38 urteko langile bat hil da Astigarragan

Aizkibel enpresako langileek lanuztea egingo dute gaur, eta istripua izan den lekuan mobilizatuko dira

Erredakzioa
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Atzo langile bat hil zen Astigarragan (Gipuzkoa), Ergobia auzoan dagoen Zubigain industrialdean. 10:15ak aldera jazo zen ezbeharra, Calcinor taldeko Aizkibel SA enpresan. Hormigoia egiten dute bertan, eta garbiketa lanak egiten ari zela hil zen O. A. 38 urteko gizona. Itxura denez, hondarra biltzen den zulo bat garbitzera zihoala, bertara erori eta hondarra gainera etorri zitzaion. Ertzaintzak eta Osalan laneko osasunerako eta segurtasunerako euskal erakundeak ikerketa hasi dute istripua nola gertatu den ikertzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak elkartasuna adierazi die hildakoaren senitarteko eta lagunei, eta enpresei dei egin die: «Lan segurtasun eta osasunari buruzko araudia zorrotz bete dezatela». Horretaz gain, lan osasunari lehentasuna emango dion eredu bat sortu beharra dagoela esan dute, «lan duina eta segurua» ardatz duena.

«Egiturazko» arazoari aurre egiteko, prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasun eta osasunaren kontrako delituei jazartzea «funtsezkoa» dela adierazi dute. «Bide horretan lan egin behar dute, hain zuzen, gizarte eta ekonomia arloko eragileek eta erakunde publikoek».

Enpresako langileek, euren aldetik, lanuztea egingo dute gaur, istripua salatzeko. Ezbeharra gertatu den lekuan elkartuko dira langileak, 11:00etan. ELA eta LAB sindikatuek bat egin dute deialdiarekin. Biek ere gogor salatu dute gertatutakoa.

Zauritu bat Gasteizen

Astigarragakoa ez da izan azken egunotan jazotako lan istripu bakarra. Gasteizen dagoen Michelin enpresan, garraiolari batek ezbeharra izan zuen ostiralean. Gidatzen zihoan kamioiarekin istripua izan, eta hanka moztu behar izan zioten zaurien ondorioz. M.M.E. 47 urteko gizona «larri» dago, baina «arriskutik kanpo». Itxura denez, gidatzen zihoan kamioia gelditu, eta bertatik jaitsi zen, lankide bat maniobra «arraroak» egiten ikusi zuelako. Antza, kamioia ez zuen itzali, eta eskuko balazta ere ez zuen jarri, gisa horretako kamioiek lau edo bost minutuz geldi geratzen direlako daukaten sistema hidrauliko bati esker. Sistemak huts egin, eta kamioia mugitzen zela ikusita, bertan sartzen saiatu zen behargina, baina kamioiak horma bat jo zuen, eta langileak hanka bakarra zuen barruan. Hanka belaunetik gora moztu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.