Oporrak Euskal Herrian

Urkiolako paradisua

Urkiolako parke naturala toki zoragarria da, aniztasunaren paradisua. Paisaia ederrez eta fauna eta flora aberatsaz goza daiteke.

Urkolako Santutegia. AGUSTIN SAGASTI
2020ko abuztuaren 22a
15:23
Entzun

Egun ahaztezin bat igarotzeko aproposa da Urkiolako pake naturala, naturaz eta mendiaz gozatzeko, aisialdiaz eta lasaitasunaz. Fauna eta flora aberatsa dauka, eta toki txundigarriak ezagut daitezke.

Basoak zoragarriak dira, zuhaitzen artean gustura galtzeko modukoak: pagadiak, artadiak, hariztiak, urkidiak eta ameztiak. 3.200 hektarea baso dago. Halaber, nabarmentzeko modukoa da parkean 700 landare espezie inguru daudela.

Urkiolako Parke Naturaleko mendietan mota askotako ornodunak daude, bakoitza bere habitatean, harkaiztegian, basoetan, larreetan eta erreketan. Ehun espezie baino gehiago: hegaztiak, ugaztunak, narrastiak, anfibioak eta arrainak.

Aipagarriak dira hegaztiak, harrapakari espezie asko baitaude, hala nola sai zuria, belatz handia, gabiraia eta aztorea. Pagausoak eta birigarroak ere ikus daitezke zeruan hegan egiten, migrazio bidaietan. Ugaztunen artean, berriz, haragijale hauek daude: lepahoria, lepazuria, katajineta, azkonarra eta katazuria.

Baso ederrak daude Urkiolako parke naturalean. BASQUETOUR

Panoramika ikusgarriak

Jarduera ugari egin daitezke Urkiolako parke naturalean. Besteak beste, paseoak, mendi ibilaldiak eta eskalada.

Hiru Gurutzetako begiratokitik Atxarteko haitzartearen eta Durangaldeko haran osoaren panoramika ikusgarriez goza daiteke. Ilunabar zoragarria ikus daiteke handik.

Urkiolako santutegia ere bisita daiteke. Bikotekidea aurkitu nahian dabiltzanak ez dira ahazten hiru bira emateaz santutegiaren aurreko harriaren inguruan.

Toki Alai interpretazio zentroan, parkean egin daitezkeen jarduerei buruzko argibide guztiak ematen dituzte, baita parkeari buruzko gainerako nondik norako guztien berri ere

Informazio gehiago nahi izanez gero, www.urkiola.net webgunean kontsulta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.