Beste lan heriotz baten berri eman du LAB sindikatuak. Asteazkenean jazo zen ezbeharra. Bihotzekoak jota hil zen. Beharginak 39 urte zituen, eta enplegurako zentro berezi batean egiten zuen lan: Loiuko (Bizkaia) Lantegi Batuak-en. Aste honetan Euskal Herrian hildako hirugarren langilea da, eta urtea hasi zenetik 27.a, sindikatuaren zenbaketaren arabera.
LABek azpimarratu du azkenaldian ugaritu egin direla lanean zirenean bihotzekoak jota hildakoak; gogoratu du 2020. urtean izandako lan istripu hilgarrien %25 izan zirela ez-traumatikoak. «Argi daukagu lan istripuak, traumatikoak eta ez-traumatikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak; izaten diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira», salatu du sindikatuak.