Extremaduran (Espainia) dago Almaraz eta han dauden hiru erreaktore nuklearretako batek 2021ean betetzen ditu 40 urte. Hura izango da itxiko duten lehena, eta 2028ra bitartean gainontzeko seiak. Trillokoa (Gaztela-Mantxa) izango litzateke makinak itzaltzen azkena.
Iragarpena Espainiako Energia ministro Jose Dominguezek egin du. Aitortu du ziurrenik zail izango dela 2030erako guztiak itxita egotea, baina 2040a baino lehen lortuko dutela esan du. "Alde guztiekin hitz egingo dugu itxiera ordenatua izan dadin eta Espaniak dituen baliabideekin bat etor dadin".
Aurrez, duela urtebete, itxi zituen ateak Garoñak (Burgos) eta eraiste lanak datorren urtean hastea espero da. Nuclenorrek hartu zuen erabakia, Espainiako Gobernuak berriz zabaltzeko baimena ukatu ostean.
Bestalde, Espainian dauden hamalau zentral termikoetatik bederatzi ere itxi egingo dituzte 2020ko ekainerako, ez dituztelako Europako Batasunak eskatutako inbertsioak egin. Gainontzeko bostak ere 2030erako ixtea espero du Madrilek. "Ez ditugu guk itxiko, eurek hartuko dute erabakia, eta ziurrenik 2030a baino lehen helduko da hori", adierazi du ministroak.