Bilboko Udala

Izena eman Bilboko euskaltegietan

Bilboko Udalak Bilboko euskaltegietan matrikula egitera animatzen ditu herritarrak 'Euskara Nonahi' kanpainaren bidez.

Euskara Nonahi kanpaina
'Euskara Nonahi' kanpainaren aurkezpena. BILBOKO UDALA
2024ko urriaren 1a
05:05
Entzun

Bilbo gero euskaldunagoa izateko helburuarekin jarraituz, Euskara Nonahi izeneko kanpaina aurkeztu zuten irailaren 11n Eider Inunziagak, Bilboko Udaleko Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak, eta Bilboko 17 euskaltegietako ordezkariek, Jorge Oteizaren Oboide Aldaera eskulturan. Kanpaina hori Bilboko Udalak antolatu du 2024-2025eko ikasturtean Bilboko euskaltegietako matrikulazioa bultzatzeko.

Dagoeneko hirian han eta hemen jarritako hainbat euskarritan —informazioa emateko hiri-altzariak, pantailak, publizitatea...— euskara Bilboko kaleetatik, zainetatik korrika ikus daiteke, herritarrek euren eguneroko bizitzako edozein esparrutan eta egoeratan euskararen erabileraren alde egiten duen Euskara Nonahi eslogana erabiliz.

Euskara Nonahi lelopean, Udalak Bilboko 17 euskaltegietan matrikulatzera animatu nahi ditu euskara ez dakitenak, ikasten jarraitu nahi dutenak edo hizkuntzaren ezagutza hobetzen jarraitu nahi dutenak. Kanpaina garai eta formatu askotan egongo da ikusgai hirian, han eta hemen: Bilbobuseko autobusetan eta markesinetan, Bilboko Udaleko sare sozialetan —Youtube, Facebook, X, Instagram, Tiktok— eta hedabideetan, barrutietako udaltegietan, kiroldegietan eta ikastetxeetan. Horietan, hain zuzen ere, 2024-2025eko kanpainarako egindako kartelak jarriko dira, haietan erakutsitako sormena agerian utziz.

Euskara ikasteko diru laguntzak

Kanpainan nabarmendu dute euskaltegien, ordutegien eta mailen eskaintza zabala, baita Bilboko Udalak urtero euskara ikasteko ematen dituen diru laguntzak ere, 2024an berritasun aipagarri bat dakartenak. Izan ere, Udalak beste urrats bat egin du bilbotarrak erabat euskalduntzeko bidean, eta diru laguntza horiek lehen aldiz eskaintzen dizkie herritar guztiei; horretako, 700.000 euroko poltsa bat edukiko du.

Orain arte, honako hauek eska zezaketen diru laguntza: gurasoek, aisialdiko eta kiroletako begiraleek eta deialdietan ezarritako muga gainditzen ez zuten errentak zituzten familia-unitateetako kideek. 2024tik aurrera, ordea, baldintza hauek betetzen dituztenek eskatu ahalko dute: Bilbon erroldatuta egotea, gutxienez azpimaila bat gainditu izana, bertaratzea % 60koa izatea eta erakunde publikoekin zorrik ez izatea. Diru poltsa agortu arte emango da diru laguntza.

Bilbok 17 euskaltegiko sarea dauka. 2024-2025eko ikasturtean, ohiko eskolak eta era guztietako mailak ez ezik, barnetegietako egonaldiak eta taldeentzako eta enpresentzako ikastaro bereziak ere eskainiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.