«Ekaitza espero baino gogorragoa izan zen, batez ere txingorraren tamainagatik»

BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun

Azkenaldian gogor erasaten ari dira ekaitzak Euskal Herrian. Euskalmeteko arduradun Jose Antonio Arandak (Durango, Bizkaia, 1961) ez ditu zuzenean klima larrialdiarekin lotu, baina uste du itsasoa berotzeak eragina izan dezakeela.

Azken egunetan, eguneroko ogia dira txingorra, euri jasak, tximistak... Normala al da?

Normalean, ekaitz aldiak ez dira izaten egun batekoak soilik. Alde horretatik, ez da arraroa. Pixka bat arraroagoa zera da, edukitzen ari garen intentsitatea. Tximista asko izan ditugu ekaitzetan, eta prezipitazio oso biziak egon dira. Gero, txingorraren tamaina da adierazgarriena. Atzoko [asteleheneko] txingorra pentsatzen genuen baino handiagoa izan zen: espero genuen hiru zentimetro ingurukoa izatea, eta punturen batean bost zentimetrokoa ere izan zen. Txingorraren tamaina izugarrizko astakeria izan da.

Eta zergatik gertatu da?

Ezin da zehazki esan arrazoia; arrazoi txiki asko daude, eta elkartzen badira, aukera horiek daude. Ekaitz batzuk gehiago garatzen dira; beste batzuk, gutxiago. Nahiko ausazkoak dira. Argi dago espero genuen baino gogorragoa izan zela, batez ere txingorraren tamainari dagokionez.

Klima larrialdiak zerikusirik izan dezake fenomeno horiek sortzerakoan?

Ez dakit. Itsasoko uraren tenperatura 23-24-25 graduan egon da egunotan. Tenperatura oso altua da. Horrela, energia asko sortzen du, eta, batez ere, bapore asko. Horrek lagundu egiten du gauza larriagoak gertatzen. Alde horretatik, uste dut klima aldaketak eragina izan dezakeela. Ekaitz hau klima aldaketak eragin duela? Ez nuke esango hala denik.

Meteorologoek aurreikuspen zehatzak egin al ditzakezue?

Ezinezkoa da. Jakin dezakezu zer eremutan dagoen probabilitate handia ekaitzak sortzeko, baina eremu horretan egongo dira leku batzuk non ez duen euririk egingo eta beste batzuk non prezipitazio handiak izango diren.

Zer gertatuko da etorkizunean? Horrelako ekaitzak errepika daitezke?

Seguru baietz. Bost zentimetroko txingorra ez da batere ohikoa, baina duela 50 urte ere ikusten zen. Gertatzen dena da orain badirudiela gehiagotan ikusten ditugula gauza gogorrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.