Lan merkatua

5.100 langabe gutxiago urteko bigarren hiruhilekoan, Euskal Herrian

Langabezia tasa %10,8ra jaitsi da, baina Hego Euskal Herrian emakumeenak gora egin duela diote INEren datuek, %12,97ra arte.

Nafarroako Lanbide Zerbitzuko bulego bat. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2017ko uztailaren 27a
07:08
Entzun

Gaindegiak emandako datuena arabera, Euskal Herrian 158.300 lagun zeuden lanik gabe 2017ko bigarren hiruhilekoan, iazkoan baino 21.500 gutxiago.

Langabezia tasa ia-ia puntu eta erdi jaitsi da urtebetean eta, aspaldiko partez, %11tik behera dabil. Jadanik digitu batekoa da Ipar Euskal Herrian eta Gipuzkoan, batean zein bestean %8,1ra iritsi baita. Nafarroak %10,5eko langabezia tasa du, %12,5ekoa Bizkaiak eta %13koa Arabak.

Gaindegiak INE Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren azken inkesta hartu du abiapuntu Hego Euskal Herriko datuetarako. Horiek erakusten dute genero arteko arrakala handitu dela lan merkatuan. INEren arabera, apiriletik ekainera arte, 5.700 gizon gutxiago daude lanik gabe, baina emakumeen artean 1.100 gehiago dira. Ez da hiruhileko bateko kontua: duela urtebetetik hona, 19.400 jaitsi da langabezia gizonen artean, baina 1.500 besterik ez emakumeen artean. Are gehiago, 2016ko bigarren hiruhilekoan, gizon gehiago zeuden enplegurik gabe (85.300), emakumeen aldean (82.900); gaur egun, berriz, 15.500 gehiago dira emakumeak.

Enplegua dutenen artean ere ikusten da arrakala. Emakume gehiago daude orain lanean, urteko lehen hiruhilekoan baino (+4.100) eta duela urtebete baino (+4.000). Baina kopuru horiek txiki geratzen dira gizonen artean lan merkatuak izan duen hobekuntzaren aldean: 8.600 hiruhileko batean, eta 20.800 urtebetean.

INEk dio biztanleria aktiboaren jaitsiera eten egin dela udaberriko hilabeteetan. Negukoetan baino 7.900 lagun gehiago zenbatu ditu lan egiten edo lan egiteko asmoarekin. Horien artean, hori bai, gehiago dira emakumeak (5.100) gizonak baino (2.800).

Gipuzkoan soilik jaitsi da

Lurraldeei erreparatuz gero, oso datu harrigarriak eman ditu INEren inkestak. Izan ere, hark dio langabeziaren jaitsiera guztia Gipuzkoan gertatu dela, 8.100 langabe gutxiago baitaude han. Lanik gabekoen kopurua handitu egin omen da Araban (+1-600), Nafarroan (+1.500) eta Bizkaian (+300).

Duela urtebeteko datuekin alderatuz gero, sinesgarriagoak dirudite datuek: -8.200 Gipuzkoan, -6.100 Bizkaian, -6.600 Nafarroan eta -200 Araban.

Behingoz, INEk eta Eustatek antzeko langabe kopurua ematen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Eustatek joan den astean azaldu zuen 113.900 lagun daudela lanik gabe lurralde horietan; INEk 114.200 zenbatu ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.