Mailegu gutxiago eman ditu aurtengo urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra arte, eskaera txikiagoa izan duelako herritarren eta enpresen aldetik. Emanak dituen maileguen berankortasuna, berriz, handitzen ari da: bezeroei emandako 15.889 milioi euroren kredituetatik %9,83 atzerapenekin jasotzen ditu. Duela urtebete, %6,95eko berankortasuna zuen Mondragon taldeko kutxak.
Agiri baten bidez, Laboral Kutxak jakinarazi du kudeaketa planean iragarritakoaren bidetik doala aurten ere. Mozkinei eustea espero zuen, eta hala egitea lortu du: iaz, urteko lehen hiruhilekoan 37,7 milioi irabazi zituen eta aurten 37,3 milioi (-%0,8).
Emaitza hori testuinguru zailean egin du kutxak, interes tasa txikiek zaildu egiten dutelako finantza erakundeen negozio nagusia: beraiek pagatzen dituzten interes tasen eta bezeroei ordainarazten dizkieten arteko aldea. Horrela, iaz 101,96 milioi euroko interesen marjina izan zuen, eta %4 txikiagoa aurten (97,85 milioi). Bezeroei kobratzen dizkien komisioak ere %6,6 jaitsi dira, eta beste %8,4 dibidenduak eta beste finantza eragiketak.
Interesetan lortu dituen irabaziak beste modu batera konpentsatu ditu Laboral Kutxak. Batetik, bere administrazio gastuak %1,5 jaitsi ditu. Bestetik, iaz baino diru gutxiago baztertu du maileguetan izan ditzakeen galerak estaltzeko edo Espainiako Bankuak eskatzen dizkion gutxieneko hornidura mailak betetzeko: 38,8 milioi iaz, eta 31,6 milioi aurten.