Hezkuntza

Usurbilgo Lanbide Eskola, bikaintasunaren bila

Usurbilgo Lanbide Eskola Lanbide Heziketako Bikaintasun Zentroen Estatuko Sarean sartu da aurten, Energia Berriztagarrien esparruan.

Usurbilgo Lanbide Eskolan azken urteetan apustu garrantzitsua egiten ari dira ibilbide luzeko lanbide arloak egungo teknologia eta prozesuetara ekartzeko. USURBILGO LANBIDE ESKOLA
2023ko maiatzaren 9a
14:41
Entzun

Bikaintasuna da Usurbilgo Lanbide Eskolaren ardatz nagusi bat. Horrela, Lanbide Heziketako Bikaintasun Zentroen Espainiako Estatuko Sarean sartu da aurten Energia Berriztagarrien esparruan. Sare horren helburu nagusia kalitatezko prestakuntza-programen garapena sustatzea da, lan-merkatuaren beharrei erantzuteko eta ikasleen garapen profesionalari laguntzeko.

Baina bikaintasuna ezin da arlo, programa edo ziklo batera mugatu, sare honen parte dira espezializazio adimendunean oinarritutako Lanbide Heziketako zentroak, ekosistema berritzaileen katalizatzaile bihur daitezkeenak. Azken batean, antolatzeko, lan egiteko, ikasteko eta irakasteko, izateko modu bat da.

Hori dela eta, azken urteetan apustu garrantzitsua egiten ari dira ikastetxean, ibilbide luzeko lanbide arloak egungo teknologia eta prozesuetara ekartzeko, horretarako instalazio eta baliabide teknikoetan inbertituz eta ikaskuntza eredu berrietara apustu ziurra eginez.

Jakintzek ezin dira izan euren artean bakartutako ikasgai eta moduluak izan, hori jada aspaldi ulertu zuten Lanbide Heziketan, baina nola txertatu eredu berri hau ikasleen ikaskuntza prozesuan? «Etengabeko hobekuntza prozesu bat izaten ari da», Usurbilgo Lanbide Eskolako arduradunen hitzetan. «ETHAZI eredua txertatu genuen, erronkak diseinatu eta ikasleen errola birdefinitu, euren ikaskuntza prozesuko protagonista eta arduradun bilakatuz. Ondoren, Balioak 4.0 bidez ezinbesteko hausnarketa txertatu genuen eredu honetan, nolako gizartea nahi dugu etorkizunean, nolako langile, bizilagun, aktore sozial behar ditugu? Aurten pauso bat aurrerago goaz, kalifikazio batetik haratago nola berma dezakegu gure ikasleek etorkizunean behar dituzten gaitasunak garatu dituztela zikloan zehar? Eta lanketa honetan gabiltza, eragile sozial ezberdinekin lan arlo bakoitzeko gaitasunak definitzen, baita horiek lortzeko ikaskuntza ibilbidea diseinatzen ere, etengabeko hobekuntza, hori ere bikaintasuna baita».

Enpresako egonaldi formatu berriak

Lanbide Heziketaren eta inguruko enpresen arteko elkarlana ezinbestekoa da ikasleen prestakuntzan. Enpresetan etengabe gertatzen ari diren antolakuntza aldaketek eta aurrerakuntza teknologikoek beren espazioa izan behar dute ikaskuntza prozesuan, benetan eguneratutako prestakuntza eskaini nahi bada.

Hori dela eta, enpresako egonaldi formatu berriak txertatu dira Usurbilgo Lanbide Eskolan, ikastetxeko prestakuntza eta lantokikoa euren artean osagarri eta ezinbesteko baitira. «Honela, iaz pilotu gisa hasi genituen lehen mailako enpresetako praktikekin jarraitu dugu aurten ere. Horrez gain, betiko aukerek ere jarraitzen dute: ikasleek praktikaldia egin ditzakete bigarren ikasturtean, hiru hilabeteko egonaldia eginez bertako edo Europako enpresa batean; edota DUAL programa ere hautatu dezakete, urte oso batean ikasketak uztartuz enpresa batean, kontratu edo beka batekin, lan eginez».

2022-2023ko ikasturtean praktikak atzerrian egiteko aukera izan dute erdi eta goi mailako zikloetako ikasleek. Aurten sei herrialde hauetan ari dira: Suedian, Portugalen, Herbehereetan, Txekiar Errepublikan, Italian eta Polonian. «Honez gain, azken urteetan nazioarteko departamentuak eginiko lanketari esker, Europako eta munduko harremanak sendotzen joan gara ikasle eta irakasleentzako aukera berriak zabalduz atzerrian. Aurten, erdi mailako Fabrikazio Mekanikoko eta Instalakuntzak eta Mantentzeko zikloetako lau ikasle hamabost egunez Alemanian izan ditugu, hango ikasleekin euren eguneroko bizimodua eta erronkak aurrera eramanez; maiatzean Alemaniako ikasleak izango dira gure ikastetxean. Formatu berean izan ditugu Danimarkako ikasleak gure ikastetxean Energia Berriztagarrietako zikloan, eta, orain, maiatzean gure ikasleak joango dira euren herrialdera».

STEAM Prestakuntza osagarria

Ikastetxeak STEAM Prestakuntza Osagarria bigarren urtez martxan izan du aurten, erdi mailako ikasleentzat. Helburua, STEAM gaitasunak indartzea da, aurrerago goi mailako ikasketekin jarraitu nahi dutenentzako. Horrela, astean sei orduko errefortzua eskaintzen da, ondorengo arloak landuz: Robotika eta Programazioa (Arduino, Scratch, Python), Matematika, Fisika, Kimika, Gaztelania eta Pentsamendu Kritikoa.

Aipagarria da aurten bigarren ikasturteko ikasleek Bartzelonan antolatutako VEX Robotics Competition Estatalean hirugarren postua lortu dutela, eta binakako txapelketan, lehen postua.

Aurrematrikula datak

Usurbilgo Lanbide Eskola bertatik bertara ezagutu nahi duenarentzat ateak zabalik daude. Aurrematrikula epea maiatzaren 8tik 26ra zabalik egongo da. Ikastetxean bertan egin daiteke edota online, Ikasgunea plataforman. Hori bai, ondoren matrikulatzeko aukera izateko, ezinbestekoa da aurrematrikula egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.