Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak 2024. urteko Ekonomistak saria jaso du urriaren 15ean, Bilbon, Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datorren lehiakortasun eredu iraunkorra bultzatuz gizarte ongizateari eta BBK-ren lurralde sustraitzeari egin dien ekarpena aitortzeko. Ekitaldia Bizkaia Aretoan izan da.
«Bere gidaritzapean, BBK-k ingurunearekiko konpromisoa sendotu du, finantza berrikuntza ikuspegi arduratsu eta jasangarriarekin uztartuz eta komunitatean eragin positiboa sortuz», nabarmendu dute sari hori eman ohi duen Ekonomisten Euskal Elkargokoek.
Ekonomisten Euskal Elkargoak arloko ia 4.000 euskal profesional ordezkatzen ditu, eta Ekonomistak saria Juan Etxegoien Etxebarria artistak xede horrekin sortutako eskultura bat da.
Giza balioak sustatu
Euskal Herrian gizarte edo giza balioak sustatuz, enpresa, ekonomia, enpresa ereduak edo gizartea garatzen laguntzen duten pertsona edo erakunde publiko zein pribatuak saritzea eta publikoki aintzatestea da Ekonomistak sariaren helburua.
BBK-k «eskerrik beroenak» eman dizkie 2024ko Ekonomistak sariaren banaketan izan ziren guztiei. «Ekonomisten Euskal Elkargoak emandako sari honek lehiakortasun jasangarriko eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datorren eredua finkatzeko asmoz Xabier Sagredok egin duen lana aintzatetsi du, eta gure erkidegoko gizarte ongizatearekin eta lurralde sustraitzearekin BBK-k duen konpromisoa indartu du. Biziki eskertzen diogu Ekonomisten Euskal Elkargoari aintzatespen honengatik eta ekitaldia antolatzeagatik, eta bereziki aipatu nahi genituzke Cristina Andres Urarte eta Iñaki Ruiz Manzano, abagune esanguratsu honetan erakutsitako babes eta konfiantzagatik».
Halaber, «bihotzez» eskerrak eman dizkiote BBK familiari, «lurralde honen jasangarritasunarekin eta garapenarekin dugun konpromisoan aurrera egiteko aukera ematen digun engranajea mobilizatzea ahalbidetzen duelako egunero egiten duen ahaleginari esker».
Iraunkortasunaren bidetik
Saria jasotzean Xabier Sagredok azpimarratu zuenez, «ESG, jasangarritasuna, eta antzeko kontzeptuei buruz berba egiteari utzi behar diogu, eta ez garrantzitsuak ez direlako, baizik eta dagoeneko gure erakundeen, gure politiken parte izan behar dutelako. Iraunkortasun edo jasangarritasunak eta produktibitateak sortuko dute hazkunde ekonomikoa».
Horregatik, pertsonen gizarte, ingurumen eta giza errealitateetako eraginak behar bezala kudeatzea ahalbidetzen duten ereduak behar direla esan zuen. «Eta iraupen lasterketa honetan, erakundeok funtsezko eragileak gara aldaketa desiratua eragiteko. Gauzak egiteko modu bat da, BBK banku fundazioan sinesten dugulako eta nahi dugulako barneratzen duguna, konbentzituta eredu horrek zuzeneko eragina duela ongizate estatuan».
Eragin positiboa komunitatean
Alde horretatik, jasangarritasuna, berrikuntza eta komunitatean eragin positiboa erakundeen funtsezko zutabe bihurtu behar direla argi dute BBK-n. «Uste hori gurekin partekatzen duten pertsona eta erakunde guztiengana zabaldu nahi dugu sari edo errekonozimendu hau. BBK-n geure gain hartzen dugu norabide horretan arduraz lanean jarraitzeko konpromisoa, horrela, bizkaitar guztientzako gizarte ongizatean eta etorkizun hobean laguntzeko. Eskerrik asko, bihotzez».
Xabier Sagredo Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, finantza arloan espezializatua, eta hainbat arlotan graduondokoa eta arrisku teknologikoei buruzko prestakuntza du. 25 urte baino gehiagoko esperientzia exekutiboa du finantzen, energiaren eta iraunkortasunaren arloetan. Gainera, eskarmentu handia du hasieratik proiektuak sortzen eta hedatzen, luzera begirako balioa sortzeko ikuspegiarekin.
Gaur egun BBK-ko presidentea da. Haren lehendakaritzapean, erakundearen eraldaketa integralaren buru izan da, lehiakortasun jasangarriaren ereduan oinarrituz. «Bidezko lehiakortasuna, berrikuntzaren, teknologiaren eta talentuaren aldeko apustua egiten duena, gizarte, ingurumen eta gobernantza irizpideak errespetatuz», BBK-tik adierazi dutenez.