PENTSIOAK

2019rako pentsio errealak 90 euro jaitsiko direla kalkulatu du ELAk

Espainiako Gobernuak aurkeztu duen erreformaren ondorioz, hurrengo bost urteotan pentsioen erosteko ahalmena batez beste %9 txikituko da. 2019tik aurrera erretiratzen direnei urteko %0,4 jaitsiko zaie saria.

Iker Aranburu.
2013ko irailaren 18a
18:42
Entzun

Indarrean jarri duen erreformari esker aurrerantzean pentsioak ez direla inoiz jaitsiko behin eta berriro nabarmendu du Espainiako Gobernuak. Baina nominalki hala izango dela egia den arren, praktikan pentsioek erosteko ahalmen handia galduko dute urte askotan, eta batik bat ekonomia pattal doan urteetan. ELAk kalkulatu duenez, hurrengo bost urteotan %9ko erosteko ahalmena galduko dute Hego Euskal Herriko pentsiodunek, edo 90 euro hilean, batez besteko pentsioa gutxi gorabehera mila eurokoa baita.

Espainiako Gobernuak finkatu duen pentsioen gutxieneko igoera (%0,25 urtean) inflazio historikoaren oso azpitik dago. Espainia eurogunean sartu zenetik batez beste %3 igo dira prezioak. Krisialdian pixka bat jaitsi da inflazioa, eta abuztuan, %1,5an kokatu zen. Urte amaierarako %1 ingurukoa espero du Madrilek baina ekonomia suspertuko den zantzuak egiaztatzen badira, logikoa litzateke maila horretatik gora egotea datozen urteotan.

Edonola ere, Madrilek kalkulatu du hurrengo bost urteotan defizita izango dutela Gizarte Segurantzaren kontuak. Haren diru sarreren eta gastuen arteko aldea  izango denez pentsioak berritzeko baliatuko den indizearen osagai nagusia, litekeena da 2019ra arte igoera %0,25ekoa besterik ez izatea, eta ordura arte behintzat urtero pentsio errealak jaistea. Hortik aurrera ikusteko dago, baina biztanleriaren zahartzeak gero eta pentsiodun gehiago egotea ekarriko duenez, zaila da irudikatzea Gizarte Segurantzak superabita izango duela; betiere haren diru sarrerak handitzen ez badira.

Hori kontuan hartu du ELAk pentsioak hurrengo bost urteotan %9eko erosteko ahalmena galduko dutela ziurtatzeko. Sindikatuak kalkulatu du inflazioa %2ren ingurukoa izango dela, horixe baita Europako Banku Zentralaren helburua.

«Helburua bete du»

Bigarren kolpea, 2019an etorriko da, orduan baita aplikatzekoa jasangarritasun faktorea izenekoa. Bizi itxaropenaren bilakaera hartuko du kontuan faktore horrek: igotzen bada, hileroko pentsioak jaitsi egingo dira, erretiratu bakoitzak jaso beharreko diru kopuru hipotetiko bat urte gehiagotan banatzea ekarriko duelako. Horrek, ELAren arabera, esan nahi du urte horretatik aurrera erretiratzen direnei urteko % 0,4 bat  jaitsiko zaiela pentsioa.

Erreforma horren bidez Espainiako Gobernuak hasieratik zuen helburua bete egingo duela salatu du ELAk: «Pentsiodunen diru-sarrerak eta eros ahalmena urritu eta finantza-erakundeek pentsio pribatuetan duten negozioa bultzatu nahi izatea zen helburua. Pentsiodunak guztiz txirotuko dituzte». Sindikatuak uste du beste aukera batzuk badaudela, esaterako, pentsioen zati bat zerga arruntekin pagatzea eta ez soil-soilik Gizarte Segurantzako kotizazioen bidez.

ELAk eskatu du ez dadila pentsioen beste murrizketarik egin, eta azken urteetan ezarri diren erabakietan atzera egin dadila. Pentsioei buruzko legedia Euskal Herrian erabakitzea ere nahi du ELAk, baina horrela ez den bitartean, pentsiodun guztiei osagarri bat emateko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, «hartutako erabakiek eragindako diru-sarrera galeraren adinekoa». Eusko Jaurlaritzak lehengo egunean erantzun zion dagoeneko osatzen dituela pentsio txikienak, gizarteratzeko errentaren bidez. Errenta hori jasotzen dutenetatik heren bat pentsiodunak dira.

ELAren arabera, erreforma berriarekin 2019rako 5.000 milioi euroko aurreztuko lituzke Gizarte Segurantzak Hegoaldean. Espainiako Gobernuak ziurtatu du 33.000 milioi aurreztuko dituela bederatzi urtetan, baina inflazioa %1ekoa izango dela kalkulatu du horretarako. %2ko helburu errealistago batekin,  beraz, aurrezkia 70.000 milioi eurokoa izango litzateke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.