4.0 industria

4.0 industriaren eta zibersegurtasunaren erreferentzia izango den azoka

Basque Industry 4.0 eta Basque Cibersegurity Day jardunaldiek bat egin dute, helburu bera dutelako ardatz: lan arloko automatizazioan urratsak egitea. Basque Industry 4.0 azoka azaroaren 20an eta 21ean egingo da, BEC erakustazokan.

jarraia173013.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urriaren 28a
15:22
Entzun

Euskal industria automatizazioan aitzindari izatea, hori da Eusko Jaurlaritzaren, SPRIren eta Basque Cibersecurity Centreren helburua. Ildo horretan, azaroaren 20 eta 21ean Basque Industry 4.0 jardunaldiak egingo dituzte, arlo horretan urratsak egiteko. Euskal enpresek ezin baitute alor horretan geratu, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak azaldu duenez. “Euskal enpresak automatizazioaren eremuan egon behar dute, eta behar horiek bertako enpresek ase behar dituzte”. Industria aldatzera baitoa, sailburuaren arabera: “Eskulanean oinarritutako lan errepikakor askok automatizatzera egingo dute; lanpostu horiek desagertu egingo dira, baina robot horiek programatzeko beharrak sortuko dira”.

Baina industriaren automatizazioak zibersegurtasuna indartzea ere ekarriko du, eta, horregatik, Basque Industry 4.0 azokarekin bat egin du Basque Cibersegurity Day jardunaldiak —joan den urtean egin zuten lehen aldiz—. “4.0 industriari buruzko ezagutza partekatzea xede duen jardunaldi batek sareetako segurtasunaren parametroa sartu behar du programaren barruan”. Sailburuak azaldu duenez, zibersegurtasunaren arloko nazioarteko erreferente bihurtu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa.

Basque Industry 4.0 jardunaldiak BEC erakustazokara egingo du salto bere seigarren aldian, eta pabiloi batean sektoreko berrikuntzak ikusteko aukera egongo da. Denetara, 2.000 eragile baino gehiago elkartuko dira, eta ehun aditu inguruk hitzaldiak egingo dituzte bi egunetan. Batez ere euskal enpresetako eragileak batuko dira, baina nazioarteko puntako adituak egongo direla ere zehaztu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.