66 urte eta erdi, erretirorako adin berria

Hego Euskal Herrian, urte berriarekin, bi hilabete gehiagoz egin beharko da lan erretiroa hartu ahal izateko. 38 urtetik gora kotizatu dutenek 65 urterekin hartu ahal izango dute. Gizarte Segurantzan egindako kotizazioak handitu ditu azken erreformak.

pentsiodunak
Emakume batzuk pentsiodunen manifestazio batean, Donostian, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 30a
05:00
Entzun

Urterik ezin da hasi pentsio sisteman aldaketarik gertatu gabe. Biztanleria zahartzeak pentsio sistemak egokitzera bultzatzen ditu gobernuak eta parlamentuak, eta neurri gehienak bide batean doaz: erretiroa hartzeko adina atzeratzeko bidean. Hala gertatuko da 2024an ere. Hego Euskal Herrian beste bi hilabetez egin beharko dute lan erretiroa hartu nahi dutenek, eta hiru hilabetez, berriz, Ipar Euskal Herrian.

Baina lan bizitza luzatzea ez da pentsio sistema orekatzeko bide bakarra. Sisteman diru gehiago ere jar daiteke, eta hala egiten du aurten Espainiako Gorteek onartutako erreformak. Langileek eta haien enplegatzaileek Gizarte Segurantzari gehiago kotizatuko diote asteartetik aurrera, eta ekarpen handiagoa egin beharko dute soldata handia dutenek.

Erretiroaren adina

2011ko erreformak erretiroaren adina 65 urtetik 67 urtera atzeratzeko prozesua abiatu zuen. Progresiboki egiten ari da: bi hilabete gehiago urte bakoitzeko. Horrela, 2023an 66 urte eta lau hilabete behar izan dira erretiroa hartu ahal izateko, eta 66 urte eta sei hilabete izango dira 2024an. Prozesua 2027an bukatuko da, eta orduan 67 urte izango da erretiroaren adina.

Baina arau horrek salbuespen handi bat dauka: erretiroa 65 urtetan hartu ahal izango dute lan bizitza luzea izan dutenek. Hala ere, haiei ere baldintzak gogortuko dizkiete; urtarrilaren 1etik aurrera, gutxienez 38 urte izan beharko dituzte kotizatuta pentsioa osorik hartu nahi badute. 2027tik aurrera, 38 urte eta erdi izango dira.

Erretiro aurreratua

Azken erreformen helburua erretiroaren adina atzeratzea izan da, pentsioetara bideratutako gastuaren igoera txikitzeko. Moldaketek ez dute debekatu erretiro aurreratua, baina urratsez urrats gogortzen ari dira horretaz baliatzeko bete beharreko baldintzak. 2024tik aurrera, beste bi hilabetez egin beharko dute lan: 64 urte eta erdi beren borondatez hartu badute erretiroa, eta 62 urte eta erdi kaleratze baten ondorioz hartzen badute.

Adin horiek urte eta erdi aurrera ditzakete (63 eta 61 urte, hurrenez hurren) 38 urte baino gehiago kotizatu dutenek. Hori bai, erretiroa aurreratu dutenek pentsio txikiagoa eskuratuko dute.

Erretiro partziala

Sei hilabete atzeratuko da erretiro partziala baliatzeko gutxieneko adina: 62 urte eta erdi izan beharko dituzte beren lanaldia errelebo kontratu baten bitartez laburtu nahi dutenek, eta gutxienez 36 urte izan beharko dituzte kotizatuta (sei hilabete gehiago). Industriako langileek soilik dute aukera hori.

67.000

Hego Euskal Herrian 650.000 pentsiodun inguru daude, eta horietatik 67.000k bi pentsio jasotzen dituzte; kasu gehienetan, beren pentsio propioa alargun pentsioarekin batera eskuratzen dute. Gehienak (55.000) emakumeak dira.

 

Pentsioaren kalkulua

Pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko sistema aldatu egin zuen 2011ko erreformak, PSOEk CiUrekin onartutako hark: kotizatutako azken hamabost urteak (edo horiei dagozkien hilabeteak) kontuan hartu beharrean, epea 25 urtera igo zuten 2022ko urtarrilaren 1erako. Epe hori luzatu egingo du aurreko legealdian Espainiako Gobernuak eta sindikatu nagusiek hitzartutako erreformak, baina oraindik ez. Haren bidez, 2027. urtetik aurrera bi aukeren artean hautatu beharko dute langileek: kotizatutako azken 25 urteetako kotizazioak hartu beharko dituzte erreferentziatzat, edo azken 29 urteetatik 27 urterik onenak. 2044. urtetik aurrera soilik azken sistema hori izango da indarrean.

Pentsioen eguneratzea

Pentsioak, orokorrean, %3,8 handituko dira, hori izan baita Espainiako batez besteko inflazioa 2022ko abendutik 2023ko azaro arte. Hego Euskal Herrian batez besteko pentsioa 1.463 eurokoa da —abenduaren 1eko datua—, eta, 55 euro handituko da. Erretiro pentsioen batez bestekoak 1.700 eurokoa gaindituko du, baina alargunenak ez dira 1.100 eurora iritsiko.

Gutxieneko pentsioak %3,8tik gora handituko dira, helburua baita 2027rako pobreziaren maila ofizialetik gora geratzea. Igoera handienak (%14) familia beren kargu duten alargunen pentsioak izango dira: gutxienez 14.446 euro jasoko dituzte, edo hamalau ordainketako 1.033 euro.

Maila horretara iritsiko da gaur egun gehien banatzen den pentsioa: 65 urtetik gorako erretiratu batena, ezkontidea bere kargu duena: aurten baino %6,9 gehiago izango da. Ezkontiderik ez dutenen edo beren kargu ez dutenen gutxieneko pentsioak %5,3 handituko dira: 815 euro 65 urtetik gorakoak badira, eta 772 euro iritsi ez badira.

Hego Euskal Herrian 80.000 pentsiodunek jasotzen dituzte gutxieneko pentsioak, pentsiodun guztien %12k —Espainian, halako bi dira—, eta lautik hiru emakumeak dira. Emakume pentsiodunen %19k dituzte gutxieneko pentsioak, baina gizonezkoen %6k baino gutxiagok.

Gizarte Segurantzaren pentsio bat jasotzeko, gutxienez hamabost urte eduki behar dira kotizatuta. Epe horretara iritsi ez direnek kontribuziorik gabeko pentsioa jasotzen dute. Hegoaldean,16.500 inguru dira, eta haien saria %6,9 handituko da, 520 euroraino.

Osagarria amentzat

2016an, PP boterean zela, Espainiako Gobernuak pentsioan osagarri bat sortu zuen, seme-alabak zaintzeko ordainpeko lana utzi zuten amak konpentsatzeko. Genero arrakalaren aurkako osagarria deitutakoa indargabetu zuen Europako Auzitegiak 2019. urtean, sexuaren arabera diskriminatzen zuelako. Legea egokitu zuen Madrilek 2021. urtean, eta zenbait aldaketa egin zituen.

Gaur egun, aitek ere eskatu ahal izango dute, zaintzagatik haien kotizazioak jaitsi badira, baina gurasoetako bakar batek eskuratu ahal izango du. Bi gurasoetako bakar batek ezin badu frogatu haren kotizazioa jaitsi egin dela, amari emango diote automatikoki. Gurasoak bi emakume edo bi gizon baldin badira, pentsio txikiena daukanak eskuratuko du.

Gainera, lehen haurre izan dutenetik lortzen dute osagarri hori jasotzeko eskubidea, eta ez bigarrenetik aurrera, legearen lehen bertsioan bezala.

Pentsioen osagarri hori %13,8 handituko da —inflazioa gehi %10—: seme edo alaba bakoitzeko hilean 35 euro izango dira, lau seme-alabaren mugarekin.

Hego Euskal Herrian, 40.000 lagunek eskuratzen dute.

Autonomoen kotizazioak

Urte berriaren aldaketa esanguratsuenak langile autonomoen Gizarte Segurantzako kotizazioetan gertatuko da. 2023ko urtarrilean jarri zen indarrean sistema berria, autonomoek beren benetako diru sarreren arabera kotizatu dezaten eta ez, lehen bezala, aukeratzen zutenaren arabera.

Erreforma pausoka egiten ari dira: gero eta gutxiago ordainduko dute irabazi apalak dituztenek, eta gero eta gehiago irabazi handiak dituztenek. Horrela, hilean 670 eurotik beherako sarrerak dituztenek 225 euro emango dizkiote Gizarte Segurantzari, aurten baino bost euro gutxiago. 670 euro ea 900 euro artekoen kuota, berriz, hamar euro txikituko da.

Hamar euro gehiago kotizatu beharko dituzte 1.700 eurotik hasi eta 4.050 euroraino kobratzen dutenek. Piramidean goian daudenek, 6.000 eurotik gorako sarrerak dituztenek, 530 euroko kotizazioa egin beharko dute, 2023an baino 30 euro gehiago.

Negozioa irekitzen dutenek 80 euroko kuota murriztua izango dute —2023 arte 60 euro izan ziren—, baina bigarren urtean, tarifa lau horri eutsiko badiote, SMI gutxieneko soldata baino gutxiago patrikaratu beharko dute.

Soldatapekoen kotizazioak

Autonomoenak ez ezik, soldatapeko langileenak ere handituko dira, horiek ere neurri desberdinetan. Hasteko, pentsioen gastuari aurre egiteko, belaunaldien arteko ekitate tresna izenekoa ezarri zuen pentsioen azken erreformak, Jose Luis Escrivarenak. Horren bitartez, 2023an %0,6 handitu ziren soldata guztien kotizazioak: %0,5 enpresak egindakoek eta %0,1 langileek egindakoek. 2024an, beste koska bat handituko da, %0,7: %0,58 enpresek jarrita, eta %0,12 langileek. Beste aldaketarik ez badago, 2029an amaituko dira igoerak, %1,2 handitzen direnean: %1 enpresek, %0,20 langileek.

Gizarte Segurantzaren defizita estaltzeko beste neurri bat da soldata handiak dituztenen kotizazioak inflazioaren gainetik handitzea: 2050 arte, batez besteko inflazioa gehi 1,2 puntu handituko dira. Gaur egun, gehienez 4.495 euro kotizatu ditzakete hilean, baina urtarriletik aurrera 4.720 euro izango dira.

 

Iparraldean, 1962-koen txanda

2024ko urtarrilaren 1a baino gehiago, 2023ko irailaren 1a izan da garrantzitsua pentsioei dagokienez. Izan ere, duela lau hilabete jarri zen indarrean azken erreforma, azken urteetan kalean gehien arbuiatutakoa. Erreforma horren gakoetako bat da erretretara joateko adina gibeleratu egingo dela 62 urtetik 64 urtera. 2030ra arte urte bakoitzeko, hiru hilabete.

 Datorren urtean batez ere 1962an jaiotakoei iritsiko zaie erretretaren garaia, eta 62 urte eta sei hilabete bete arte itxaron beharko dute.

 Pentsioa osorik jaso nahi badute, 169 hiruhileko kotizatuta eduki beharko dituzte, hau da, 42 urte eta hiru hilabete. 43 urteko kotizazioa beharko dute 1965. urtetik aurrera jaiotakoek.

Eguneratzeari dagokionez, erregimen orokorrean oinarrizko pentsioa %5,3 emendatuko da urte berriarekin, horixe izan baita batez besteko inflazioa Frantzian. Otsailaren 9an jasoko dute pentsiodunek.

Pentsio horri osagarria batu behar zaio; sektore pribatuko langileena, Agirc-Arrco kutxak emandakoa, %4,9 handitu zen azaroaren 1ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.