138 kaleratze salatzeko greba egin dute Caixabankeko langileek Hego Euskal Herrian

Sindikatuen arabera, greba erabatekoa da langileen artean eta zuzendaritza taldeetan, %60-70ekoa. Salatu dute finantza taldeak lana erregulatzeko espedientean ezarritako baldintzak «basatiak» direla, eta neurrigabeak, Nafarroaren kasuan

Langileen protesta gaur, Iruñeko Carlos III etorbideko egoitza nagusiaren aurrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2021eko ekainaren 22a
14:21
Entzun

Bankiarekin bat egin ondotik, Caixabank finantza taldeak bere historiako kaleratze kopuru handiena iragarri zuen apirilaren 20an. Bateratzeak eragindako bikoizketa arrazoituta, 1.534 bulego eta 8.291 langile kaleratuko ditu, lantalde osoaren %19. Hego Euskal Herrian, zehazki, 1.800 langiletik 138 inguru kaleratuko ditu. Bankuak aurkeztutako erregulazio espedientearen aurka protesta egiteko, gaur greba egin dute langileek, eta Hego Euskal Herrian erantzuna oso handia izan dela azpimarratu dute.

Lau lurraldeen artean Nafarroan izango dira kaleratze gehien, eta Iruñeko egoitza nagusian elkarretaratzea egin dute sindikatuek, 11:00etan, Guztiok gara Caixabank, ERErik ez lelopean. Bertan, sindikatuek jakinarazi dute grebaren erantzuna erabatekoa dela, %90etik gorakoa, eta zuzendarien artean %60-70 ingurukoa.

Finantza krisian, 19.000 milioi eurotik gorako zuloa izan zuen Bankiak eta Europak eta Espainiak jarri beharreko erreskate publikoaren zati handi bat Bankiara zuzendu zen. Orain, Caixabankek dio banku horren sinergiak baliatu nahi dituela, baina Hego Euskal Herriko lurraldeetan Bankiaren sarea oso txikia da. Espainian, Bankiatik datozen bi langileko talde berrian langile bat kaleratzeko asmoa azaldu du zuzendaritzak, baina Euskal Herrian, Araban, Gipuzkoan eta batik bat Nafarroan proportzio hori hautsi egiten da. Zehazki, Nafarroan, Bankiatik hamasei langile datoz, eta Caixabankek 69 iragarri ditu.

Salvador Iriarte UGTko ordezkariak gainerako sindikatuen izenean hitz egin du, eta nabarmendu du prest daudela erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzeko, baina salatu du aurkeztutako dosierra «basatia» dela, eta eurentzako asmo «onartezinak» dituela. Iriarteren arabera, Caixabankek derrigortu egin nahi ditu kaleratze batzuk. Adibidez, borondatezko kaleratzeak sustatuko dituela adierazten du, eta ondoren kaleratzeen %40k 50 urtetik beherakoak izatea zehazten du. Sindikatuen arabera, irizpide hori tranpatia da. «Gutako edonor kaleratu dezakete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.