Greziako Gobernuak 37.000 milioi euroren zerga iruzurra aurkitu du. Evangelos Venizelos Finantza ministroaren arabera, horietatik 32.000 milioi enpresek ordaindu behar zituzten, eta 5.000 milioi, partikularrek. Zulo hori guztia 15.000 zerga ordaintzaileren artean egin dutela jakinarazi du, eta datorren astean haien guztien izenak jakinaraziko dituela agindu du.
Eurostatek emandako datuen arabera, iaz 24.193 milioi euroko defizita izan zuen Greziak, eta 328.588 milioiko zorra. Beraz, zerga iruzurra zorraren %10 baino handiagoa da herrialdean. Hainbat kasutan, diru asko utzi da ordaindu gabe. Venizelosen esanetan, 150.000 euro baino handiagoko iruzurra egin dute bost mila lagunek baino gehiagok.
Horrez gain, Finantza ministroak esan du atzerriko banketxeetan 5.500 milioitik gora dituztela greziarrek. Hala, Suitzarekin eta beste hainbat herrialderekin jarri da harremanetan ogasunetik pasa gabeko funts horiek berreskuratu ahal izateko.
Garraiorik ez, eta zabor asko
Bien bitartean, bigarren egunez jarraian garraiorik gabe egon zen herrialdea atzo. Langileak ez daude ados gobernuak proposatutako enpresen fusioekin, ezta soldata murrizketekin ere. Aireporturako bidea egiten duten aldirietako tren batzuk bakarrik ibili ziren Atenasen. Izan ere, bezperan ez bezala, taxi jabeek ere bat egin zuten lanuztearekin.
Orain artean taxi lizentziak izoztuta zeuden eta 10.000 euro ordaindu behar izaten ziren eskualdatzeko. Araudi berriaren arabera, 5.000 euro aski izango dira. «Sektorea liberalizatu aurretik odola isurtzeko prest gaude, baita gure bizia uzteko ere», esan du Thimios Liberopulus taxi gidarien sindikatuko presidenteak.
Ez dira sektorearen liberalizazioaren beldur diren bakarrak. Abokatuek eta medikuek ere egin zuten bat protestekin. Udaletako langileek, berriz, bi aste daramatzate greban. Hori dela eta, zabor asko pilatu da kaleetan.
15.000 lagun, 37.000 milioiren iruzurra
Greziako Finantza ministroak esan du jakinarazi egingo dituela iruzur egin duten guztien izenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu