%10,4 jaitsi da makina erreminten ekoizpena

Aurten ere beherako joera izango ei du, eta hurrengo urtea arte ez du hobera egingo

Xabier Lopetegi.
DONOSTIA
2004ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Makina erreminten ekoizpenak %10,4 egin zuen behera joan zen urtean Espainian, eta aurten ere joera hori izango du, atzo AFMk Espainiako Makina-Erreminta Ekoizleen Elkartea emandako datuen arabera. 2004a urte «konplikatua» izango dela iragarri zuen AFMko lehendakari Rafael Barrenetxeak, nazioarteko ekonomiaren geldialdiak bezero nagusiek «eskaera gutxi egitea» eragin duelako. Espainiako ekoizpenaren %93 biltzen dute AFMko enpresek, eta horietatik gehientsuenak Hego Euskal Herrikoak dira. Guztira, 6.000 langile inguruk egiten du lan enpresotan

Sektorearen fakturazioa 820,4 milioi eurokoa izan zen iaz. Kopuru horretatik, %56 esportazioei dagokie. Beraz, 2002ko portzentajeari eutsi dio AFMk. Barrenetxearen ustetan, «datu positiboa» da hori, «nazioarteko egoera ekonomikoa kontra daukagulako, eta euroak dolarrarekiko duen balioa kontuan hartuta». Inportazioen halako %109 esportatu zuen AFMk. 422,1 milioi euroko balioa izan zuten atzerrian egindako erosketek, hau da, 2002an baino %10,5 gutxiago. Dena den, atzerrian egindako salmentek beherakada nabarmena izan zuten iaz ere, 2002koekin alderatuta: %15,4 gutxitu ziren. Alemania izan zen erosle nagusia; AFMren esportazioen %23 bildu zituen, 2002an bezalatsu. Orobat, Txinara eta Malaysiara egindako esportazioak hazi ziren. «Ezusteko pozgarritzat» jo zuen hazkunde hori Barrenetxeak, «nolabait Estatu Batuetako eta Europako bezeroen eskaeren eskasia orekatzeko balio izan duelako». Aurten ere urte gogorra espero du Barrenetxeak. «Lehen hiru hilabeteak, martxoa, salbu, ez dira onak izan. Hornitzen ditugun sektoreetako enpresak oso gutxi inbertitzen ari dira, makinen eskariak behera egin du, eta horrek konpainiei kalte egin die». Enkarguak lortzeko lehia oso zorrotza dela dio Barrenetxeak. «Deskontu handiak eskaintzera behartuta daude enpresak. Hori dela-eta, etekin-marjina gero eta txikiagoa da».AFMren aurreikuspenen arabera, makina-erreminten ekoizpena %5 eta %6 artean jaitsiko da, aldaketa handirik egon ezean. 2005ean, berriz, ekoizpenak gora egitea espero du Barrenetxeak. Bi urte gero, 2007an, 1.000 milioi euro inguru produzituko ditu AFMk, elkarteak egindako aurreikuspenak betetzen badira bederen. Ekoizpenak 2001. urtean jo zuen gailurra, 990 milioi euroko kopuruan, baina behera egin du geroztik.

«Krisialdi ziklikoak»

Zailtasunak zailtasun, azken hiru urteetako krisialdia normala dela iritzi dio Barrenetxeak: «Nazioarteko ekonomiaren egoerak asko eragiten dio makina-erremintaren sektoreari. Azken hamar urteetan, ekoizpenaren %57,8 esportatu dugu. Sektore esportatzailea da, eta ekonomiak atzera egiten duenean edo hazten ez denean berehala nozitzen du hori». Bere ustez, 2002. urteko amaieran ekonomiak hobera egingo zuela bazirudien ere, iaz ez zen suspertze hori gauzatu; herrialde garrantzitsuenetan ez behintzat. «Alemaniaren BPGak %0,1 egin zuen behera; Italia %0,4 hazi zen, eta Frantzia %0,2. AEBetako ekonomia %3,1 handitu zen, baina ikusteke dago hauteskundeen emaitzek nola erasaten dioten hazkunde horri».

AFMko lehendakariaren esanetan, sektorearen ezaugarri berezien ondorio dira ekoizpenaren gorabeherak. «Makina- erreminta inbertsio ondasuna da. Ekonomia hazten ez denean, gure bezero nagusiek autogileak, batik bat, inbertsioak murrizten dituzte berehala, gure kalterako».Halaber, Europa Ekialdeko eta, batez ere, Asiako herrialdeek ekoizleak sasoi betean daudela azpimarratu zuen: «Japoniak, Taiwanek eta Koreak gora egin dute. Txina oso merkatu erakargarria da, eta asko saltzen ari dira bertan, izan ere, gu baino erraztasun handiagoak dituztelako. Japonia izan zen iaz munduko ekoizlerik handiena, Alemaniari aurrea hartuta».Europan esportatzaile diren beste herrialdeak ere krisialdian murgilduta daude, AFMko lehendakariak adierazi zuenez:«EBko kideen ekoizpena %10 gutxitu zen iragan urtean. Guztira, munduko produkzioaren erdia biltzen dute, beraz, mundu osoko egoeraren adierazgarri da datu hori». Nolanahi ere, etorkizunera begira itxaropentsu agertu zen Barrenetxea: «Ziklo txar hau datorren urtean amaituko delakoan gaude».

-

SEKTOREA, KEZKATI



Deslokalizazioaren beldur



Makina-erremintak ere deslokalizazioaren erronkari aurre egin beharko diola aitortu zuen Barrenetxeak. «Orain arte urrun ikusten genuen gertakaria zen, baina badakigu guri ere eragingo digula. Ez dakigu nola, ordea». AFMko lehendakariaren esanetan, «autogintza industria Europaren Ekialdeko eta Asiako herrialdeetara mugitzen ari da lantegiak, kostu txikiagoak izateko. Horrekin batera, makina-erreminten ekoizpena ere norabide berbera hartzen ari da, eta baita kontsumoa ere».

Bestalde, azken bi urteetako krisiak ez die, bere ustez, kalte handirik ekarri sektoreko langileei. «Ongi defendatzen gara arlo horretan. Zaila da lanbidea ikastea, enpresek inbertsio handia egiten dute haien langileak ahalik eta hoberen prestatzeko. Ondorioz, horrelakoetan, lan-ordutegiak moldatzea izan ohi da irtenbidea». Barrenetxearen iritziz, makina-erreminta industria ohituta dago estutasunei aurre egitera: «1993an izan zen krisialdirik larriena. Hiru urteren tartean %50 egin zuen behera ekoizpenak, eta hainbat enpresa itxi behar izan zituzten. Azkenaldikoa ez da hura bezain larria izan, eta enpresa batek soilik eten ditu ordainketak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.