Fiskalitatea

580 zordunek 270 milioi zor dizkiote Nafarroako Ogasunari

Ana Beltranen (PP) familiaren upeltegiak, Camilo Castilla upeltegiak, 925.500 euro zor dizkie nafarrei, iragan urtean baino 225.000 euro gehiago.

Ana Beltran Nafarroako PPko presidentea, Genovan, Madrilen. RODRIGO JIMENEZ / EFE
joxerra senar
2018ko maiatzaren 29a
16:46
Entzun

Gabriel Urralburu, Ana Beltranen upeltegia, Construcciones Juan Bautista Flores (kiebran), Belnature ur konpainia, Harinsa Navasfalt obra publikoko enpresa, Koxka Technologies... 580 zordunek osatutako zerrendan, izen esanguratsuetako batzuk dira horiek.

Gaur, Nafarroako Ogasuneko zuzendari Luis Esainek 125.000 eurotik gorako zorra duten zergadunen zerrenda eman du ezagutzera. Hain zuzen ere, iazkoarekin alderatuta, zorraren muga 250.000 eurotik 125.000 eurora jaitsi da (berritasun nagusietakoa da hori): guztira, 282 zordunek 250.000 euro arteko zorra lukete, eta beste 298k, kopuru horretatik gorakoa.

Esainen arabera, zerrenda hori aterako dela jakinarazteak ez du disuasio neurri gisa balio, nahiz eta helburu hori bilatu. Nahiz eta ordaintzeko hiru hilabeteko epea eman, gehienetan ez da zorra itzultzen, eta, ondorioz, zerrenda kaleratu egiten da. Zerrendaren kaleratzea foru lege batek babesten du, eta aurretik horren berri ematen zaie zordunei.

Ogasunarekin zorra bost urtean iraungitzen bada ere, zerrenda kaleratuta, epea urtebetez luzatzen da, eta ordaindu ezean hurrengo urtean kaleratuko denez, etengabe iraun dezake. Esainen arabera, batzuek fede txarrez jarduten badute ere, krisiaren gordintasunak edo enpresa jardueran "abileziarik ez izateak" eraman dezake enpresa bat edo haren kudeatzailea zor handia pilatzera.

Krisiaren eragina

580 zordunen artean, 126 pertsona fisiko daude, eta gainerako 454 elkarte juridikoak dira. Aipagarria da zordunen %42,8 higiezin edo eraikuntza sektoreari lotuta daudela, eta 133,5 milioi euro zor dizkiotela Ogasunari. Hartara, burbuilaren leherketak bete-betean eragin zion sektore horri.

Gainerako sektoreen artean honako hauek dira aipagarriak: ostalaritza (%8, eta 15,5 milioi euroko zorra); zerbitzu profesionalak (%7,6 eta 16,4 milioi euroko zorra); autogintza eta ibilgailu salmenten alorrak 14,6 milioi euroko zorra dute, eta elikagai zein banaketa sektoreak, 14,5 milioi eurokoa.

Izen aipagarriak

580 zordunen zerrendan denetariko kasuak aurki badaitezke ere, aipagarria da Ana Beltranen upeltegiaren kasua. PPko eledunak etengabe kritikatzen du gobernua, eta zerga erreformarekin herritarren poltsikoak eta enpresen kontuak zigortzea leporatzen dio. Haatik, Camilo Castilla upeltegiak ia milioi bat euroko zorra du Ogasunarekin (iaz 700.000 euro ingurukoa zuen).

Beste izen aipagarri bat Gabriel Urralburu presidente ohiarena da. Ustelkeriarekin erlazionatutako politikari sozialistak 426.747 euro zor ditu, baina iaztik %13 murriztea lortu du. Aitzitik, Denis Mentxov (373.672 euro) eta Vladimir Karpets (683.471 euro) txirrindulariek apenas jaitsi duten euren zorra.

Eraikuntza enpresen artean, behinola izen handiak izan ziren konpainiak daude, gehienak jada likidazio fasean. Dena den, zor handiak dituzte pilatuak, hala nola Azysa (1,9 milioi), Contrucciones Juan Bautista Flores (3,1 milioi), Construcciones Aldabea (4,1 milioi), Ecay Andueza (4,2 milioi euro), Arian (1,9 milioi) Harinsa Navasfalt (3,1 milioi euro)...

Azken hori, hain justu, Miguel Sanzen familiarekin erlazionatuta dago, eta hura presidente zeneko garaian hainbat obra publiko esanguratsu esleitu ziren haren alde. 2008an, Dico eta Obrum-ekin bat egin eta Dico taldea sortu zuten, baina krisiarekin harenak egin zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.