Gipuzkoako Foru Aldundia

Nahi ez den bakardadearen erronkari erantzunez, Gipuzkoatik

Gipuzkoako Foru Aldundiak ongizate integrala jarri du bere politikaren erdigunean, eta hainbat estrategia lantzen dihardu nahi ez den bakardadeari aurre egiteko, Adinberrirekin batera.

Adinberri-Hariak programa
Adinberri-Hariak programaren laguntza deialdiaren aurkezpena.
2025eko urriaren 1a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nahi ez den bakardadea gure garaiko errealitate sozial handienetako bat bihurtu da. Gizarte guztiari eragiten dion errealitatea da.

Azken ikerketek diotenez, 55 urtetik gorako hiru pertsonatik batek onartzen du noizbait bakarrik sentitu dela. Horrela, bizitza luzatzearen eta gizarte aldaketen testuinguruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintzaren inguruko paradigma eraldatzen dihardu. Estrategia honek bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024-2027 Plan Estrategikoarekin eta Zainketa eta Gizarte Politiken 20>30 Agendarekin.

Gipuzkoa, zaintzaren lurraldea

Gipuzkoako Foru Aldundiak ongizate integrala jarri du bere politikaren erdigunean. Bere ikuspegia argia da: ondo egotea eta ondo sentitzea, osasun fisikoa, emozionala, komunitarioa eta zahartzaroaren eta nahi ez den bakardadearen aurkako zaintza uztartuz. Horretarako, ezinbestekoak dira prebentzioa, autozaintza, berrikuntza, gobernantza parte hartzailea eta etengabeko ebaluazioa.

Hariak estrategia: konpromiso kolektiboa

Hariak estrategia ari da lantzen Foru Aldundia, Adinberri Fundazioarekin batera, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko. Hariak estrategiak dagoeneko 4.500 pertsona baino gehiagorengan izan du eragina Gipuzkoan. Adinekoengan jartzen du arreta nagusiki, eta gizartearen konplizitatea eta belaunaldien arteko elkartasuna sustatzen ditu. Lan partekatu horrek komunitate-sareak ehuntzea ahalbidetzen du, bakardadeari aurre egiteko.

Hariak estrategia 77 udalekin, 98 toki-erakunderekin, Osakidetzarekin eta 20 enpresarekin lankidetzan diseinatu zen, eta pertsonen arteko harremanak sustatzen aitzindaria izan da.

Jasotako datuak aintzat hartuta, aipagarria da depresioaren (%39,3) eta antsietate kronikoaren (% 37,8) prebalentzia handia erakusten dutela nahi ez den bakardadea pairatzen dutenek.

Hauek dira Hariak estrategiaren hiru zutabe esanguratsu:

Zaintza HerriLab: nazioarteko aintzatespena. Mundu mailan aitzindaria den ekimena da, tokiko zaintza-ekosistemak bultzatzen dituena. Bere helburua argia da: ahultasun edo mendekotasun egoeran dauden pertsonak euren etxean bizi ahal izatea ahalik eta denbora gehien, segurtasunez, laguntzaz eta bizi-kalitateaz.

Estrategia transbertsala eta lankidetzakoa da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuak eta Adinberrik gidatua. Udalak, unibertsitateak, osasun-zentroak, gizarte-erakundeak, kirol-elkarteak, merkataritza eta, batez ere, auzokideak daude inplikatuta.

Hemezortzi dira estrategiarekin bat egin duten udalerriak: Aretxabaleta, Deba, Donostia, Elgoibar, Hernani, Oiartzun, Orio, Pasaia, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Zestoa, Zumarraga, Arrasate, Azpeitia, Errenteria, Legorreta eta Lizartza. Laster beste sei gehituko dira, tartean lehen eskualdea (Debagoiena), eta estrategiaren bilakaeran mugarri garrantzitsua izango da.

Gaur egun, 7.900 erabiltzaile, 167 familia, 128 zaintzaile eta 267 lurralde-agente baino gehiago dira Gipuzkoako tokiko zaintza-ekosistemen parte aktibo.

Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera egindako ebaluazioak emaitza oso onak erakusten ditu, Zaintza Herri Lab estrategiaren inguruan: %75ek autonomia hobetu dute, %88k jasotako arreta oso ona edo ona dela baloratzen dute, profesionalen %77k arreta-kalitatean eta euren motibazioan hobekuntzak ikusten dituzte, eta %100ek komunitate-sareak indartu dituzte eta bakardadearen prebentzioan pausoak eman dituzte.

Horrela, estrategiak hainbat aitorpen jaso ditu, besteak beste: QIA saria estatu eta nazioarte mailan (Bangkok, 2025eko maiatza) eta aipamen berezia European Social Services Conference foroan (Danimarka, 2025eko ekaina).

Kalelagun. Programa komunitarioa da. Bere helburua da nahi ez den bakardadea prebenitzea, auzoetako eta komunitateko sareak sortuz eta sendotuz. Kalelagun izenak kale eta lagun hitzak batzen ditu, eta bere izatea ondo islatzen du: egunerokoa, kalea, lagunak eta babesa. Hauek dira helburu nagusiak:

•Topaguneak eta jarduerak sortzea, bizitza komunitarioa indartzeko.

•Parte hartze soziala sustatzea, bakardade-arriskuan egon daitezkeen adineko pertsonen eta beste edozein adinetako herritarren artean.

•Belaunaldien arteko elkartasuna bultzatzea.

•Eguneroko jardueretarako laguntza eskaintzea.

Kalelagun auzoetan garatzen da, pertsonen lotura estuenak bertan ematen direlako. Pertsona bakoitzak du bere lekua, egunerokoa partekatzeko aukera, eta honek inor bakarrik ez sentitzen laguntzen du. Horretarako, boluntarioak, elkarteak, tokiko merkataritza, gizarte-erakundeak eta auzokideak aktibatzen dira, komunitatea bizirik eta elkarlanean mantentzeko.

Korale. Tokiko eta europar sareak ehuntzen. Interreg Europe proiektua da, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak bultzatua, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Helburua da nahi ez den bakardadea Europako politika publikoen erdigunean kokatzea. Proiektuan parte hartzen dute beste bost herrialde hauetako hiri eta eskualdeek: Austria, Danimarka, Irlanda, Belgika eta Portugal. Hauek dira helburu nagusiak:

•Europako lurraldeen artean praktika onak eta metodologia eraginkorrak trukatzea.

•Nahi ez den bakardadearen aurkako estrategia komunak sustatzea.

•Bakardadeari garrantzia ematea, zahartzaroaren eta bizi-luzatzearen erronka sozial nagusien parean.

•Gipuzkoa indartzea, berrikuntza sozialaren eta zaintzaren erreferente gisa.

800.000 euroko laguntza deialdia

Gipuzkoako Foru Aldundiak 800.000 euro bideratzea onartu zuen iaz, Adinberri-Hariak programaren laguntza-deialdia 225.000 eurotan handituz, nahi ez den bakardadea prebenitzeko. Deialdi hauetatik, nahi ez den bakardadeari etxebizitzaren ikuspegitik aurre egiteko funtsezko proiektuak sortu dira, hala nola Etxelagun, edo arkitekturatik eta hirigintzatik, aipatutako Kalelagun kasu.

Deialdiak hiru jarduera-ildo ditu: fenomeno horri buruzko ezagutza zabalduko duten esplorazio-proiektuak, hautemandako arazoei erantzuteko esperimentazio-proiektuak, eta bakardadearen ikuspegian eta abordatzean jauzi kualitatiboa ematea ahalbidetuko duten proiektu eragileak, eragileen artean sinergiak sortuko dituzten ekosistemak sortuz. Horrela, hamabi proiektu dagoeneko abian jarri dira. Hariak estrategiaren I. Jarduera Planean sartu dira proiektu horiek, eta Hariak Huben garapen osoan laguntza dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.