Eraikuntza eta azpiegiturak

IKUSKARITZA TEKNIKOA EGITEKO ERRAZTASUNAK

Maiatzaren 1etik aurrera, Euskoregite plataformak Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren prozesu osoaren tramitazio elektronikoa hartuko du bere barnean, eta administrazioen arteko interakzioa bermatuko du.

Gasteizko etxebizitza batzuk. JUANAN RUIZ / FOKU
2020ko martxoaren 29a
10:11
Entzun

Euskoregite Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa kudeatzeko plataformaren berritasunak aurkeztu zituen Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, otsailaren 24an. Aurkezpen ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan egin zen, eta Arriolarekin batera izan ziren lursail administratzaileen, arkitektoen eta aparejadoreen elkargo profesionaletako zenbait ordezkari, baita Euskal Autonomia Erkidegoko udaletako eta hirigintza eta birgaitze sozietate publikoetako hainbat teknikari ere.

Maiatzaren 1etik aurrera, Euskoregite plataformak Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren prozesu osoaren tramitazio elektronikoa hartuko du bere barnean, eta administrazioen arteko interakzioa bermatuko du.

Atariak agente mota bakoitza sartzeko eremu berezia izango du. Erabiltzaile guztiek, ataritik bertatik modu erraz eta intuitiboan erabili ahal izango dute ikuskapen horiek kudeatzeko informazio tresna bateratu bat, Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren zirkulu osoaren tramitazio elektronikoa erraztuko duena. Esaterako, txostena idaztea, identifikatutako zuzenketa prozesua egitea, Eraikina Erabiltzeko eta Mantentzeko Plana jabeen esku jartzea, txostena Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskaritza Teknikoen Erregistroan sartzea eta erregistro horretan dagoen informazio publikoa herritarren eskura jartzea.

Jabeek, ikuskatzaile teknikoek eta esleitutako udal langileek une oro kontsultatu ahal izango dute Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren administrazio egoera: adibidez, txostena sinatu den, bidali den, jaso den eta argitaratu den jakiteko, baita Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren beraren egoeraren berri jakiteko ere: dagokion epearen barruan dagoen, egiteke dagoen, beharrezko esku hartzeko mailekin aurkeztu den —1, 2, 3 eta 4. mailak—, zati batean edo osorik zuzendu den, iraungita edo zain dagoen, eta abar.

Gainera, administrazioen arteko ahalik eta interakzio elektronikorik handiena ahalbidetuko du, eta etengabe eguneratu ahal izango da.

Euskoregite plataforma berria abian jarri arte, eta formulario berrietara ohitu ahal izateko, ikuskapen txostenak idazteko modulu bat jarriko da teknikarien esku. Era berean, prestakuntza eta informazio aldi bat zabalduko da inplikatuta dauden eragile guztientzat.

Arriolak aurkezpen ekitaldian nabarmendu zuenez, Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa da herritarrak bizi diren eraikinen kontserbazio eta segurtasun egoera ziurtatzeko sistemarik aproposena, «baita etorkizunean arrisku eta konponketa larriei aurrea hartzeko sistemarik egokiena ere».

Azterketa teknikoa

Segurtasun arrazoiengatik, 50 urte baino gehiago dituzten etxebizitzak egoera onean daudela egiaztatzera behartuta daude Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta azterketa tekniko bat egin behar dute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) izena du ziurtagiriak, eta, Nafarroan, Eraikinak Ebaluatzeko Txostena (EET). Ipar Euskal Herrian etxebizitzek ez dute zertan agiri hori izan. Dena den, eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria izatea derrigorrezkoa da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Eusko Jaurlaritzak 2018an moldatu zuen eraikinen azterketa teknikoa egiteko agintzen duen dekretua. Horrela, alde bat kalera begira duten etxebizitzek bakarrik egin behar dute ikuskaritza teknikoa. Eta, ondorioz, nekazaritza edo abeltzaintza ustiapena duten baserriek ez dute azterketa teknikoa egin beharrik, ezta banakako etxebizitzek ere. Baldintza bakarra dago: etxeen jabeek tokian tokiko udalarekin adostu beharko dute eraikinak ikuskaritza teknikoa gainditu beharko duen ala ez. Udalak ontzat jotzen badu soilik geldituko dira azterketa egitetik salbuetsita.

Berez, EIT eta EET ziurtagiria lortzeko azterketetan, eraikinaren egitura, aurrealdea, estalkia, hornikuntza, ur zikinen sarea, iristeko erraztasuna eta energia eraginkortasuna aztertzen dira. Teknikariek egiten dute ikuskapena, baina etxe jabeek eurek hasi behar dute prozesua. Arkitekto bati edo eraikitze ingeniari bati eskatu behar diote eraikinaren azterketa egiteko, eta hark emandako ziurtagiria udalean aurkeztu behar dute ondoren.

Hego Euskal Herrian berritze edo birgaitze lanak egin nahi dituzten 10 urtetik gorako eraikinen jabeek ere izan behar dute EIT edo EET ziurtagiria, lan horiek egiteko diru laguntzak eskatu nahi badituzte behintzat.

Etxebizitza bakoitzaren adina ezagutzeko eta azterketen gaineko informazioa jakiteko, Eusko Jaurlaritzaren Euskoregite plataformaren webgunea (www.euskoregite.com) eta Nafarroako Gobernuaren www.vivienda.navarra.es webgunea kontsulta daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.