Batzuk, Europako Batasunetik alde egitea pentsatzen, eta beste batzuk, pozak zoratzen hango kide izateko eskubidea irabazi dutelako. «Gaur Kroazia Europako nazioen familiara itzuli da», adierazi zuen atzo Jadranka Kosor Kroaziako lehen ministroak, EBko estatuburu eta gobernuburuek Balkanetako herrialdearen sarrera ahalbidetuko duen Bat-egite Ituna sinatu ostean. «Gaur Kroazia Europan sartu da, eta, batez ere, Europa Kroazian», esan zuen, berriz, Ivo Josipovic presidenteak. Ondo bidean, 2013ko uztailaren 1etik aurrera EBko kide izango da Kroazia, 28. kidea, hain justu.
EBko agintariek sinatuta, Zagrebeko gobernuaren txanda da orain. Datorren urte hasierarako herri galdeketa antolatu beharko du, kroaziarrek EBko kide izan nahi duten ala ez jakiteko. Azken inkestek diote herritarren %52k babestuko dutela sarrera. Kosorrek konbentzituta esan zuen atzo alde handiagoz irabaziko duela baiezkoak.
Bien bitartean, EBko gainerako herrialdeek Kroazia elkartera sartzearen aldekoak direla berretsi beharko dute.
Kroaziak 2005eko urrian hasi zituen Bruselarekin EBra sartzeko negoziazioak, eta iragan ekainean bukatu. Dagoeneko zehaztuta dago herrialdea EBra sartuko den eguna, baina, horretarako, agindutako guztia egin beharko du herrialdeak. Eta Brusela izango da hori ziurtatuko duena, agindutako barne erreformak behar behar bezala egingo dituela egiaztatzeko tresnak martxan baititu dagoeneko.
Prozesurik zailena
Bulgaria eta Errumaniarekin bizitako esperientzia txarren ostean, EBra sartzeko beste edozein herrialderi baino betebehar zorrotzagoak ezarri dizkio Bruselak Kroaziari. Bi herrialde haiek gauza handiak agindu baitzituzten elkartera sartu aurretik, baina agindutako hartatik ezer gutxi bete baitzuten sartu eta gero.
Hori horrela, Kroazia EBn sartzea «lorpen historikotzat» jo zuten Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordekoak. Baina atzoko sinadurarekin bidea ez duela bukatu jakinarazi zioten, hasi besterik ez duela egin, agindutako erreformak indarrean jarri beharko dituelako eta Bruselak «gertu-gertutik» zainduko duelako.
Krosorrek erantzun zien Kroaziak beste inork baino baldintza zorrotzagoak bete behar izan dituela EBko sarrera irabazteko. Horregatik, falta zaizkion erreformak behar bezala gauzatuko dituztela agindu zuen, «merezi duelako».
Itxura denez, EBren bolada txarrak ez du izutzen Balkanetako herrialdea, jakin badakielako Europako familian sartzeak onura handiak ekarrikodizkiola herrialdeari, onura ekonomiko, politiko eta sozialak. Baina ez hari bakarrik, EBko herrialdeentzat ere negozio aukera berriak ekarriko baititu Kroaziaren sarrerak. Kontuan izan 1990eko urteetan artean gerran zela Kroazia, eta gerra hark utzitako zaurietatik erabat errekuperatu gabe dagoela. Azpiegitura eta industria sare indartsu bat garatzeke ditu oraindik, eta hori aukera ezin hobea izan daiteke krisiagatik hondoa jota dauden hainbat enpresarentzat.
Serbia eta Montenegro, zain
Ez du Kroaziaren zorte bera izan Serbiak. EBko estatuburu eta gobernuburuek datorren martxora arte ez diote emango familiara sartzeko hautagai txartela. Horretarako, baina, kide izateko gogo argia erakutsi beharko du herrialdeak, eta Kosovoko gobernuarekin elkarrizketak hasiko dituela agindu. Elkarrizketa horietan laguntzeko prest da Europako Batzordea.
Montenegrori, berriz, EBn sartzeko negoziazioak 2012ko ekainean hasiko dituztela agindu dio Bruselak. Ordurako eskatzen zaizkion baldintza guztiak betetzeko konpromisoa hartu du Podgoricako gobernuak.
Zorraren krisia. Bruselako goi bilera
2013an EBn sartuko da Kroazia
Zagrebek herri galdeketa antolatu beharko du orain, kroaziarrek Europako Batasunean sartu nahi duten ala ez jakitekoFalta zaizkion barne erreformak zorrotz beteko dituela agindu du herrialdeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu