2014ko maiatzean onartu zuen aurreko foru gobernuak aldundiko langileen soldata %0,6 igotzea. Erabaki horrekin egin nahi zion aurre Bilduren exekutiboak Espainiako Gobernuak soldata publikoak igotzeko debekuari. Oraintsu zabaldutako epaian, Administrazioarekiko Auzietarako Donostiako 1. epaitegiak bertan behera utzi du soldata igoera hori. Gainera, Gipuzkoako Aldundia behartu du orduz gero foru langileek jasotako "gehiegizko" soldata berreskuratzera. Epaia bete egingo duela agindu du EAJren gobernuak.
"Erabaki zaila dela jakinda ere, Aldundiak arduraz jokatuko du, eta bete egingo du Justiziak agindutakoa. Epaiak irizpide finkorik ematen ez duenez, formula desberdinak aztertuko dira legez kanpo ordaindutako kopuruak berreskuratu ahal izateko, langile guztiei ahalik eta kalte txikiena sortuaz", azaldu du gaur kaleratutako ohar batean.
Kaltea gutxitzeko moduetako bat da 2016ko soldata igotzea. 2013ko abenduaren 31ra arte jasotzen zuten soldata baino %1 gehiago pagatuko die aurten. Igoera hori da aurtengorako Espainiako Gobernuak baimentzen duen handiena.