2012ra arte langabeziak ez du behera egingo, Euskadiko Kutxaren arabera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %1,4ko hazkundea aurreikusi du aurtengo; Nafarroarako, berriz, %1,6koaGreziako krisiari erantzun bateratua emateko eskatu du, «euroa arriskuan dagoelako»

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Urtea bukatu artean, langabeen kopurua handitu egingo da Hego Euskal Herrian. Aurreikuspen hori egin zuen Euskadiko Kutxak atzo aurkeztu zuen euskal ekonomiari buruzko txostenean.2010ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langabezia tasa %10,5eko zen; aurtengo abenduan, berriz, %11,4koa izango da. Nafarroako langabezia tasak hazkunde apalagoa izango du, %11,8tik %12,1era igoko baita.

Euskal ekonomiak, bestalde, gora egingo du urtearen joanean. EAEko barne produktu gordina (BPG) %1,4 igoko da, Euskadiko Kutxaren aurreikuspenen arabera, eta Nafarroakoa, %1,6. Inflazioak ere goranzko joeran jarraituko du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %3,5era iritsiko da, eta Nafarroan %3,4ra. Baina ekonomia hazi egingo den arren,hazkunde hori ez da nahikoa izango lanpostuak sortzeko. Hala adierazi zuen Xabier Egibar Euskadiko Kutxako zuzendariordeak.

2010eko eta 2009eko datuak erkatuz gero, BPGa %0,3 hazi zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, tarte horretan. Eta lanean zeuden pertsonen kopurua ere%0,7 handitu zen denbora tarte horretan. Gorakada hori, ordea, ez da nahikoa izango langabeziaren tasa borrokatzeko, Egibarrek jakinarazi zuenez. Beraz, aurtengo datuek lagunduko ez dutenez, «2012. urtera arte itxaron beharko dugu hazkunde adierazkorragoa sumatzeko, eta lanpostuak sortzeko». Hori dela eta, krisitik irteteko bidea oraindik luzea eta gogorra izango da, Egibarren ustez.

Iazko urtea argi-ilunez betetakoa izan zen euskal ekonomiarentzako. Eraikuntza sektoreak ahul jarraitu zuen, industria sektorea sendotu zen, eta zerbitzuenak egonkorra izaten segitu zuen. Horretaz gain, EAEren zorpetze mailak —BPGaren %7,4an kokatu zen 2010 amaieran— baikor izateko aukera ematen duela uste du Joseba Madariaga Euskadiko Kutxako ikerketa saileko zuzendariak.

Euskadiko Kutxarentzat, barne eskaerak ezingo du hazkundearen lidertza hartu, sektore pribatuaren zorpetzeak eta hondatuta dagoen lan merkatuak ez baitu horretara laguntzen. Espainiako Gobernuak 2011ko aurrekontu orokorretan jarri zuen defizita —BPGaren %6 administrazio guztientzat— betetzea ere zaila izango dela uste du Madariagak, eta «gurpil zoroan erortzeko arriskua dago». Izan ere, «defizita jaistera behartzen baldin bada, horrek hazkundea gelditu egiten du, eta zorraren kontrola galduko litzateke», jakinarazi du. Edozein modutan, Hego Euskal Herrian defizita jaistearen «erronka bideragarria» izan daitekeela uste du.

2007an krisia lehertu zenetik, ez da «arnasa hartzeko aukerarik egon», Egibarren ustez. 2010. urtea, ordea, zorpetzearengatik «historiara igaroko» dela adierazi zuen, Europa periferiako herrialdeen erain duenagatik, batez ere. Greziak, Portugalek, Irlandak, Espainiak eta azkenaldian baitaItaliak ere arazo handiak dituzte diru merkatuetan finantzaketa lortzeko. Espainiaren zor bonoen arrisku sariak, esaterako, oinarrizko 370 puntuak gainditu zituen astelehenean. Madariagaren ustez, merkatuak «Europako herrialdeak zigortzen ari dira, Greziako krisi egoeraren aurrean ez dutelako neurri bateraturik hartzen». Horregatik, irtenbidea atzeratzeak arrisku sarietan eta ekonomia errealean eragin negatiboa izan dezake, «eragile ekonomiko guztiei eragiten baitie egoera horrek».

Hori dela eta, zorraren krisia kontrolatu ahal izateko, Europa mailako erantzuna eman behar zaio egoerari, Euskadiko Kutxako ordezkariek ohartarazi dutenez. Izan ere, euroaren etorkizuna «kolokan» dago, Madariagaren hitzetan. Egoera ekonomikoak laguntzen duenean inork ez duela ezer egin nahi izaten salatu du, baina une honetan baldintzek laguntzen ez dutenez, «egungo krisi egoera aprobetxatu behar da Europa gehiago egiteko, eta etorkizunerako oinarriak jartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.