Mariano Raxoi Espainiako gobernuburua Bruselako goi bilerako protagonista bihurtu zen atzo, Europako Batzordeak defizitari jarritako muga ez duela errespetatuko adierazi ostean. Aurten BPG barne produktu gordinaren %4,4ra mugatu beharra zeukan Espainiako defizit publikoa, baina kontuak desoreka handiagoarekin itxiko dituela ziurtatu zuen: %5,8koarekin. Ikusi egin behar Bruselak muga berria onartzen dion ala ez. Ekainera arte, ordea, ez du baietzik edo ezetzik esango.
Ez du Bruselak agindutakorik egingo, baina, hala ere, murrizketa neurri oso gogorrak hartu beharko ditu, iazko %8,51tik aurtengo %5,8ra koska handia dagoelako. 29.000 milioi euroko koska, hain justu. Abenduaren 30ean dagoeneko gastua 15.000 milioi euromurrizteko neurriak hartu zituen; beste 14.000 milioi geratzen zaizkio, beraz.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordearen esanetan, estatuak %4ko defizitarekin bukatu beharko du urtea; autonomia erkidegoek %1,5ekoarekin; eta udalek %0,3koarekin. Horrek esan nahi du murrizketarik handienak erkidegoek egin beharko dituztela, iaz batez beste %2,94ko defizitarekin amaitu zutelako urtea eta diru sarrerak handitzeko oso baliabide gutxi dituztelako eskura. Muga errespetatzeko mozketak egin beste erremediorik ez dute, hortaz. Estatuak, aldiz, badu diru sarrerak handitzeko modua.
Kopuru berriak helburua betetzeko aukera handiagoa emango die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Iragan urtean bietako inork ez zuen errespetatu %1,3ko muga hori: Eusko Jaurlaritzak %2,54ko desorekarekin bukatu zuen urtea, eta Nafarroako Gobernuak, %1,89koarekin.
Iaz autonomia erkidegoak izan ziren Espainiako defizita aurreikusi baino handiagoa izatearen erantzule nagusiak, Madrilek jarritako %1,3ko muga iaz bikoiztu egin zutelako (%2,94). Estatuak %4,8ko helburua gainditu eta %5,1eko desorekarekin bukatu zuen; udalek %0,38arekin, agindutako %0,3aren ondoan; eta Gizarte Segurantza %0,09ko defizita pilatu zuen, aurreikuspenek %0,4ko superabita izango zuela ziotenean.
Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen 2012rako gastuaren sabaia ere. Teorian 118.565 milioi euro, baina errealitatean 116.295 milioi euro, iazko zintzilik gelditutako ordainketak egin ostean. Horrenbestez,iaz baino %12,5 diru gutxiago izango dute ministerioek gastuei aurre egiteko.
Itun fiskala, sinatuta
Europako Batasuneko herrialde guztiek, Erresuma Batuak eta Txekiar Errepublikak izan ezik, itun fiskal sinatu zuten atzo, eta horrela, aurrekontuak zorrotz errespetatzeko konpromisoa hartu. «Europako Batasunean konfiantza berreskuratzeko urrats garrantzitsua da ituna», nabarmendu zuen Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak ituna sinatzeko ekitaldiaren hasieran.
Orain, ituna herrialde bakoitzeko parlamentuek berretsi beharko dute. Eta prozesuak luze joko du, urtebete inguru, Irlandak herri galdeketa bat eta guzti egin beharko baitu.
Hala, urtarrilaren 31ko goi bileran adostutako ituna 2013ko urtarrilaren 1ean sartuko litzateke indarrean, baldin eta ordurako EBko 12 herrialdetako parlamentuek berresten badute. Bestela, 12 estatukidek berretsi osteko hilabetearen lehen egunean sartuko da.
Londresek eta Pragak ituna onartu ez duten arren, oraindik ateak zabalik dituztela gogorarazi zien Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak.
%1,5eko defizit muga izango dute Nafarroak eta Jaurlaritzak
Bruselari erronka jo, eta urtea %4,4ko defizitarekin bukatu ordez %5,8koarekin bukatuko duela dio Raxoik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu