Gipuzkoako Foru Aldundia

MUBIL: trantsizio energetikoaren Europako nodo estrategikoa

MUBIL Center maiatzaren 12an Donostiako Eskuzaitzeta industrialdean ofizialki inauguratu zenetik, Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasunaren etorkizun jasangarriaren abangoardian dauden lurralde bihurtu dira.

Mubil Center
MUBIL Center, mugikortasun adimendun eta jasangarriaren Europako erreferentzia berria dagoeneko martxan da Donostiako Eskuzaitzeta industrialdean.
2025eko ekainaren 5a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

MUBIL Center, mugikortasun adimendun eta jasangarriaren Europako erreferentzia berria, dagoeneko martxan da Donostiako Eskuzaitzeta industrialdean. Maiatzaren 12an izan zen inaugurazio ekitaldian, ingurumenarekiko konpromisoa partekatzen duten eragile instituzional, teknologiko, akademiko eta enpresarialek parte hartu zuten, karbonorik gabeko mugikortasunaren aldeko apustua indartuz.

Zentro honen inaugurazioa trantsizio energetikorako urrats argia da eta funtsezko zutabea Europako klima helburuak bizkortasunez betetzeko bidean. Izan ere, 2030erako berotegi-efektuko gasen isuriak %55 murriztea eskatzen duten helburu horien testuinguruan, MUBIL Center espazio estrategiko bihurtzen da giltzarri diren teknologien —hala nola elektromugikortasunaren eta garraioaren digitalizazioaren— garapena sustatzeko.

Mubil Center
MUBIL Centerrek jasangarritasunaren ikuspegitik eraldatutako mugikortasun irtenbideak garatzeko, baliozkotzeko eta ziurtatzeko aukera ematen du.

9.700 m²-ko azpiegitura teknologikoari esker, MUBIL Centerrek jasangarritasunaren ikuspegitik eraldatutako mugikortasun irtenbideak garatzeko, baliozkotzeko eta ziurtatzeko aukera ematen du. Europan parekorik ez duten laborategi teknologiko aurreratuak ditu.

Biltegiratze elektrikoko laborategia: bateriak eta energia-sistemak segurtasun- eta fidagarritasun-estandar zorrotzen arabera probatzeko.

Trakzio elektrikoko laborategia: garraio arin zein astunerako propultsio-sistemak garatzeko.

Hidrogeno-pilen laborategia: emisio gabeko teknologien bitartez energia sortzeko azpiegitura estrategikoa.

Mubil Center
MUBIL Centerren inaugurazioa trantsizio energetikorako urrats argia da eta funtsezko zutabea Europako klima helburuak bizkortasunez betetzeko bidean.

Nazioarteko 120 aditu, mugikortasun jasangarriaren etorkizuna definitzeko

MUBIL Center ez da soilik azpiegitura teknologiko bat; trantsizio ekologikoaren eta energetikoaren gidari izateko bokazioa duen gune estrategikoa da. Bere jarduera-egutegiak helburu argia du: jasangarritasuna eta berrikuntza uztartzea eta Gipuzkoa aukera berdeak sortzen dituen lurralde gisa sendotzea.

Azken hilabetean, MUBIL Centerrek hainbat ekimen nabarmen jarri ditu martxan, bere konpromiso irmoa berretsiz jasangarritasunaren eta berrikuntzaren alde. Maiatzaren 23an, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundearekin elkarlanean, Mugikortasun Jasangarriaren Ikerketa Agenda aurkeztu zen, sektorearen etorkizuneko erronkak eta lehentasunak identifikatzeko helburuarekin. Hurrengo egunean, maiatzaren 24an, herritarrentzako bisita gidatuak antolatu ziren, MUBILeko instalazioak eta bertan egiten den lana gizarteari gerturatzeko asmoz.

Baina maiatzaren 29an ospatutako MUBIL Lab Experience izan da azkenaldiko ekitaldirik esanguratsuena, bai parte hartze zabalagatik, bai eta sektorearen etorkizunerako izan duen garrantzi estrategikoagatik. Mugikortasunaren alorreko nazioarteko 120 aditu baino gehiago elkartu ziren MUBIL Centerrean, mugikortasun adimendun eta jasangarriaren etorkizuna definitzeko. Ekitaldi honetan, AVL, DANA, CAF eta Aston Martin bezalako enpresetako ordezkari nagusiek beren ikuspegiak partekatu zituzten, eta sektoreko erronka nagusien inguruan eztabaidatu zen. Aldi berean, laborategi espezializatuetako aurkezpen teknikoek eta tailerrek ezagutza partekatzea eta sinergiak sortzea ahalbidetu zuten.

Ekitaldiak MUBILen eginkizun estrategikoa berretsi zuen: lurraldearen berrikuntza-gaitasuna eta indar industriala uztartzen dituen polo nagusi gisa kokatzea, eta Europan mugikortasun jasangarriaren arloko lidergoa hartzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.