50 eguneko kalte-ordainarekin, espedientea onartu dute Daewoon

Langileen arabera, Jaurlaritzak Gasteizko lantokia ixteko baimena eman behar zuelako hartu dute erabaki hori

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Kalte-ordain handiagoak proposatu ditu zuzendaritzak, eta erregulazio espedientea onartu egin dute langileek. Hala, Daewook itxi egingo du Gasteizen duen lantegia. 147 langile geratuko dira kalean, eta lan egindako urte bakoitzeko 50 eguneko kalte-ordaina jasoko dute.

Azaroaren 3a baino lehen erabaki behar zuen Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak espedienteari oniritzia eman edo ez. «Baimenduegin behar zuela iragarri digu, eta, halabeharrez, guk ere onartu egin behar izan dugu», azaldu du Jose de Miguel langile batzordeko presidenteak. Bestela hogei eguneko kalte-ordainarekin geratzeko arriskua zuten. Langileek eta enpresak akordioa lortu dutenez, Jaurlaritzak ez du erabakirik hartu beharko. ELAk gogor kritikatu du haren jarrera. «Enpresak espedientea aurkeztu zuenean, adarjotze bat zela esan zuen. Negoziazio fasean guztiz aldatu zuen jarrera, eta, azkenean, espedientea onartzeraino iritsi da».

Langileen arabera, deslokalizazio kasu argia da Daewoorena. A motako hozkailuak egiten dituzte Gasteizko lantegian. Horiek, ordea, 2012ko ekainera arte soilik saldu ahal izango dira Europako Batasunean. Ordutik aurrera, energetikoki eraginkorragoak diren A+ eta AA+ motakoengatik ordezkatu beharko dira.

A motako tresnak dagoeneko gutxi saltzen direla esanez argudiatu du espedientea Daewook. Langileek hori gezurra dela diote, eskaerak badaudela eta proiektua errentagarria dela. Horrez gain, hozkailu berri bat egiten hasiko dela Daewoo gaineratu dute, baina Hego Korean egingo dutela. Aste honetan bertan kanpaldia egin dute langileek, Jaurlaritzari espedientea ez onartzeko eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.