Hezkuntza

Lan merkatuan euskal talentua nagusi, Harrobia ikastolaren eskutik

Harrobia ikastolak etorkizuneko langile prestatuak eskaintzen dizkio lan merkatuari, langile prestuak eta ondo prestatuak.

Harrobia ikastolak ekintzailetza sustatzen du. HARROBIA IKASTOLA
2023ko maiatzaren 9a
10:25
Entzun

Garai berriak datoz, horretan ez da zalantzarik. Eta garai berrietara egokitzen diren pertsonak nahi ditu lan merkatuak. Antzina ez bezala, espezializazioaren aldean balio anitzeko langileak beharko dira, teknologiarekin trebeak, jakintasunean murgiltzen iaioak, arazoei irtenbideak bilatzen abilak; azken batean, lan merkatu berriak izango dituen eskakizunetarako trebatutako langileak, eta, gainera, motibatuta daudenak, sortzaileak, autonomoak baina, aldi berean, talde lanean jarduteko gaitasuna dutenak. Horiexek dira talentu hitzak ezkutatzen dituen ezaugarriak.

Harrobia ikastolak hori guztia eskaintzen dio lan merkatuari, langile prestuak eta ondo prestatuak, etorkizuneko langile prestatuak. Izan ere, Harrobia ikastola Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua izaki, oraingo eta etorkizuneko langileen prestakuntzan dihardu bi eremu nagusitan: industria sortzaileak eta kirol industria. Bi eremu horietan eskaintza zabala dauka oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako zikloetan eta lanbide heziketako masterrean.

Baina horrekin batera, prestakuntza ekintza andana dauka langile eta langabetuentzat ere: bizikleta ibilbideen gidaritza, sorospena, zibersegurtasuna, mindfulness, mendiko ibilbideen gidaritza, marketin digitalerako tresnak, zaintza eta segurtasuna,...

Gizartea hobetzeko talentua

Alabaina, talentuak ez dauka zentzu handirik jendartearen hobe beharrean erabiltzen ez bada. Hala, gizartea hobetzeko baliatu nahi dute talentua; horregatik dauzka ikastolak erro sendoak Bizkaiko ehun ekonomiko eta sozialean. Esaterako, Tkgunearen bitartez, berrikuntza proiektuak eskaintzen dizkie enpresei, haien beharrei erantzuten laguntzeko; gainera, orientazio lan pertsonalizatua ez ezik bitartekaritza lana ere egiten du orientazio zerbitzuak, lan eskaintzak eta eskariak uztartuz, Harrobia enplegu agentzia ofiziala baita, besteak beste.

Baina erro sendoak ez dira enpresetara mugatzen; Bilbo Zaharra, Zabala, Miribilla eta San Frantzisko auzoetako elkarteekin lanean dihardute, dela migratzaileen proiektuak bultzatuz, dela merkatari txikiei prestakuntza emanez, dela beste elkarte batzuekin proiektu inklusiboetan elkarlanean arituz...

Harrobia ikastolako bi ikasle, irakasle batekin. HARROBIA IKASTOLA

Ikasketarako metodologia berritzailea

Hezkuntza zikloei dagokienez, bideojokoen industria, kirol egokitzapena, kirol instalazioen kontserbazioa, natura inguruneko gidaritza lanak, marketina eta publizitatea, eta informatika ikas daitezke Bilboko Harrobia plazako instalazioetan, den-denak egungo gizartean beharrezkoak diren sektoreak, bistan denez.

Ikas-metodologiak proiektu errealekin lan egitera daramatza. Horren erakusgarri, Kirol Egokitzapeneko ikasleek adinekoen artean ohitura osasungarriak sustatzeko egitasmo bat egin dute Bizkaiko zenbait udalerrirekin elkarlanean, adibidez; Marketin zikloko ikasleek, berriz, merkatari txikiei laguntzen diete Marketin solidarioa proiektuaren bitartez; eta nola ahaztu Elkarteneten lanari esker Saharara, Mauritaniara eta Iparraldera heldu diren ordenagailu eramangarriak, Harrobia ikastolako ikasleen laguntzarekin.

Ekintzailetza sustatzen

Talentua ustiatzen duten proiektuen bultzatzailea ere bada Harrobia; horren adibide dira orain arte sortu diren 19 enpresa proiektuak, landutako 35 proiektu baino gehiagotatik; gainera, horietatik %60k martxan diraute oraindik. Sektore askotako enpresak dira: kirolekoak, elikadurakoak, bideojokoen arlokoak, bidaia agentziak, proiektu sozialak eta solidarioak...

Ikasketak, euskaraz

Izenburuko euskal hitza aipatuta, Ikastolen Elkarteko kidea den heinean, Harrobia ikastolak euskaraz eskaintzen ditu ikasketak; euskaraz eskaini nahi ditu ikasleek enpresetan jasotzen duten prestakuntza, eta, lan munduan eta bere txikitasunetik hasita, inpaktua eragin nahi du haren harreman sarean dauden eragile guztiengan, euskarak presentzia handiagoa izan dezan lan munduan.

Honenbestez, esan daiteke euskal talentua barreiatuz doala Ibaiondotik Bilbora, Bilbotik Bizkaira; etorkizuna euskaraz dator, eta mundu aldakor hau erronkaz beterik dator, baina Harrobian prest daude jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.