Hezkuntza

Plaiaundi Institutua, mende erdia trebakuntza beharrei erantzuten

Irungo Plaiaundi ikastetxeak 50 urte bete berri ditu. Enplegagarritasun handiko heziketa zikloak eskaintzen ditu, gaur egungo prestakuntza beharrei erantzuteko. Hiru ziklo berri emango ditu hurrengo ikasturtean.

Plaiaundi ikastetxea Irunen dago, Plaiaundi parke ekologikoaren ondoan. PLAIAUNDI IKASTETXEA
2023ko maiatzaren 9a
16:06
Entzun

Irungo (Gipuzkoa) Plaiaundi institutuak 1973ko urtarrilaren 8an ireki zituen ateak, Bidasoko eskualdean Lanbide Heziketan zegoen irakaskuntza arautuaren premiari aurre egiteko. 50 urteotan, eremu zabal bateko prestakuntza beharrei erantzuten aritu da, enplegagarritasun handiko zikloak ematen. «Enpresek eta ikasleek eskualdean nahi dutena kontuan hartuta, orokorrean oso azkar lortzen dute lana hemendik ateratakoan, zuzenean doaz lan mundura», Santi Rodrigo Plaiaundi institutuko zuzendariak azpimarratu duenez.

Irungo Udalak utzitako eraikin batean hasi ziren lanean Plaiaundi ikastetxean, Mendibil parkean zegoen Etxeandia eraikinean, 120 ikaslerekin, eta, urtez urte, ikastetxea hazten eta sendotzen joan da, prestakuntza sustatzen eta berritzen. Ikasle kopurua handitzen ari zenez —urte gutxiren buruan 1.200 ikasle ziren jadanik— eta leku gehiagoren premia zutenez, Anakako eskola publikoetara lekualdatu ziren. Azkenik, 1980an, Anaka utzi eta egungo kokalekuan errotu zen institutua, Plaiaundi parke ekologikoaren aldamenean. Ikastetxeak, gaur egun, 730 ikasle eta 94 irakasle ditu, eta ikastetxeak dituen hiru eraikinetan bideratzen dute euren eguneroko jarduna.

Ziklo berriak

Plaiaundi institutuak hamahiru heziketa ziklo eskaintzen ditu, erdi mailako lau eta goi mailako bederatzi, A, B eta D hizkuntza ereduetan. 32 dira guztira zentroak dituen taldeak, eta adar hauetako prestakuntza ematen dute: Informatika, Administrazioa eta kudeaketa, Osasungintza, Merkataritza eta garraioak, eta Gizarte eta kultura zerbitzuak.

Horrez gain, langile eta langabeentzako ikastaroak egin daitezke Plaiaundi ikastetxean, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez, bai eta Europako Batasuneko Gizarte Funtsaren bidez ere.

Aipagarria da eskaintza handitzekoa asmoa dutela eta 2023-2024ko ikasturtean hiru heziketa ziklo berri eskainiko dituztela: goi mailako bat, Sareko informatika-sistemen administrazioko goi-mailako teknikaria, eta erdi mailako bi: Farmazia eta Parafarmaziako teknikaria eta Errepide garraiorako ibilgailuak gidatzeko teknikaria.

Heziketa ziklo horien guztien nondik norakoen berri jakinarazteko eta Plaiaundi ikastetxearen instalazioak ezagutarazteko, ate irekien jardunaldiak izango dira maiatzaren 9an eta maiatzaren 10ean. Hilaren 9an erdi mailako zikloak ezagutarazteko eta biharamunean goi mailako zikloak.

Aurrematrikulazioa egiteko epea maiatzaren 8tik 26ra zabalik egongo da, eta ikastetxean bertan edo online ere egin daiteke, plaiaundi.hezkuntza.net webgunearen bidez.

Ospakizun ekitaldiak

50 urteotan, guztira, 400 irakasle baino gehiago eta 20.000 ikasle inguru aritu izan dira Plaiaundi institutuan. Ikastetxetik igaro diren pertsona horiek guztiek berrogeita hamargarren urteurrenaren ospakizunean parte hartu ahal izan dezaten, institutuak atal bat sortu du bere webgunean (plaiaundi.hezkuntza.net), ikasturte amaierarako programatutako ekitaldien berri emateko.

Horrela, besteak beste, maiatzaren 2an, Plaiaundin aritutako ikasleen topaketa izan da, maiatzaren 3an irakasleen eta langileen topaketa, maiatzaren 5ean 50. urteurreneko ekitaldi ofiziala egin da, eta institutuko ikasleek lantokiko prestakuntza egiten duten enpresei aitorpena egin diete, eta maiatzaren 6an oroimenezko argazkiak egin dira Mendibil parkeko Etxeandia eta Anakako eraikinetan izandako irakasleekin, langileekin eta ikasleekin. Azkenik, maiatzaren 12an, 50. urteurreneko bazkaria antolatu da, Plaiaundi institutuan lan egin duten irakasleentzat eta langileentzat.

Mende erdia beteta, Rodrigok «beste berrogeita hamar izan daitezen» nahi du, eta epe motzean dituzten helburu eta proiektuak azaldu ditu, etorkizunera egokitzeko gakoak izango direnak: «Espero dugu ikastetxe integratua izatea. Zentroa ere birmoldatu nahi dugu. Instalazioak berritu behar ditugu, eta hemendik lauzpabost urtera espero dugu Plaiaundi berri bat erakustea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.