Langabezia

12.400 langabe gutxiago Hego Euskal Herrian

Urteko bigarren hiruhilekoan, 225.000 lagun zeuden lanik gabe Euskal Herri osoan, biztanleria aktiboaren %15,7.

Iker Aranburu.
2013ko uztailaren 25a
16:56
Entzun

Langabe kopurua jaitsi egin zen Hego Euskal Herrian 2013ko bigarren hiruhilekoan, INE Espainiako estatistika erakundeak kaleratutako inkestaren arabera. Apiriletik ekainera arte,  210.300 langabe gutxiago zenbatu ditu INEk, aurreko hiruhilekoan baino 12.400 langabe gutxiago. Langabezia lurralde guztietan gutxitu da: 8.100 langabe gutxiago daude Bizkaian (%16,7ko langabezia tasa), 2.600 gutxiago Nafarroan (%18,3), 1.300 gutxiago Araban (%15,6) eta 400 gutxiago Gipuzkoan (%13,3). 

INEren datu berriak ez datoz bat joan den astean Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat zabaldutakoekin, horretan langabe kopurua handitu egin zela esaten zuelako. Baina, aspaldiko partez, bi inkestek langabe kopuru antzekoa ematen dute hiru lurraldeetan: 153.600 daudela dio Eustatek, eta 154.900 INEk. Historikoki sekulako aldea egon da bien artean, eta Eustatek (inkestatu gehiagorekin) langabe gutxiago eman ditu. Iaz, batez beste, %12,1eko langabezia tasa eman zuen Eustatek eta %14,6koa INEk.   

Ipar Euskal Herriko datu ofizial-ofizialik ez dago, baina Gaindegiak INSEE Frantziako estatistika erakundearen datuetan oinarritutako azken kalkuluak dio 15.154 langabe daudela Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Hau da, langileen %11,3 beharrik gabe daudela.

INEren inkestaren alde beltza da haren arabera 200 lagun gutxiagok dutela lana gaur egun. Hau da, lan egiteko asmoarekin jende gutxiago egoteak ekarri duela langabezia tasa apaltzea. Biztanleria aktiboaren jaitsiera oso handia izan da hiruhileko horretan: 12.600 gutxiago. Biztanleria zahartu izanak, emigrazioa gertatu izanak edo herritar askok lan merkatua utzi izanak azal dezakete datu hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.