2009an 2008an baino 112 denda gutxiago zeuden urte amaieran Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; iaz, 2009ko kopuruarekiko aldea 2.256rena izan zen. Denda asko itxi ziren, beraz. Galera handia izan arren, merkataritza sektorean enplegua sortu zuten: iaz, 2009an baino 928 langile gehiagok eman zuten izena Gizarte Segurantzan. Saltoki handiek enplegua sortu dute; denda txiki asko, ordea, itxi egin behar izan dituzte.
Pilar Zorrilla Eusko Jaurlaritzako Merkataritza sailburuordearen iritziz, kontsumitzaileen konfiantza faltaren ondorioa da. Zorrillak Merkataritzaren Egokitze Planaren balantzea egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. Plana iazko apirilean onartu zuten.
Dendak itxita sektorea egoera berrira «egokitu» dela esan zuen Zorrillak. Haren iritziz, «denda gehiegi» daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Espainiarekin eta Frantziarekin alderatuta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 14,5 denda daude mila biztanleko; Frantzian, ordea, 8,5.
80.600 langile
Denda gehienak txikiak dira. Sektoreak 80.600 langile ditu, denda bakoitzak batez beste 2,6. Iazko salmentak 2009koak baino hobeak izan ziren: Gipuzkoan %3,5 gehiago saldu zuten, Araban %3,4 eta Bizkaian %2,1.
Zorrillak ez zuen aurtengo daturik eman, baina aurreratu zuen salmentak jaitsi egin direla merkataritza sektorean. Hala ere, Merkataritza sailburuordearen arabera, ez dira lanpostuak galdu. «Sektoreak eutsi egiten dio, eta enplegua, oraingoz, bermatuta dago», esan zuen atzoko agerraldian.
Merkataritza aldatzen ari da. «Ahalegin itzela» egin duela uste du Zorrillak, «etengabe aldatzen ari den jokalekura egokitzeko». Hala ere, gehiago aldatu behar duela uste du. Nola? Teknologia berriak txertatuz eta produktuak Internet bidez ere salduz.
Merkatariek Interneti ez diotela beharrezko etekinik ateratzen uste du Zorrillak. «Beldurragatik» eta «ezjakintasunagatik», esan zuen. Dendariak zenbat eta edadetuagoak, orduan eta gehiago baztertzen dute Internet erabiltzea.
Eusko Jaurlaritza proiektu bat lantzen ari da, dendak eta dendariak Internet erabiltzera bultzatzeko. Dendari guztientzako salmenta plataforma elektroniko bat ere sortu nahi dute. Internetez gain, sakelakoen erronka ere aipatu zuen Zorrillak.
2.256 denda galdu dira EAEn, baina sektoreak enplegua sortu du
Jaurlaritzak uste du sektorea egoera berrira «egokitu» dela baina oraindik ere denda gehiegi daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu