Eskubide sozialen gutunean bilduta dauden sindikatuek eta gizarte taldeek joan den ekainean abiatu zuten herri ekinbide legegilea bultzatzeko kanpaina. Lau hilabete geroago, 51.000 herritarren sinadurak erroldatu dituzte gaur parlamentuaren egoitzan, Gasteizen. Legeak agindutako gutxieneko kopurua 10.000 sinadura dira.
DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta etxebizitza arautzen duten bi legeak "hobetzea", eta horietan jasotzen diren eskubideak "handitzea" da sustatzaileen helburua. "Ezetz esaten zaio pobreziari, eta baietz sistema sozial duin bati", azaldu du Bea Martxueta LABeko ordezkariak, legebiltzarraren sarreran. Bihar pobreziaren aurkako nazioarteko eguna da, eta zuzenean lotu dute ekinbidea borroka horrekin.
18/2008 diru sarrerak bermatzeko eta bazterketaren aurkako legean aldaketa esanguratsuak proposatu dituzte. Hasteko, dirulaguntza soziala jaso ahal izateko gutxieneko adina 23 urtetik hamazortzi urtera jaistea nahi dute, eta ordaina jaso aurretik beharrezkoak diren errolda urteak hiru urtetik batera murriztea.
DSBEaren kopuru ekonomikoak handitzeko eskaera dakar ekinbide legegileak, eta lanbide arteko gutxieneko soldatarekin duten lotura ez haustea. Hain zuzen ere, pertsona bakarreko elkarbizitza unitate batek hilero lanbide arteko gutxieneko soldataren %100 eskuratuko luke. Bi pertsona badira, %150, eta %200 hiru lagun edo gehiago badira.
Indarrean dagoen legearen arabera, %88 izan beharko litzateke kopuru hori pertsona bakar batentzako. Praktikan, azken urteotan egindako murrizketek eta erabaki politikoek gutxieneko soldataren erreferentzia ezabatu dute, eta uneotan soldata horren %75 inguru da DSBEa, hilero 644,5 euro.
Etxebizitzari dagokionez, 3/2005 legearen hainbat artikulu egokitzea aurreikusten du proiektuak. Alokairu sozialeko etxebizitza bat izateko eskubidea modu "eraginkorrean" bermatzea nahi dute. Hau da, eskubide hori ezin ordezkatzea laguntza ekonomiko batekin.
Tramitera onartzea, gutxienekoa
Lege aldaketa posible horiek 51.000 herritarren bultzada jaso dutela azpimarratu dute sustatzaileek, eta datu hori kontuan hartzea eskatu diete alderdiei. Izan ere, orain dela pare bat aste legebiltzarrak ez zuen tramitera onartu beste herri ekinbide legegile bat —eskola inklusiboaren aldekoa—.
"Ez dugu onartuko tramitera ez onartzea", ohartarazi du ELAko Mikel Novalek. Beharrezko sinadurak aurkeztuta, ganberan ordezkaritza duten talde politikoekin bilera egingo dute orain, edukia azaldu eta eztabaidatzea onar dezaten. "Erakundeetako arduradunek asko hitz egiten dute parte-hartzeari buruz, demokraziari buruz, eta orain badaukate praktikara eramateko aukera bat", zehaztu du Novalek.