Europako Batasunean, jarduera ekonomikoak sortzen duen 100 euro bakoitzeko administrazioek batez beste 38,4 euro biltzen ditu zerga, tasa eta gizarte kotizazioen bidez. Aldiz, Nafarroan, 30,6 euro biltzen dituzte. Zerga presio horren azpitik Espainia (%30,4), Grezia (%30,3) eta Irlanda (%28,2) baizik ez daude. ELAk egin berri duen azterketa batek ondorioztatu du 2007tik hona zerga presioa %3,2 apaldu dela Nafarroan: «Zerga presioaren erorketa ez da jarduera ekonomikoa erori delako, baizik eta zerga presioa jaitsi egin delako». Mikel Noval ELAko gizarte arloko idazkariaren arabera, gaur egun 2007ko zerga presio berari eutsi izan balio gobernuak 626 milioi euro gehiago bilduko lituzke; hau da aurten ezarriko diren 294 milioi euroko gastu murrizketaren bikoitza.
Nafarroako Gobernuak 2012ko aurrekontuetan gehienez barne produktu gordinaren %1,3 adinako defizit publikoa izateko konpromisoa azaldu du. ELAk salatu du gastua murrizten jarraituko duela gobernuak. Haatik, Novalen aburuz, «zerga bilketa handituta defizita nabarmen murrizteko aukera egon badago».
ELAren arabera, gobernuak bestelako bidea hartu eta gastu publikoa nabarmen murrizteko bidetik jo du. Iñaki Zabaleta ELAko azterketa bulegoko kideak azaldu du murrizketek bete-betean eragiten diotela gizarte gastuari.
Osasun departamentuak, kasu, berriki txosten batean aurten 95,8 milioi euroko gastua murrizteko asmoa azaldu du. Txosten horrek argitzen du 35,8 milioi euro murriztuko direla azkenik, baina 2012an murrizketen bide beretik jotzeko asmoa azaltzen du. Hala, ospitaletako sukalde zerbitzuak pribatizatu, behin-behineko langileak kontratatzeari utzi edo ospitale pribatuekin elkarlanerako itunak bultzatzeko asmoa salatu du ELAk. «Gobernuak zerbitzu pribatua indartzeko apustua egin duela erakusten du», dio Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAko koordinatzaileak.
«Eskandalu bat da»
ELAk arrazoitzen du zerga bilketaren erorketa ez dela krisi ekonomikoaren ondorioa. Adibidez,2009tik 2010era sozietate zergaren diru bilketa %54 erori zen, eta enpresaburu zein profesionalen errenta zergaren bilketa %13 pasa; aldiz, epe berean langileen errenta zergaren bilketa %0,5 baino ez da jaitsi eta balio erantsiaren gaineko zerga %27 igo da. Hala, zuzeneko zerga bidez biltzen diren hamar eurotik zortzi langileei dagokie. Gainera, lan errentek 2009an batez beste urtean 25.000 euro aitortzen zituzten bitartean, profesionalek 9.200 euro aitortu zituzten eta enpresaburuek 6.237 baino ez. «Zifra horiek eskandalu bat dira».
Mitxel Lakuntzak salatu du murrizketek are langabe gehiago eragingo dituztela, eta zerga politika errotik aldatzea eskatu du. ELAk proposatzen du, batetik, zerga iruzurrari gogor erasotzea. Bestetik, errentaren gaineko zergan errenta handiei zerga tasa %4tik %55era igotzea proposatzen du, eta sozietate zergan %35eko zerga tasa uniformea ezartzea. Zerga pizgarriak nabarmen murriztearen alde azaltzen da, era berean, sindikatua.
2007ko zergekin, 626 milioi gehiago foru gobernuarentzat
ELAk ondorioztatu du iraganean ezarritako zerga jaitsieren ondorio dela egungo finantza publikoen desoreka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu