Euskal Herriko Unibertsitateak konpromiso irmoa du euskararekin, sorreratik bertatik. Ez alferrik hasi zen goi mailako ikasketak euskaraz eskaini ahal izateko urratsak egiten duela ia 50 urte. Euskararen legea aplikatzeko nahitaezkoa zen denetariko profesional euskaldunak izatea, eta gizartea profesional euskaldun bikainez, talentu handikoez, hornitzea. Hala jasota geratu zen EHUren estatutuetako hasierako artikuluetan, EHUren orduko sustatzaileek nahi bezala, «euskal gizarteak euskaraz bikain lan egiteko prest zeuden profesionalak behar zituelako. Eta bai, Jose Ramon Etxeberriak bere garaian adierazi bezala, fisikari buruz ere euskaraz hitz egin daiteke, baita fisika nuklearrari buruz ere; are gehiago, egun gizartean inpaktu handia duen edozein gairi buruz euskaraz aritzeko gai diren adituak ditugu, dela klima larrialdia, adimen artifiziala, gaixotasun neurodegeneratiboak, ekonomia edo geopolitika», dio Igone Zabala, EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordeak.
Bide horretan aurrera jarraitzeko ezinbestekoa da euskara ardatz duen hizkuntza-plangintza sendoa izatea Euskal Herriko Unibertsitateak. Eta, horregatik ere, «EHUren ekintza-planaren atal guztiak zeharkatzen ditu euskarak eta hizkuntza-plangintzak», azpimarratu du Zabalak.
«EHUk Euskaraldia erabiliko du euskal komunitate sena indartu eta saretzeko»
Euskara ardatzean
Plangintza horrek erantzun beharko die, besteak beste, nazioartekotzeak dakartzan zenbait erronkari, «euskararen normalizazio prozesua ez oztopatzeko, euskara unibertsitate-komunitate osoaren kohesio-eragile izan dadin, euskarara erakartzeko baita gurera ikastera edota ikertzera datozenak ere, eta euskara eta gaztelania balioan jartzeko nazioartekotzeari eta talentua erakartzeari begira», gehitu du. «Funtsezkoa da hizkuntza ofizialak eta ez-ofizialak kontuan hartzen dituen eta euskara ardatz duen hizkuntza-plana egitea». Horregatik, aurtengo Euskaraldia baliatuko du unibertsitateak «euskal komunitate sena indartu eta saretzeko». Ildo horretan, «Euskaraldiak aukera emango digu unibertsitateko euskara-batzordeak berrindartzeko, inoiz baino gehiago behar baita modu bateratuan aritzea», azpimarratu du Zabalak.
«Euskaraldia moduko ekimenek aukera ematen digute gure komunitatea hobeto ezagutzeko eta ikusgai egiteko. Beharrezkoa zaigu gure arteko harremanak estutzea, kezkak eta ideiak partekatzea, konpromisoak hartu eta bideratzea, eta euskara-batzordeak horretarako tresna egokiak direla uste dugu, zaindu egin behar delako eguneroko jarduerak euskaraz izatea, eskura jarri behar zaiolako unibertsitateko komunitateari euskaraz ikastea eta lan egitea, baita euskaraz bizitzea ere».
«Euskaraldiak aukera ematen digu gure komunitatea hobeto ezagutzeko eta ikusgai egiteko»
Euskarara erakarri
Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitatera urtero gehitzen dira D ereduan ikasi duten gazteak. Iaz, batxilergoaren bidetik EBAU probak egitera 12.073 ikasle iritsi ziren, eta horietatik %77,2k euskaraz egin zituzten sarbide-azterketak, eta lanbide-heziketatik (849 ikasle) pasatakoen %55,48k. «Gazte horiek guztiek merezi dute unibertsitate euskalduna, lehen eta bigarren hezkuntzan hasi duten ikasketa-prozesua osatu ahal izateko. Horiek guztiak eta bestelako batzuk ere erakarri behar ditugu euskararen unibertsora», dio Zabalak.
Ezinbestekotzat jotzen du unibertsitatera heltzen diren ikasle guztien «profil sozial eta soziolinguistikoa monitorizatzea», unibertsitateak euskararen biziberritzean egin behar duen ekarpena hobeto ulertzeko eta planifikatzeko.
Unibertsitatean garatzen dituzte ikasleek erregistro formal eta espezializatuak, hizkuntza-erabilerak (ulermena eta ekoizpena) eskatzen duen askotariko atazen bitartez. «Garrantzitsua da, askotan azpimarratzen baita ez dagoela erregistro akademikoetan natiboa den hiztunik», zehaztu du errektoreordeak. Hizkuntza guztietan garatzen dira erregistro akademikoak unibertsitatean eta, beraz, bertan osatzen da hiztunen errepertorio linguistikoa edozein hizkuntzatan. Eta bide horretan dio, unibertsitatean prestatzen direla «maisu-maistrak eta denetariko irakasleak. Hortaz, unibertsitateak bermatu behar du gizartearen garapenerako funtsezkoak diren profesional horiek hizkuntza-gaitasun gorenak garatuko dituztela, hurrengo belaunaldiei horiek transmititzeko erantzukizunaren kontzientziarekin batera».
«Euskal Herrian tamaina honetako erakundeen artean euskarak duen arnasgune eta indargunerik handienetakoa da Euskal Herriko Unibertsitatea», nabarmendu du Zabalak, eta, dioenez, baldintzak badaude urrats garrantzitsuak egiteko. Horregatik, datozen sei urteetan EHUko kolektibo guztietan euskararen erabilera areagotzeko estrategiak garatu, euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko neurriak hartu eta euskararen biziberritze-prozesuan unibertsitatea euskal gizartearentzako erreferente bihur dadin lan egingo dutela berretsi du.