek hain ezaguna ez den ondarea gordetzen dute, aztarna arkeologiko eta paleontologiko ugarirekin, historia askoz hurbilago bat berreraikitzea ahalbidetzen dutenak: gure arbasoen bizitza.
Hauk dira HABren gakoak:
•Aztarnategiak: HABk Kantauri eta Pirinio osoko historiaurreko aztarnategien kontzentrazio handienetako bat du. Azken ehun urteetan katalogatutako eta aztertutako hogei aztarnategi garrantzitsu baino gehiago daude.
•Denbora: Aztarnategien multzoak aukera ematen du historiaren 200.000 urte ia etenik gabe berreraikitzeko.
•Gizakiak: Neanderthalgo gizakiek duela 40.000 urte inguru okupatu zuten harana. Hortik aurrera, Homo sapiens-a geratzeko etorri zen.
•Kultura: Bailaran aurkitutako tresna ugarik arbasoen bilakaera kulturala oso ondo definitzea ahalbidetzen dute.
•Artea: Homo sapiens-ek haien kezka artistikoaren eta unibertso espiritualaren arrastoa utzi zuen Ekaingo edo Praileaizko haitzuloetan.
•Fosilak: Haraneko leize-zuloetan 40 animalia-espezie baino gehiagoren fosilak aurkitu dira, historiaurreko bizitza berreraikitzea ahalbidetzen dutenak. Kiputz bezalako aztarnategiak nabarmentzen dira, bertan aurkitu delako Iberiar penintsulako bisonte burezurrik osoena.
•Geologia: Koben, haranen, estuarioen eta kostaldearen azterketa geologikoari esker, iraganeko klima aldaketak ulertzeaz gain, aldaketa horiek paisaiaren bilakaeran eta itsas mailan duten eraginaren berri jakin daiteke.
Adituen parte hartzea
HAB-Historiaurreko Bailara proiektua zehazteko garaian, izen handiko hainbat adituk hartu dute parte. Horrela, egitasmoak aisia eta turismoa zorroztasun zientifiko handienarekin uztartzen ditu. Horretarako, Joxean Mugika (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Xabier Peñalver (Aranzadi) ibarrean eskarmentu handiena duten arkeologoek, Asier Gomez (Euskal Herriko Unibertsitatea) paleontologoak eta Asier Hilario (Geoparkea) geologoak parte hartu dute.