%5 inguruko galerak izan dira burtsa nagusietan

Morgan Stanleyk uste du munduko ekonomia uste baino gutxiago haziko dela, eta AEBetako datuak kaskarrak izan diraFinantza erakundeek izan dituzte jaitsiera nabarmenenak, %10etik gorakoak

jakes goikoetxea
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Abuztuan galernak etengabeak izaten ari dira finantza merkatuetan. Alferrik izaten ari dira ekaitzari aurre egiteko egunotako ahaleginak: Belgikak, Espainiak, Frantziak eta Italiak finantza sektoreko balioekin laburreko salmentak egitea debekatzea; kalifikazio agentziek Frantziaren luzera begirako zorraren kalifikazioari eustea; eta Alemaniak eta Frantziak hainbat neurri hitzartzea. Europako burtsek beherakada izan zuten atzo, bankuen emaitzek batez ere. Azalpen ofiziala: Morgan Stanleyk atzeraldiaren beldurra hauspotu duela, Europan finantza tratuei zerga bat ezarri nahi dietela, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) zenbait datu espero baino okerragoak izan direla eta Wall Streetek eguna galera handiekin hasi zuela.

1. Burtsak

Milango MIB indizeak %6,11 galdu zuen, Frankfurteko Dax-ek %5,82, Parisko CAC 40k %5,51, Bilbao 2000k %4,72, Madrilgo Ibex 35ek %4,70, Londresko FTSEk %4,59 eta New Yorkeko Dow Jonesek %4,15 (itxi aurretik). Ibex 35 indizeak %6tik gorako galerak izan zituen egunean. Frankfurten eta Milanen kasuan, jaitsiera handienak izan dira Lehman Brothersek porrot egin zuenetik.

Bankuek izan zituzten jaitsiera handienak Europako burtsa nagusietan: Societe Generalek %12,34, Barclaysek %11,47, RBSk %11,31, Dexiak %11, Commerzbankek %10,42, Lloydsek %9,26, Deutsche Bankek %7,02, BNP Paribasek %6,76, BBVAk %5,76 eta Santanderrek %4,08. Italian, Intesa Sanpaolo bankuaren kotizazioa eten egin zuten, galera handiegiak izan zituelako.

Inbertsiogileak beste aukera batzuen alde egiten ari dira, aldakortasun garaietan seguruagoak direlako. Horien artean daude AEBen eta Alemaniaren zor publikoa eta urrea. Alemaniako hamar urterako zor bonuen errentagarritasuna inoiz baino txikiagoa da: %2,08koa. AEBetakoena %2tik jaitsi da 70 urtean lehen aldiz. Zenbat eta seguruagotzat jo, interesa txikiagoa da. Urreak, ordea, goia jo du, eta ontzak 1.825 dolar balio du.

2. Atzeraldi arriskua

Morgan Stanley AEBetako bankuarentzat munduko ekonomia uste baino gutxiago haziko da, bai aurten (%3,9), bai datorren urtean (%3,8). Aurreikuspenak hiru hamarren eta zazpi hamarren apaldu ditu, hurrenez hurren. Hiru arrazoi aipatu ditu horretarako: datu ekonomiko «etsigarriak», AEBen eta Europaren «oker politikoak» eta 2012an murrizketa gehiago egin behar izatea. «AEB eta Europa atzeralditik gertu egongo dira datozen sei hilabete eta hamabi hilabete artean», esan du. AEBetako Erreserba Federalak (Fed) eta Europako Kontseiluak erantzun diote atzeraldi arriskua txikia dela.

Morgan Stanleyren datuez gain, aintzat hartu behar dira Alemaniaren eta Frantziaren hazkunde txikiak aurtengo bigarren hiruhilekoan. Baita Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak ere (OCDE) aurreikuspen ekonomikoak okertu zituela ere.

3. Europako bankuak ikertzen AEBetan

Europako banku nagusiek AEBetan dituzten adarrak ikertzen ari da Fed, AEBetan jarduteko diru premiak betetzeko gai diren ikusteko. Hala argitaratu du The Wall Street Journal-ek. Europako zor subiranoaren krisiak Europako bankuetan eta horien AEBetako adarretan izan dezakeen eraginaren beldur da. Europako bankuek, AEBetako negozioari kalte eginda, AEBetako adarrak erabil baititzakete Europako diru premiak betetzeko .

4. Kalifikazio agentziak

Zorraren krisiak Europako hegoaldean eragindako olatuak Frantziaraino iritsi ziren iragan astean. Herrialdearen luzera begirako zorrak kalifikazio gorena—AAA— gal zezakeela zabaldu zen, eta horrek hondamendia eragin zuen burtsetan. Fitch eta Moody's kalifikazio agentziek zurrumurrua berehala gezurtatu zuten. Standard&Poor'sek aste batzuk lehenago eutsi egin zion AAA kalifikazioari, eta atzo Carole Sirou Europako ordezkariak berretsi egin zuen: «Frantziak AAA kalifikazio egonkorra du 1975etik, eta eutsiko diola uste dut». Hala ere, ohartarazi du kalifikazioa alda dezaketela egoera aldatzen bada, «AEBekin egin dugun bezala».

Kalifikazio agentziek herrialdeen zor publikoa dute jomugetako bat; zenbait herrialdek, berriz, kalifikazio agentziak. AEBetako Justizia Departamentua S&P ikertzen ari da, argitzeko ea finantza krisia lehertu aurretik S&Peko zenbait analistak hipoteka bonuei kalifikazioa apaldu nahi zieten arren zuzendariek eutsi egin zieten.

5. Euroa,«kinka txarrean»

Jacques Delors Europako Batzordeko lehen presidentearen esanetan(1985-1994), «Europa eta euroa kinka txarrean daude». Europako agintariei egoeraren larritasunaz ez jabetzea leporatu die, Le Temps Suitzako egunkariari emandako elkarrizketan, Alemaniakoei eta Frantziakoei batez ere, «konponbide zehaztugabeak eta eskasak» eskaintzen dituztelako. Delorsen iritziz, bi aukera daude egoera konpontzeko: herrialdeen arteko lankidetza ekonomikoa indartzea edo herrialdeek Europako Batasunari botere gehiago ematea.

6. 'Tobin tasa'

Alemaniak eta Frantziak irailean aurkeztuko dute finantza tratuei zerga bat —Tobin tasa— ezartzeko proposamena. Europako Batzordeak urrian-edo egingo du lege proposamena. G20koei proposatuko diete, azaroko Cannesko goi bileran (Frantzia). Europako Batzordeak bildutako diruarekin Europako Batasuneko aurrekontua osatu nahi du. Zerga «oso txikia» izango litzatekeela esan du Cristina Arighok, Europako Batzordeko bozeramaileak. Asmoa «finantza tratu askori» ezartzea da, Europako Batasunean, ez eurogunean bakarrik, «mesfidantzak saihesteko».

Europako Batzordeak Europako Batasunaren aurrekontuaren %40 bildu nahi du finantza tratuen zergaren eta balio erantsiaren gaineko zerga berriaren bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.