Azken egunera arte itxoin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek zordun handien zerrenda argitaratzeko, beren foru arauek baitiote ekainaren 30a baino lehen egin behar dela. 2017ko abenduaren 31n milioi bat eurotik gorako zorra zutenak azaltzen dira zerrenda horietan.
Zordun handien kopuruan ez da aldaketa handirik, 260 izatetik 270 izatera igaro baitira. Gehien-gehienak aurreko urteetan zeudenak dira, eta haien zorra, oro har, handitu egin da, interesak gehitzen zaizkielako. Baina aldaketa handia dago kopuruan: 721 milioi izan ziren iaz, eta 868 milioi luze izan dira orain. Lurralde guztietan handitu da zorra, baina batez ere Gipuzkoan: 292 milioi izan dira, 2016 amaieran baino 122 milioi gehiago. Hiru zordun berriren agerpenak azaltzen du kopurua hainbeste handitu izana: Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde Etxaniz anaiek 49,5 milioi zor dituzte bakoitzak, eta LH Commodities & Investmentek, berriz, 23 milioi.
Hirugarren urtea da aldundiek zordun handien zerrenda argitaratzen dutela. 2016ko irailean egin zuten lehen aldiz, eta 237 zergapeko azaldu ziren, 665 milioi euroren zorra. Lehen zerrenda horretan azaltzen ziren gehienak agertzen dira oraindik ere, kasu gehienetan porrot egindako enpresak baitira zordun handienak. Higiezinen burbuilaren biktimak dira nagusiki, baina badira industria enpresak ere. Horien artean dago, esaterako, Fagor Etxetresnak. Arrasateko kooperatiba Gipuzkoako Aldundiaren zordun handiena izan da bi urtez, 15,9 milioi euroren zorrarekin, baina orain laugarrena da.
Nafarroan, 125.000 eurotik gora
Nafarroako Ogasunak, berriz, 125.000 eurotik gorako zorra dutenen zerrenda kaleratzen du. Maiatzean egin zuen azkena, eta 580 pertsona eta enpresa agertu ziren, eta 270 milioi euroren zorra. Zerrendan ageri diren izen ezagunen artean bi nabarmentzen dira: Gabriel Urralburu Nafarroako presidente ohia, eta Ana Beltran Nafarroako PPko presidentearen familiaren Bodegas Camillo Castilla upeltegia. Azken kasu horretan, gainera, zorra nabarmen handitu da azken urtean: 688.000 euro zor zituen iaz, eta 928.000 euro orain.