Ni beti izan naiz lanean txistua jotzen eta kantatzen aritzen zen horietakoa, baina orain ilusio guztia galdua daukat». Hala dio Jose Julio Luisek. Babcock Powerreko langilea da 2003tik, eta datorren maiatzaren 31n langabezian geratuko da, 49 urterekin.
Antzeko egoeran dago Aitor Askasibar, Portugaletekoa. Sestaoko Naval ontziolan egiten du lan, eta une honetan lan erregulazioaren menpe dago: denboraldi batez lanean, eta ondoren berriro lanik gabe. 48 urte ditu, eta etorkizuna beltza ikusten du, nahiz eta orain gutxi onartu duten Navalentzako enkargu berria. «Lan karga horrek gaurko balioko du, baina etorkizunean zer gertatuko da?».
Lanik gabe geratzeko adin tarterik okerrenean daudela jakitun dira Luis eta Askasibar, baina horrek ez ditu horrenbeste kezkatzen. «Soldatzaile egiten dut lan, eta txarren-txarrenean ez nuke arazo handirik izango lana topatzeko, alor horretan eskaera egon badagoelako», dio Babcock Powerreko langileak. «Baina nik ez dut berriro lana eskatzen hasi nahi, ateak jotzen hasi eta lana eman diezaidatela erregutu, ez enpresa honek etorkizuna eduki dezakeneela ikusita».
Navalen oraindik bi urterako lana daukate itsasontziaren enkarguarekin. «Ontzia amaitutakoan, 50 urte izango ditut. Orduan, bermeen arabera, bi urtez langabezira joango nintzateke, eta 52rekin erretiro aurreratua izango nuke», esan du Askasibarrek. «Baina gaizki sentituko nintzateke, adin horrekin oraindik ere gaztea bainaiz, eta lanean jarraitzeko egongo bainintzateke».
Ezkerraldearekin arduratuta
Euren egoera pertsonalarekinbaino, Ezkerraldearen etorkizunarekin kezkatutago daude Luis eta Askasibar. «Inguru hau beti izan da euskal ekonomiaren motorra, eta orain apurka-apurka industria gabe uzten ari dira», dio ontziolako beharginak. «Zerbitzu hiriak egin nahi dituzte hemen, eta ibaiertz guztian pasealeku bat jarri, gu jubilatuta gaudenean turistak argazkiak ateratzen ikus ditzagun».
Baina ez dute hori nahi, eta are gutxiago, euren enpresetan lan ona egin daitekeela uste baitute eta konpetentziari aurre egiteko moduko enpresak direla aldarrikatzen baitute. «Babcockek daukan makinaria ez dauka inork Espainian, eta Europan ere enpresa gutxik dauzkate horrelako baliabideak», ziurtatu du Luisek. Azpiegitura horrekin guztiarekin kanpoko enpresa askorentzako azpikontratatuta lan egiten du Babcockek.«Gure itxierak gainerako enpresa horiei ere eragingo die». Eskaria eduki badaukate, baina «gestio txar baten ondorioz gaude horrela, eta horrek amorrarazten nau ni», zehaztu du Luisek.
Navalen kasua ez da berbera, baina bai larria. «Jaso dudan informazio baten arabera, joan den urteko urtarrilera arte enpresa ixteko asmoa zuen zuzendaritzak», dio Askasibarrek. «Eusko Jaurlaritza ohartu zen, eta orain lortu dugun eskaera lortzeko presioa egin zion Navali». Horregatik, erakundeek eskumena eduki dezaketelako, Eusko Jaurlaritzari, alderdi politiko guztiei, SEPIri eta Espainiako Gobernuari Navalen geroan esku har dezatela eskatzen dio ontziolako langileak. «Bestela, lehenengo Babcock itxiko dute; ondoren, Naval; eta, azkenik, ACB etorriko da. Orduan, Ezkerraldean industria guztia itxiko dute, eta enpresa ertainak bultzatuko dituzte, edo I+G-a...», kexu da Askasibar.
Pribatizazioa, «errudun»
Erakundeak ez daude geldi. Eusko Jaurlaritza prest dago aldi baterako Navalen akziodun gisa sartzeko, baina ontziolaren beste jabeen arteko desadostasunek erabakia atzeratu dute. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, bestetik, iradoki du gertu dagoela esku hartzeko baldin eta proiektu industriala sortzen bada gaur egun Babcockek betetzen duen lekuan.
Hitzek baino, ekintzek balio dute gehiago Luisentzat eta Askasibarrentzat. Uzkur hartu dituzte erakundeek aipatutakoak, aurretik egin diren gestioek eta pribatizazioek «zer-nolako ondorioak» ekarri dizkieten ikusita. «2001ean SEPI Babcock pribatizatzen saiatu zen, Borsig enpresari eskumena pasatuz. Horrek porrot egin zuen, eta A-Tec austriarra sartu zen, eta horri ere ez genion etorkizunik ikusten», oroitarazi du Luisek. Eta hala gertatu zen. Joan den urteko azaroan kiebrara iritsi, eta maiatzean amaitzen zaie SEPIk ematen zizkien bermeak. Orain lan erregulazio baten menpe daude. «Guk ez ditugu hitz politak nahi, guk nahi dugu eskumena daukaten pertsonek sina dezatela dokumentu bat esaten duena enpresa hau ez dela itxiko. Eta behar dituzten neurriak har ditzatela». Horretarako, alderdi guztiek esku hartzea eskatu du, eta siglak alde batera uztea.
Askasibarrek bat egin du eskaera horretan: «Ahatz daitezela izan ditzaketen interesez, eta egin dezatela Ezkerraldeko industriaren aldeko apustua, bestela 6.000 familien diru iturriak agortu egingo baitira». Izan ere, Babcock, Naval eta etorkizunean ACB itxiko balute, Ezkerraldeak «pentsa ezinezko galerak» izango lituzke. «Merkataritza, enpresen inguruko taberna eta jatetxeak, eta oro har inguruko ekonomia guztiari zuzenean eragingo lioke. Hori gutxi balitz, langabeziaren datuak gaur egungoak baino askoz ere gordinagoak izango ziren».
Langabezia. Babcocken eta Navalen egoera
49 urterekin eta langabeziaren atarian
Babcock Power ixteko zorian, eta Naval oraingoz eskaera bakarrarekin, kalea gertu ikusten dute Jose Julio Luisek eta Aitor Askasibarrek. Beren egoerak baino gehiago kezkatzen ditu Ezkerraldearen desindustrializazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu