“Aberastasunaren zati handiago bat bideratu beharra dago pentsioetara. Biztanleria pobretu egin da, baina batez ere pentsiodunak”. Horrela laburbildu ditu Janire Landaluze ELAko azterketa batzordeko kideak sindikatuak Hego Euskal Herriko pentsioen inguruan eginiko txostena. ELAren datuen arabera, Hego Euskal Herriko barne produktu gordinaren %11,1 (%9,4 Nafarroan eta %11,6 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) bideratzen da pentsioetara. Europako Batasunean, berriz, %13 inbertitzen dute pentsioetan, eta eurogunean, berri, %13,6.
Sindikatuak kuantifikatu egin du alde hori, eta, txostenaren arabera, Hego Euskal Herrian 2.230 milioi euro gehiago bideratu beharko lirateke (814 milioi euro Nafarroan eta 1.146 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan) Europako batez bestekoetara iristeko. Hego Euskal Herriko biztanleriaren %24,2k jasotzen dute pentsio ordainsaria.
Txostenak, halaber, gizonezkoen eta emakumezkoen pentsioen arteko aldea azaleratu du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gizonezkoen pentsioa 1.491 eurokoa da batez beste, eta emakumezkoena, aldiz, 869 eurokoa. Nafarroan, aldiz, gizonezkoen batez besteko pentsioa 1.356 eurokoa da, eta emakumezkoena, 813 eurokoa. ELAren arabera, egoera are larriagoa da emakume alargunentzat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 808 euro jasotzen dituzte batez beste, eta 723 euro Nafarroan.
Pentsiodunek larunbaterako deituriko mobilizazioen harira plazaratu du sindikatuak ikerketa, eta mobilizazio horietan parte hartzeko deia egin du. Era berean, aldarrikatu du pentsioen gaia eztabaidaren erdira eraman behar dela urtarrilean egingo den greba orokorrean —eguna finkatu gabe dago—. Alde horretatik, Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak erantzuna eman die Eusko Jaurlaritzatik greba deialdiaren aurrean eginiko adierazpenei: “Greba politikoa dela esan dute, eta bai, egia da, pentsioak auzi politikoa direlako. Pentsiodunei, baina, beste ate bat jo behar dutela esan diete, Espainiako Gobernuarena, eta horrekin ez gatoz bat. Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ezin dira ezkutatu pentsioen auzian, ordainsariak hobetzeko tartea dutelako”.