Gipuzkoak etorkizunera begira urrats sendoa egin zuen joan den ekainaren 12an CSL Gipuzkoa laborategiaren aurkezpenarekin. MUBILek, MIT Media Lab laborategiak eta Tecnun ingeniaritza eskolak elkarlanean sustatu duten proiektu aitzindari honek hiri-plangintza eta lurraldearen antolaketa eraldatu nahi ditu, datuen erabilera intentsiboaren bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa duen ekimen honek mugikortasun jasangarria, lurralde kohesioa eta dinamizazio ekonomikoa uztartzen ditu ikuspegi estrategiko bakar batean.
Laborategi berri hau Donostiako MUBILen aurkeztu zen. Aurkezpen ekitaldian izan ziren Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, Igor Villarreal MUBILeko zuzendari nagusia, Kent Larson eta Luis Alonso MIT Massachusettseko Teknologia Institutuko ordezkariak, eta Zuriñe Varela CSL Gipuzkoako zuzendari zientifikoa.
Proiektuaren ardatz nagusia Gipuzkoa 30 Minute Region kontzeptua da: herritar guztiek, bizilekua edozein izanik, 30 minutuan oinarrizko zerbitzu estrategikoetara iristea helburu duen plangintza-eredu berri bat. Horretarako, 80 zerbitzuren irisgarritasun-datuak bistaratzen dira modu interaktiboan, lau garraiobideren bidez: oinez, autoz, garraio publikoz eta bizikletaz.
CSL Gipuzkoa laborategiak hiru helburu nagusi ditu: CO2 isuriak murriztea, lurralde-kohesioa indartzea eta mugikortasunaren sektorean ekimen ekonomiko berriak sustatzea. Ingurune bisual eta interaktibo horri esker, simulazioak egin daitezke, politikak diseinatzeko eta hobekuntza-eremuak identifikatzeko.
Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusiak adierazi duenez, «Gipuzkoako lurralde-eredu konektatu, jasangarri eta lehiakorrago baterako bidean aurrerapauso erabakigarria da tresna digital berria. MUBIL Centerren baitan garatutako azpiegitura teknologiko eta ezagutzari esker izan da posible halako proiektu bat gauzatzea, zentroak berrikuntza aplikatuaren erreferente gisa diharduelako mugikortasun adimendunaren arloan. Maketa digitala martxan jartzea mugarri estrategiko bat da Gipuzkoarentzat, eta lurraldearen lidergoa berresten du bai Europa mailan, baita tokiko testuinguruan ere».
Laborategia 2023tik City Science Initiative sareko partaide da, MIT Media Labek bultzatutako plataforma global baten baitan. CSL Gipuzkoa sare horretako hamargarren zentro operatiboa da, eta Shanghai, Cambridge eta Taipei hiriekin batera ari da lanean, besteak beste. CSL Gipuzkoaren lehen fasea amaitu da 2025 honetan, eta proiektua orain bigarren fasean sartuko da: estrategiak zehazteko unea da, irisgarritasuna, isuriak, lurralde-kohesioa eta ekimen pribatuen sustapena ardatz hartuta.
Lankidetza sareak eta nazioarteko presentzia
CSL Gipuzkoaren aurkezpenaz gain, azken asteetan mugikortasunaren inguruko beste ekimen garrantzitsu batzuk ere garatu dira.
Ekainaren 19an, Unai Andueza foru ordezkariak eta Igor Villareal, MUBILeko zuzendari nagusiak, Hanburgon ospatu zen UITP 2025 foroan, garraio publikoaren etorkizunari eta automatizazioari buruzko Europako topaketa nagusian parte hartu zuten. Kongresu hau, MUBIL eta LandaGo proiektuen posizionamendua indartzeko aukera izan zen, eta nazioarteko joera berrien berri zuzenean jasotzeko zein sektoreko eragileekin harremanak sendotzeko espazioa ere izan zuten.
Uztailaren 2an, berriz, Mugikortasun Enpresen Aholku Batzordearen lehen bilera egin zen MUBILen egoitzan. Bertan izan ziren CAF, Irizar, Iberdrola, Esergui, Petronor, Mondragon Korporazioa eta Energiaren Klusterreko ordezkariak. Batzorde honen helburu nagusia MUBILen ildo estrategikoa elikatu eta etorkizuneko erronkei modu koordinatuan aurre egitea da, betiere lankidetza publiko-pribatua ardatz hartuta.
Gipuzkoak, horrela, lidergoa sendotzen du etorkizuneko mugikortasun eredu integratu, jasangarri eta bidezkoago bat eraikitzeko bidean. Teknologia aurreratua, datuetan oinarritutako ikuspegia eta erakundeen arteko lankidetza sendoa dira lurraldearen estrategia honen zutabe nagusiak.
Datozen hilabeteetan, MUBILek bere agenda dinamikoa mantenduko du, eta Gipuzkoak nazioarteko esparruan duen lidergo-posizioa sendotzen jarraituko du.