Garlan sozietate kooperatiboko lekaleen eta kalitate arduraduna

Maria Alcantara: «Nekazarien lana dago gure produktuen atzean, besterik ez»

EROSKIREN EKOIZLEAK. Garlan sozietate kooperatiboak ekoizten dituen lekale bikainak, babarrunak, garbantzuak eta babak mimoz ereindakoak dira, kalitate gorena lortzeko.

(ID_13374514) Garlan
GARLAN
2023ko abenduaren 2a
05:05
Entzun

Arabako Garlan sozietate kooperatiboak ekoizten dituen babarrun pikartek, babarrun arrozinek eta garbantzuek Eusko Label jatorri-kalitatearen bereizgarriaren pegatina gorria dute, eta babek, Euskal Baserri jatorri bereizgarria. Halaber, kalitate oneko zerealak eta belar-laboreak ere uztatzen ditu, ziurtagiria duten haren haziei eta trazabilitate-kontrol zorrotzari esker: garia, garagarra eta oloa. Horrez gain, askotariko patata haziak banatzen ditu, eta laborantzari eta ongarriei buruzko aholkularitza teknikoa eskaintzen du.

36 familiak mimoz eta tradizioari jarraikiz landatzen dituzte Garlan lekaleak. Belaunaldiz belaunaldi ari dira lan hori egiten.

Familia batzuetan, jadanik hirugarren belaunaldia da lekaleak landatzen dituztela, eta beste askotan, bigarren belaunaldia. Garlan bigarren mailako kooperatiba da, banakako bazkideek eta lehen mailako kooperatibek osatua. Guztira 700 bazkide inguru dira. Gehienak zerealistak dira; batzuek erremolatxa eta patata ere badituzte beren ustiategian, eta gutxi batzuek bakarrik lantzen dituzte kalitatezko lekaleak. 700 bazkideetatik 36 bakarrik arduratzen dira kalitateko lekaleak ekoizteaz.

1986tik zabiltzate lanean. Denbora horretan metatutako eskarmentuak eta jakituriak kalitatezko produktuak ekoiztea bermatzen dizute.

Bai, kooperatiba moduan 1986tik ari gara lanean. Lekaleekin denbora pixka bat gutxiago daramagu, hasieran laboreekin aritzen baikinen. Haziz joan gara, berrituz, eta berrikuntza horren bidetik kalitatezko lekaleen ekoizpena egiten dugu. Hain zuzen ere, 2004an hasi gara lekaleekin lan egiten, duela ia hogei urte.

Berrikuntza Garlanen DNAren parte da. Horregatik, urtero I+G (ikerketa eta garapena) arloko proiektu berriak garatzen dituzue, produktibitatea hobetzeko, iraunkorragoak izateko eta negozio-eredu berriak sortzeko.

Etengabe eguneratzen eta berritzen ari gara. Nekazariek ekoizpen handiak izaten jarrai dezaten, eta, aldi berean, ekoizpen horiek zentzu guztietan iraunkorragoak izan daitezen, funtsezkoa da ikertzea eta negozio bide berriak garatzea, lan egiteko bide berriak, eta soroan jarduteko moduetan eta dihardugun gainerako esparruetan ere ikertzea eta berritzea.

Garlan markako lekaleak arreta handiz landatu eta ereindakoak dira.

Landatutako azalera 160 hektareakoa da guztira, barietate eta nekazari guztien artean. Lursailak txikiak dira, eta kasu askotan ez dira bi hektareatik gorakoak; nekazari bakoitzak landatutako batez bestekoa lau hektareakoa da. Ekoizpen txikiak dira, kontrolatuta edukitzeko, eta arreta handiz zaintzen ditugu ziklo osoan, kalitate mailak egokiak izan daitezen. Lekaleei dagokienez, zikloa lauzpabost hilabetekoa da, eta kalitatea bermatzeko zaintza eta kontrola etengabeak dira.

Sorotik kontsumitzailearen mahairaino zuzen iristen dira.

Bai, hala da. Gure instalazioetan garbitu eta ontziratu egiten ditugu, besterik ez. Ez dago inolako bitartekaririk. Nekazariengandik mahairaino iristen dira zuzenean.

Aipagarria da lekaleek lurzoruaren ongarritze naturala ahalbidetzen dutela.

Lekaleek eta lekadunek, oro har, nitrogenoa modu naturalean finkatzen dute lurrean. Landareak berak ongarritzen du lurra hurrengo laborantzak nitrogeno erreserba gehiago izan dezan, eta, horrela, ongarri sintetikoaren kopurua ahalik eta txikiena izan dadin.

Beraz, lekaleak landatzeak lurraldearen iraunkortasuna errazten du, lurzoruaren eta ingurunearen kontserbazio hobea bermatuz.

Lekadunen familia, oro har, gai da lurrean nitrogenoa modu naturalean finkatzeko, gure kalitatezko lekaleak barne, baina baita ilarrak eta babak ere, adibidez. Laboreen txandaketa zabaltzeko aukera ematen du. Arabako gainerako laborantza tradizionalekin alderatuta, erabat desberdina da. Lekaleei esker, lurzoruak egitura hobeak izaten ditu, leheneratu egiten da. Ondorioz, tokian monolaborantzarik ez dagoenez eta laboreak aldatzen direnez, ingurumenarentzat onuragarria da.

Arabako lurrak eta klima egokiak kalitatezko lekaleak landatzea errazten dute.

Lekaleak maiatz aldera ereiten dira, eta urrian jasotzen dira; orduan eguraldia egokia izaten da lekaleak landatzeko. Izaten ari garen uda arraro samar hauek salbu, normalean egunean beroa egiten du, eta gauak fresko samarrak izaten dira; beraz, landarea ez da estresatzen, eta kalitatezko produktua ematen du.

Noiztik lan egiten duzue Eroskirekin?

Hamar urte baino gehiago. Hasieran, Euskal Baserri gamarekin bakarrik, eta, haziz joan garen heinean, Eusko Label gamarekin ere bai. Bertako eta gertuko produktuaren aldeko apustua egin duten lehenak izan dira, eta erreferentzia berriak hartzeko prest daude.

Gustura elkarlan horrekin?

Merkataritza mailan oso gustura gaude Eroskirekin. Gure bezerorik hoberena da, duela urte batzuetatik hona. Erreferentzia eta kontsumo eredu berriak gehitzeko oso irekiak daude, horren alde daude. Harreman erabat komertzialaz gain, betidanik egin izan ditugu lan komunak eta lankidetza proiektuak, azken merkaturatze sarea hobetzeko.

Beste zerbait azpimarratu nahi duzu?

Nekazarien lana azpimarratu nahi nuke. Gure ekoizpenean ez dago bitartekaririk: aukeratu eta ontziratu egiten da, besterik ez. Nekazarien lana dago gure produktuen atzean, besterik ez. Ez dago bestelako misteriorik, nahiz eta saltokietan gure produktuak askoz handiagoak diren marketako produktuen ondoan egon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.