2012a enpresentzat eta langileentzat «latza» izango zela esan zuen Eduardo Zubiaurre Adegiko presidenteak otsailaren hasieran. Zenbait arlotan krisia abiatu zenetik urte okerrena izango dela iragarri zuen. Hilabete eta erdi geroago, 2012a latza izaten ari dela baieztatu zuen, baina baita ohartarazi ere zenbait arlotan uste baino latzagoa izan daitekeela; enpleguan, esaterako. Urtarrileko eta otsaileko datuak ikusita, joera «katastrofista» dela esan zuen atzo Zubiaurrek.
Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteko presidenteak Batzar Nagusietako Berrikuntza Batzordean hitz egin zuen atzo, PPk eskatuta, probintziako ekonomiaren egungo egoerari eta datozen hilabeteetarako aurreikuspen txarrei buruz. Funtsean, urtarrileko inkestaren berri eman zien batzarkideei: egoera txarra da, eta guztiek elkarrekin lan egin behar dute krisiari aurre egiteko, enpresaburuek, Administrazioak, gizarte eragileek eta herritarrek.
Adegik urtarrilean egin zuen azkeneko inkesta enpresaburuen artean. Emaitzak ikusita, Adegik honako aurreikuspen hauek egin zituen 2012rako: gutxienez, enpresen %5 ixtea; hartzekodunen legera edo enplegua erregulatzeko dosierrera joko duten enpresek «goia jotzea»; 1.300 lanpostu galtzea; ekonomia atzeraldian sartzea; barne produktu gordina(BPG), gutxienez, %0,5 uzkurtzea; enpresen eskaerak eta salmentak jaistea; eta enpresa gehienek irabazirik ez izatea (iaz bitik bat ziren).
Urteak beharko dira ekonomia 2008ko egoerara bueltatzeko, bueltatzen bada. Zubiaurrek Pedro Luis Uriarte Innobasqueko presidente ohiaren esaldi bat aipatu zien batzarkideei: «EAEk krisia bost urteko hazkundearekin ordainduko du; Espainiak, bederatzi urtekoarekin».
Enpresek, Zubiaurreren esanetan, alarma guztiek jo dutela uste dute: «Krisiaren bosgarren urtea da, eta egoera gero zailagoa da». Irtenbidea, elkarlana da Adegiko presidentearen ustez, «aurreiritzi ideologikoak eta eztabaida antzuak» baztertuta. «Horrek», jarraitu zuen, «paralisia eragiten du, eta ezin dugu denbora gehiago galdu, Gipuzkoaren etorkizuna dago jokoan». Otsailean egin zuen moduan, atzo ere nabarmendu zuen berreskuratu egin behar direla 1980ko hamarkadako krisiari aurre egiteko baliatu ziren elkarlana eta espiritua, «hitzarmen sozial erraldoia behar dugu».
EAJrekin harreman hobea
Foru Aldundia eta Adegi aurrez aurre daude hainbat gaitan: sozietate zergaren aldaketetan; enpresentzako laguntzetan; beharrezko azpiegituretan; eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanean. Adegik harreman estuagoa zeukan EAJk eta H1-ek zuzendutako Foru Aldundiarekin, Bilduk gobernatzen duenarekin baino.
Atzo ere agerian geratu zen. Batzar Nagusietan sozietate zerga berrikusteko ponentzia abiatu dute. Foru Aldundiak enpresek gehiago ordaintzea nahi du, kenkariak ezabatuz edo mugatuz. Kenkariek «pizgarriak» izan behar dutela uste du, ez zergak saihesteko modua.
Zubiaurrek, aldiz, sozietate zerga apalagoa eskatu zuen, Europako lehiakideen parekoa. Haren iritziz, sozietate zergaren helburuak ez du izan behar dirua biltzea, enpresek balioa eta enplegua sortzea baizik. Balioa eta enplegua sortzen badute, horrek bestelako zergetan eragina duela dio, balio erantsiaren gainekoan (BEZ) eta pertsona fisikoen errentaren zergan, esaterako.
Bilduk enpresek krisiari aurre egiteko laguntzak onartu behar izan zituen iaz, EAJk eta PSE-EEk bultzatuta, aurrekontuak aurrera ateratzeko. Hamar milioi euro guztira, EAJren garaiko ehun milioi eurotik urrun. Zubiaurrek atzo laguntza gehiago eskatu zituen, enpresak nazioartekotzeko eta I+G+(b)-n inbertitzeko batez ere. Betiere defizit publikoa gutxitzeko abiadura mantsotuta. «Kudeatzaile onen garaia da, alferreko gastuak gutxitu eta inbertsio produktiboak handitzen dutenena», esan zien Zubiaurrek batzarkideei.
Gipuzkoa Aurrera presio taldea berpiztu nahi du Zubiaurrek, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana berreskuratu, «oso emaitza onak izan baititu azken urteetan». Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, Adegik, Kutxak eta Mondragon taldeak osatzen zuten Gipuzkoa Aurrera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, Gipuzkoa Aurrera bertan behera utzi zuen, eta Gipuzkoa Sarea osatu nahi du. Bertan herritarrek eta sindikatuek ere parte hartzea nahi du.
Gipuzkoa Aurrera zen azpiegitura handien bultzatzaile handienetakoa: abiadura handiko trena, Pasaiako kanpo portua, errauste planta eta Hondarribiko aireportua. Zubiaurrek azpiegitura handien alde egin zuen atzo Batzar Nagusietan, azpiegituren «defizita» dagoela esanez.
Lan erreforma positiboa dela esan zuen Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteko presidenteak. LABeko ordezkariek kontzentrazioa egin zuten Batzar Nagusien kanpoan, lan erreformaren kontra protesta egiteko.
2012a espero baino okerragoa izan daitekeela ohartarazi du Adegik
Zubiaurrek agerian utzi du ez datorrela bat Foru Aldundiarekin zerga politikan, elkarlanerako ereduan eta azpiegituretanLangabeziaren joera «katastrofista» dela uste du Adegiko presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu