Zergak

2019rako ezarri nahi dute ogasunek saltokien kutxak kontrolatzeko sistema

86 ikastetxek bat egin dute oraingoz zerga iruzurrari buruzko unitate didaktikoaren programarekin, aurreikusita zeudenen erdiak baino pixka bat gehiago.

Legebiltzarrean aurkeztu dute plana. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2017ko azaroaren 22a
15:02
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako iruzurraren aurkako batzordeko ordezkariak Eusko Legebiltzarrean egon dira gaur, EH Bilduk eskatuta. Aurtengo iruzurraren aurkako plan bateratuari buruzko azalpenak eman dituzte, eta esku artean ogasunek dituzten proiektu batzuen egoera zehaztu dute.

Saltokietako eta tabernetako kutxa erregistratzaileak zuzenean kontrolatzeko Ticket Bai egitasmoak aurrera jarraitzen du. Datorren urteko hasieran sistemak bete beharko dituen xehetasun teknikoak argitaratu dituzte. Hardware eta software bidezko kontrol aukerak aztertu ondoren, bigarrenaren alde egin nahi dute ogasunek, hasiera batean. Urtearen joanean aldundiek aurkeztuko dituzte zerga araudietan egin behar diren moldaketa legegileak. 2018. urtearen amaierarako proiektu pilotu bat abian jarri nahi dute, eta 2019. urterako hedatuko litzateke sistema, dena ondo bidean.

"Iruzurra egotea eragotziko du", ziurtatu du Coro Pereiro batzordeko kide eta Gipuzkoako Aldundiko ikuskaritzako ordezkariak. Sistema berriari esker, saltoki batek emititzen duen fakturaren berri zuzenean jasoko dute ogasuneko ordenagailuek, eta bertan erregistratuta geratuko da, manipulatzeko aukera kenduta.

Ticket Bai sistemarekin batera, urtarrilaren 1etik aurrera SII Berehalako Informazio Hornikuntza jarriko da indarrean. Sei milioi eurotik gorako fakturazioa edo erregimen berezia duten enpresek bete beharko dute. Salerosketa oro egin eta asko jota lau eguneko epean komunikatu beharko dute, eta ogasunek informazio horretara sarbide automatikoa izango dute. Funtsean, BEZaren eerregistroa egiteko liburuak ogasunen egoitza elektrikoan eramango dira. "Historikotzat" jo du Pereirok aldaketa, emititzen edo jasotzen den faktura guztien jatorria ezagutzeko aukera eskainiko zaielako ikuskaritza zerbitzuei.

Unitatea, martxan

Bestalde, ikastetxei zuzendutako unitate didaktikoaren zabalpenari buruzko datuak aurreratu dituzte batzordeko ordezkariek. Gaur-gaurkoz, 86 ikastetxek egin dute bat proiektuarekin. Unitate didaktikoa DBHko laugarren kurtsoko ikasleei zuzenduta dago (16 urte), batez ere, baina batxilergoan ere eskaintzeko aukera legoke. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan 150 izatea zen helburua, gutxi gora behera adin horretako ikasleak dituzutenen erdia. Azaroaren 30a bitarteko epea dute ikastetxeek izena emateko. Iragarki bat prestatu dute ogasunek izena ematera animatzeko.

Gipuzkoako Aldundia izan zen aitzindaria. Orain dela lau urte, artean EH Bildu gobernuan zegoela, esperientzia jarri zuen martxan, herrialdeko hezkuntza eragileekin elkarlanean. Ikastolen elkarteak, kristau eskolek, Sortzen-ek, eta BIHE institutu publikoetako zuzendari elkarteak parte hartu zuten hezkuntzara propio bideratutako lehen programaren garapenean. 2014. urtean, lau ikastetxetan hasi ziren eskolak ematen, eta, gaur egun, 30 ikastetxe eta mila ikasle inguru ari dira formakuntza hori jasotzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.