2.000 milioiren truke Iberdrolaren %6 erosiko du Qatar Holdingek

Argindar konpainiako hirugarren akzioduna izango da, ACSren eta BBKren atzetik; ACSren partaidetza %19ra murriztuko duBazkide berriak ez du administrazio kontseiluan sartzeko interesik, oraingoz

Donostia
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Asteko operazio bat. Iragan astean, energia berriztagarrien sektoreko filiala —Iberdrola Renovables— irentsiko zuela iragarri zuen Iberdrolak; atzo, berriz, Qatar Holding inbertsio funts subiranoak erosiko duela konpainiaren %6,16. Iberdrolako bazkide estrategiko bilakatuko da horrela, soilik ACS eta BBK izango baititu aurretik. Argindar enpresak jakinarazi du, gainera, qatartarrek ez dutela administrazio kontseiluan sartzeko interesik erakutsi, oraingoz behintzat.

Erosketa egiteko, kapitala 1.906 milioi eurotan handitzeko operazio bat gauzatu beharko du Iberdrolak. Merkatura ateratzen dituen akzio guztiez gain, argindar konpainiak bere zorroan dituen tituluetako batzuk —115 milioi eurorenak— ere erosiko ditu inbertsio funtsak. Akzioko 5,633 euro pagatuko ditu; beraz, guztira 2.021 milioi euro kostako zaio Iberdrolaren %6,16 bereganatzea.

Bazkide berriaren sarrera primeran datorkio Bizkaiko argindar konpainiari, finantzak indartzea ez ezik, hitzartuta dauzkan operazioak arazorik gabe gauzatzea ahalbidetuko diolako. Dagoeneko adostuta dauka Brasilgo Elektro Electricidades e Servicios oso-osorik bereganatzea eta Iberdrola Renovables irenstea. Azken operazio horretan, baina, aldaketak eragingo ditu qatartarren etorrerak. Joan den astean, Ignacio Sanchez Galanek gidatzen duen taldeak aurreratu zuen kapital hedapen bat egin beharko zuela berriztagarrien arloan duen filiala erosteko. Baina, atzo iragarritako kapital hedapenak ezeztatuta utzi zuen aurrenekoa, titulu propioak erostetik aterako duena nahikoa izango zaiolako Iberdrola Renovablesen erosketa finantzatzeko.

Qatarren hainbat bulego jartzeko asmoa duela ere jakinarazi du Iberdrolak, Ekialde Hurbileko jarduerak zuzentzeko. Besteren artean, ikerketa eta garapen arloko jarduerak bultzatzeko asmoa du energia berriztagarrien eta auto elektrikoaren esparruetan eta 2012ko Munduko Kopari begira.

Iberdrolako iturriek bazkide berriaren garrantzia nabarmendu dute, enpresa esanguratsu askotan dituelako luzerako inbertsioak, besteak beste, Volkswagenen, Santander bankuaren Brasilgo adarrean, Hochtiefen, Sainsburyn, Lagarderen eta Credit Suiseen. Iberdrolak berak ere izan ei du negozio harremanik inbertsio funts arabiarrarekin.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak Saudi Arabia eta Qatarrera egindako bidaiak berehalako fruituak eman dituela dirudi. Espainiara bueltatu zenean, bi herrialde horietako gobernuek 3.000 milioi euroren inbertsioak agindu zizkietela kontatu zuen. Eta atzo Iberdrolak iragarritako hitzarmenaizango litzateke Zapaterok esandakoaren froga, Qatarko petrolio eta gas baliabideak kudeatzen dituen sozietatea baita Iberdrolaren akziodun berria. 85.000 milioi dolarren aktiboak ditu Qatar Holdingek.

Florentinoren amesgaizto

Gainontzeko akziodunek Iberdrolaren kapitalean duten partaidetza txikitzea ekarriko du qatartarren sarrerak. Egun, ACS eraikuntza taldea da akziodun nagusia; zuzenean eta zeharka, akzioen %20,2 kontrolatzen ditu. Florentino Perez presidenteak behin baino gehiagotan esan du bere asmoa akzioen %30 eskuratzea dela. Baina Iberdrolak azkenaldian egin dituen urrats guztiak asmo hori zapuztera doaz. Atzo iragarritako operazioarekin, esaterako, %19ra jaitsiko da ACSren partaidetza, eta Iberdrola Renovables irentsi ostean beste %0,5 eta %1,5 artean jaitsiko da.

Baina oraingoa ez da Qatar Holding Perezen bidean gurutzatzen den lehen aldia, ez eta haren asmoak zapuzten dituen lehen aldia ere, antzerako zerbait gertatu baitzitzaion Alemaniako Hochtief eraikuntza enpresan ere. Baina ez hori bakarrik. ACSko presidente izateaz gain, Real Madril futbol taldekoa ere bada Perez. Horrenbestez, kirol arloan, Bartzelona du aurkaririk handiena. Bada, Qatar Holding Bartzelonaren babeslea izango da datozen bost denboralditan, eta jokalariek haren izena eramango dute elastikoetan. Beraz, nahita ere, ezin qatartarrez ahaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.