Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratua

Kimika arloko lan aukeren ateak zabaltzen

Fabrikazio prozesuan eta laborategiko kalitatean lan egiteko prestakuntza eskaintzen du Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuak.

Tolosaldea LHII ikastetxea
Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuko ikasle bat, ur analisiak egiten, laborategian. TOLOSALDEA LHII
2025eko maiatzaren 6a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratua Tolosan (Gipuzkoa) dago. Historia luzea duen zentroa da, bere jatorria XX. mendearen hasieratik baitator. 2024-2025eko ikasturtean 900 ikasletik gora dabiltza ikastetxean. 

Tolosaldea LHII ikastetxeak 12 goi mailako ziklo eta 7 erdi mailako ziklo eskaintzen ditu. Hauek dira erdi mailako zikloak: Soldadura eta galdaragintza, Mekanizazioa, Mikroinformatika sistemak eta sareak, Instalazio elektriko eta automatikoak, Merkataritza jarduerak, Natur ingurunean gorputz eta kirol ekintzen gidaritza, eta Kimika instalazioak.

Goi mailako zikloak, berriz, hauek dira: Administrazio eta finantzak, Mekatronika industriala, Automatizazioa eta robotika industriala, Sareko informatika sistemen administrazioa, Plataforma anitzeko aplikazioen garapena, Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa, Eraikuntza metalikoak, Instalazio termikoak eta fluidodunen mantentzea, Egokitzapen fisikoa, Kimika industriala, Fabrikazio mekanikoko diseinua, eta Gizarte eta kirol irakaskuntza eta animazioa.

Horrez gain, elkarlaneko robotika espezializazio ikastaroa eskaintzen du, baita arratsaldeko ordutegian langileentzako ikastaro ugari ere: langabetuentzat, enpresentzako neurrira diseinatutakoak eta abar. Ikasketak euskaraz dira, hala ere, gaur egun, bertako ziklo batzuk eredu eleaniztunean ikasteko aukera dago, ingelesa txertatzen baitute.

Gainera, Tolosako Santa Lutzia auzoko eraikinaz gain, Paper Eskola eraikinaren kudeaketa hartu du Tolosaldea LHII ikastetxeak. Bertan hamar urte inguruz eman diren kimika arloko zikloen eskaintza bereganatu du. Kimika industrialaren arloko bi ziklo dira, eta ikasketa horiek burutzen dituzten ikasleek aukera handiak dituzte lana aurkitzeko, inguruan dauden sektore kimikoko enpresa ugaritan: papera, plastikoa, ur tratamenduak, margoak, elikadura eta beste zenbait arlotan. 

Kimika arloko zikloak

Tolosaldea LHII ikastetxean duela hamarkada bat hasi ziren kimika arloko zikloak eskaintzen. «Tolosa paperaren erreferente izan da aspalditik, 1818. urtean lehenengo paper fabrika ireki zenetik. Ikastetxeari dagokionez, 1965. urtean paper eskola deritzona sortu zen, eta ordutik irakaskuntza eta paperaren erlazioa estua izan da», dio Mentxu Aiertzak, Tolosaldea LHII ikastetxeko kimika arloko arduradunak.

Erdi mailako kimika teknikari zikloa eta goi mailako kimika industrialeko zikloa egin daitezke Tolosaldea LHII ikastetxean. Ziklo horien ezaugarriak azaldu ditu Aiertzak: «Produkzio prozesu bat duten fabriketan lan egiteko formakuntza jasotzen dute ikasleek, bai fabrikazioan bai laborategian. Gure zikloetan gertuko erlazioa dugu irakasleen eta ikasleen artean. Ikasle bakoitzaren profilera egokitzen gara, eta erabiltzen dugun ikaskuntza metodologiaren bidez, ikasleak askotariko egoeretara moldatzeko baliabideetan trebatzen dira». 

Ziklo horietan erabiltzen den metodologia erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboa da. «Gure errealitatearekin erlazioa duten gaiak aurkezten dizkiegu ikasleei, eta beraiek eskaerari aurre egiten diote taldean. Irakasleak bidelagun gara prozesu horretan, ez era tradizionalean, klaseak eman eta guk irakatsi ikasleei nola egin behar dituzten gauzak. Ikaslea da bere ikasketa prozesuaren arduradun eta modu kontzientean ikasten du».

Erronka baten adibide bat jarri du Aiertzak: «Paper eskolan gaudenez, paperaren fabrikazioaren inguruko ekipamendua daukagu eta hori izaten da erronka bat. Erdi mailako zikloko lehen mailako ikasleei, adibidez, eskatzen diegu industria mailan ezohikoa den lehengai bat hartzeko —landarea, hondakina...—, eta behin papera lortuta, plastikoa ordezkatzeko produktu bat egiteko. Horrela, papera egiteko prozesuaz gain, ekonomia zirkularra eta jasangarritasuna ere lantzen ditugu». 

Ziklo horiek eginez gero, ikasleei sektore hauetako ateak zabaltzen zaizkie: «Ziklo hauetan ikasleak laborategiko edo bata zuriko lana eta produkzioko lana uztartzen dituzte, laborategi bateko edo produkzio fabrika bateko lanpostu ugaritarako prestatuta daudelarik. Gure inguruan dauden sektore kimikoko produkzioko enpresetan lan egin dezakete: papera, margoak, elikadura, plastikoak, lubrifikatzaile eta koipeak, kolak... Erlazio estua dugu enpresa batzuekin, hala nola hauekin: Limousin Kartoiak, Munsjko, Cominter, Feralco, Krafft eta Tecnalia».

Lehen ikasturteko udaberrian, ikasleek hiru asteko praktikak egiten dituzte enpresa batean. Bigarren ikasturtean, dual ereduan, ikasketak eta lan mundua uztartzeko aukera ere badute. «Gainera, Erasmus+ proiektuaren bidez, praktikaldia atzerrian egiteko aukera dute, eta, nahi izanez gero, ingeleseko errefortzu klaseak ere eskaintzen ditugu».

Kimikako ziklo bat egiteko interesa duenari, hauxe esaten dio Aiertzak: «Kimika laborategi batek edo produkzio prozesu batek kuriositatea pizten badizu, anima zaitez. Oso praktikoak dira zikloak eta eginez ikasiko duzu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.